argia.eus
INPRIMATU
Benetako ninjek ez dute misteriorik
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2025eko martxoaren 19a
Argazkia: Uragawa Kunisada
Argazkia: Uragawa Kunisada

Japonia, XV. mendea. Espioitzan eta hilketa ezkutuetan espezializatutako eliteko talde militarra sortu zen. Edo horixe uste du behintzat Stephen Turnbull historialari britainiarrak. Beste aditu batzuen ustez, askoz lehenago sortu ziren ninjak, duela 2.300-2.500 urte inguru. Eta beste batzuek uste dute Heian Aroan (794-1185) hedatu zela ninjutsua, ninjek erabiltzen zituzten trebetasunen eta taktiken multzoa.

Azken hipotesi horren arabera, ninjak samuraiekin batera sortu ziren, IX. mende inguruan. 1868an errejimen feudalaren gainbehera arte, samuraien kasta Japoniako piramide sozialaren gailurrean egon zen. Eta ninjak samuraiak ziren; samurai ejertzitoaren barruko unitate espezializatua.

Nagusiki espioitza eta infiltrazio lanetan aritzen ziren. Ia beti itzalean aritzen ziren eta horrek misterioz eta liluraz inguratu ditu ninjak. Beltzez jantzita eta aurpegia estalita irudikatu dituzte, eta ahalmen magikoak erantsi dizkiete: ikusezinak izatea, uraren gainean ibiltzea, hegan egitea… Baina Daimyoa hiltzeko gazteluaren hormak ia hegan igotzen zituen gudari maskaratuaren arketipoa mito hutsa da.

Ninjak monjez, eskalez, nekazariz jazten ziren. Pertsona arruntez, alegia, hori baita jende artean nahasteko eta susmorik piztu gabe mugitzeko modurik eraginkorrena

Gehienetan ninjen lana informazioa biltzera, sabotaje ekintzaren bat egitera, zurrumurruak zabaltzera edo etsaiaren mugimenduak zaintzera mugatzen zen. Eta horretarako monjez, eskalez, nekazariz jazten ziren. Pertsona arruntez, alegia, hori baita jende artean nahasteko eta susmorik piztu gabe mugitzeko modurik eraginkorrena. Izar formako jaurtigailuak eta bestelako arma deigarriak erabiltzen irudikatu ditugu, baina arma praktiko, soil eta ez-nabarmenak hobesten zituzten, maiz laborantzako lanabesak egokituta. Ninjen benetako trebezia ingurura egokitzean zetzan.

Orain arte ninja hitza aipatu arren, japonieraz eliteko talde honi shinobi-no-mono (edo, besterik gabe, shinobi) esan izan zaio beti. Hitz hori lau kanji edo zienuk osatzen dute eta horietako bi irakurrita sortzen da ninja hitza. Mendebaldekoontzat ninja ahoskatzea errazagoa omen delako zabaldu da hitz hori.

Japoniak mendetan isolamendua bultzatu zuen eta Aro Garaikidean, nagusiki Bigarren Mundu Gerraren ondoren zabaldu zen mundura haien kultura. Eta Mendebaldeak, ohi duen moduan, nahi bezala moldatu zuen elementu askoren izena. Eta izana.