Sare sozialetan badira zenbait pertsona eragin gaitasun handikoak. Jarraitzaile ugari dute, eta euren iritziak egiatzat hartzen dira. Askok, ordea, egia barik, interes propioa edo klase baten interesak iraunkortzea bilatzen dute. Ameriketan komentokrata deitzen zaie. Alegia, eremu digitalean iruzkinen bidez errealitatea euren komenentziara manipulatzen, desitxuratzen eta moldatzen bizimodua irabazten dakien elitea. Lan horretan dihardutenek Interneteko plataforma masiboa dute lan eremu, eta euren egitekoa da gutxi batzuei komeni zaien errealitatea sortzea; euren burua libretzat duten morroiak dira. Berba ez da berria, baina nik orain dela gutxi ezagutu dut. Espainieraz hitz egiten duten Ameriketako herrietan aspaldi erabiltzen den hitza da. Munduko beste toki askotan bezala, han ere Internet da pertsona askoren informazio eta ezagutza iturri nagusia. Komentokratak izan ohi dira informatuta dauden itxura eman nahi duten pertsonak, baina berdin die esaten dutena egia den edo ez. Haien iritzia aintzat hartzea bilatzen dute, eragin esparrua eta boterea handitzeko, horrek ematen dielako darabiltzaten plataformetan sortzen dituzten edukiak monetizatzeko aukera, eta eragiten ari diren botere politikoen eremuetan bezero berriak aurkitzeko ahalmena handitu dezakete.
Komentokratek ez dute zorroztasuna bilatzen, emozioetatik tiratzen dute, ez dira besteen ikuspuntuetara irekitzen, ikasi dutelako beren lana errentagarri bihurtzen polaritatean eta algoritmoen menpean. Egun, badakite pertsona askoren arreta plataformetan dagoela, eta edukiak kontsumitzeko modu berriek, berehalakotasunera lotuak, ez dietela tarterik uzten kontrasterako eta hausnarketarako. Horregatik, sorturiko desinformazioaren aurrean inolako aitortzarik gabe, berri bat beste batekin kateatzen dute, errealitatearen ikuspegi lerratua sortuz.
Jokabide berriei izena jartzea interesgarria da, bizi dugun errealitatea hobeto ulertu dezagun.