2022ko ekainaren 7an, Directa-k serie luze bateko lehen polizia infiltratuaren kasua argitaratu zuen. Martxoaren 5ean, Belen Hammad fikziozko izena erreta geratu zen, polizia-argotean dioten bezala. Jada hamar dira Directa, El Salto eta El Diario-k azken hiru urteetan argitara ateratako infiltratuak. Horiek guztiak sartu dira ezkerreko aktibismo politikoan, mugimendu sozialetan eta independentismo katalanean, espiatzeko. Inork ez zuen eragin atxiloketarik edo auzi judizialik. Barne Ministerioak Parlamentuko galderei erantzunez aitortu zuen inteligentzia-agenteak zirela –ez ezkutuko agenteak, zeintzuek lege marko bat duten–, Informazioko komisario nagusiaren agindupean, azken batean PSOEko ministro Fernando Grande-Marlaskak kontrolatuta.
Orain arte espiatutako eragileen zerrendan daude bai ikasle sindikatuak, bai Palestinaren eta indarkeriarik ezaren aldeko taldeak, bai auzo-elkarteak. Azken finean, Poliziako funtzionarioak ari dira espiatzen Espainiako Konstituzioaren arabera askatasunez elkartzeko, biltzeko eta manifestatzeko eskubidea duten espazioak. Errepikatzen ari diren eskandalu hauek argitaratutakoan, deigarria da nola estali duten kasu bakoitza Estatuko Fiskaltza Nagusiak eta botere judizialak: aurkeztutako kereiletako bat ere ez da izapidetzeko onartu.
Zigorgabetasun sakrosantua dute "dena" Espainiaren alde egiten dutenek, Eugenio Pino CNPko zuzendari laguntzaile ohiak parlamentuan adierazi zuen bezala
Espainiako Justiziak legezkotzat jotzen du aktibistaz mozorrotutako poliziak mota guztietako eragile politiko eta sozialen egoitzetara sartzea, NAN faltsuen bidez konfiantzazko harremanak eraikitzea abokatuen bulegoetara sartzeko, lokaletako giltzak eta posta elektronikoko pasahitzak izateko, gutunak eta postontziak irekitzeko, eta are lankideen ohean sartzeko ere, helburutzat izanda Grande-Marlaskaren inteligentzia-txostenetarako datuak biltzea. Hori guztia, ustez, Sekretu Ofizialen Legearen babesean: frankismoak utzitako oztopoa, Moncloako apopiloek urtez urte laztantzen dutena arbuiatu gabe. Ez zuen indargabetu Mariano Rajoyk, eta ez du indargabetuko Pedro Sánchezek, nahiz eta “demokrazia eraberritzeko” plana iragarri.
Lehen kasua Katalunian lehertu eta bi urtera, zalapartaka estreinatu dute Arantxa Echevarríaren La Infiltrada filma. Duela urte batzuetatik gidoi bat zuten eginda, lozorroan, baina dena bizkortu zen 2023ko urtarril amaieran, María Luisa Gutiérrez ekoizleak (Bowfinger International Pictures) proiektua bere gain hartu zuenean. Goya saria jasotzean, estatuatxoa Polizia Nazionalari eta terrorismoaren biktimei eskaini zien. Ez zuen aipamenik egin hamabost egun lehenago TV3n eman zuten Infiltrats dokumentalari buruz. Duela 30 urte Aranzazu Berradre infiltratuak lagundu zuen ETAren Donosti komandoko kideak atxilotzen; eta duela 30 urteko gertakari horiekin eraiki nahi dute kezko hesi bat oraingo errealitatearen gainean, non eskubide ugari urratzen diren eta dozenaka pertsonari zauri psikologiko larriak eragiten zaizkien.
ETA amaitu arren, infiltratuak mantendu egin dira independentismoan eta mugimendu sozialetan, PPren edo PSOEren gobernupean. Azalpen ofizialik ez emateak egiten duen zarata; gertaerak ikertzeari uko egitea; eragindako mina zalantzan jartzea eta hutsaltzea. Horrek guztiak beti puntu berera garamatza: zigorgabetasun sakrosantua dute "dena" Espainiaren alde egiten dutenek, Eugenio Pino CNPko zuzendari laguntzaile ohiak parlamentuan adierazi zuen bezala. Izan ere, GALen espirituak bizirik jarraitzen du nolabait, beti dago babestu beharreko ondasun handiago bat, zuzenbide estatua zapaltzea justifikatzen duena.