Unibertsitateko ikasleen artean, maiz topatzen ditugu beste lurraldetakoak ere, bereziki gradu ondorengo ikasketetan. Topaketa horiek badira errealitate berriak ezagutzeko bide, baita besteak entzun eta besteez ikasteko parada ere. Garapenerako lankidetzari loturiko gaiak izan ohi ditut hizpide graduondoko batean, eta Kubako lankidetzaren inguruko gogoeta egiteko aukera izan dugu bertako ikasle batekin. Kubarena kasu bitxia da lankidetzari dagokionean (ere), laguntzaren hartzaile izateaz gain, emaile ere badelako (Garapenerako Laguntza Batzordeak emaile gisa onartzen ez duen arren). AEBen aldetik blokeo ekonomikoa jasaten badu ere, paradoxikoki, beste hainbat lurraldetan lankidetza ekimenak martxan jarri izan ditu azken hamarkadotan, bereziki osasun eta hezkuntza sektoreetan.
Aitzitik, azken asteotan, Nazioarteko Garapen Agentziarik nagusienetakoa den USAIDen deuseztapena iragarri duten berriak heldu zaizkigu Trump presidentearen administraziotik; “agentziaren heriotza” heldu dela ere iritzi du Musk ultra aberatsak. Irrigarri bezain beldurgarria den tonu eta erregistroari jarraiki, eskuin muturrak planotik at daramatza giza eskubideak, baita demokrazia bera ere. Lehen lerro eta bakarrera dakartza nazioarteko harremanetan errege diren logikak, enpresa handienak, hain zuzen ere. Lotsarik gabe plazaratu dute Palestinako genozidioaren gainean eraiki nahi den Riviera eremu turistikoa, ziurrenik ere, nazioarteko elite aberatsarentzat. Diskurtso horiek guztiak ez dira berriak, baina zinez etsigarria da nazioarteko komunitatetik ikusten ari garen isiltasuna; bereziki iparraldeko erakundeetatik.
Nazioartean aberastasuna birbanatzeko zerga-sistema bidezkoagoa ezarri ezean, nazioarteko lankidetza dugu horretarako tresna bakanetako bat. Ez akatsik gabea, baina ia bakarra
Garapenerako lankidetzak izandako hamarkadetako ibilbidearen ostean, bada zertan hausnartu. Beste hainbaten artean, pobrezien erroetan dauden giltzarrietan baino, ondorioetan enfokatutako jarduerak egitea leporatu izan zaio, baita Mendebaldeko balioak eta garapena ulertzeko modua inposatzea ere, askotan, tokiko ohiturak zapuztuta. Eta ezin uka, hainbeste urteren ostean, desparekotasunak ez direla gutxitu, areagotu baizik. Horiek guztiak bestelako arrazoien ondorio ere badirela dakigun arren, laguntzaren unadura deitu izan zaion sentipena ere sortu izan da.
Kritikak kritika, eta lankidetzak hobetzeko marjina duela sinetsita ere, bere errebindikazioaren garrantzia azpimarratzea ezinbestekoa dela uste dut. Eskuinak, eta geroz eta modu lotsagabeagoan eskuin muturrak, behin eta berriro planteatzen duten ereduak porrot egin du. Merkatuak ez du autoerregulazio gaitasunik, esku ikusezina bailitzan. Nazioartean aberastasuna birbanatzeko zerga-sistema bidezkoagoa ezarri ezean, nazioarteko lankidetza dugu horretarako tresna bakanetako bat. Ez akatsik gabea, baina ia bakarra.
Kezkaz bizi dut horrek guztiak bestelako lankidetza agentzia, erakunde eta egituretan izan dezakeen eragina. Sentipena dut, eskuina globalki batzeaz gain, ideologikoki hartzen ari den espazio fisiko eta digitala geroz eta handiagoa dena. Botere erakustaldi horri aurre egitea zaila ikusten badugu ere, ideologia gizatiarrago eta justuago baten aldeko aldarria herritik sortuko den itxaropena dut. Herritik, eta herriarentzat. Ezin baitira ahaztu gure herri txiki honetan ere lau hamarkada luzez eraikitako elkarlan sare sendoak. Garapenerako lankidetza dirutan kalkulatu ohi diren laguntza fluxuak baino gehiago da; lankidetza, zubia, sarea, hurkoarekiko zaintza eta bizitzarekiko eta lurrarekiko erantzukizun partekatua ere bai baita.