2024: deskolonizaziorako aukera oro sinesgaitz bihurtu zuen urtea

  • Urte bat beteko da laster Pazifikoko Kanaky herriko matxinada eta estatu-errepresiotik. Maiatzaren 14an gogortu zen giroa, kanaken bizian –baita deskolonizazio prozesuan ere– eraginen lukeen lege proiektu bat bozkatu zutelako Paristik. Hamar hilabete pasa direla, zertan da Frantziaren menpe segitzen duen artxipelagoko giroa? Esperantzarik badea, 1980. hamarkadako giro odoltsuan bezala berriz ere hildakoak, preso sartuak eta Poliziak jazarturikoak dituzten honetan? Azken bost urteetan ez bezala, badirudi elkarrizketa eta entzuketa jarrera batean dela Frantziako Gobernua.  Zer espero daiteke bapateko aldaketa horretatik? Fidatu daitezke kolonizatuak?

Iazko maiatzaren 14an piztu ziren matxinadak, Pariseren inposaketek eta egoera sozioekonomiko kaskarrak horretara bultzaturik. Erantzun gisa, errepresio bortitza bideratu zien Frantziako Gobernuak.Théo Rouby
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Esperantzarik ez ukaitea baino beltzagoa da beraiena: ez dute ezer jakin nahi. 40 urte pasa dituzte elkarrizketaren bidean eta nahikoa dute. Argi dute: Kanaky independentea orain eta baldintzarik gabe!”. Hori dio Mediapart-en lan egiten duen Ellen Salvi kazetariak. Azken aldikoz, iazko urte bukaeran egon zen Salvi Frantziaren menpe segitzen duen Kanaky herrian, hain justu, iazko maiatzean artxipelagoa bortizki inarrosi zuten matxinaden eta estatu-errepresioaren biharamunak bertatik eta bertakoen bizipenetatik sentitzeko. 2024 urtea dramatikoa izan da artxipelagoan, eta 1980. hamarkadan goia jo zuen giro errepresibo eta koloniala berriz bizitu behar izan dute kanakek, zaharrenei iraganeko traumak berpiztuta eta gazteenek gorputzean sentituta orain arte arbasoen kontakizunetan kabitzen zen indarkeria basa. Kazetariak ez badaki ere azken asteetan elkarrizketa berriz abiatu izanak itxaropena berpiztu ote duen, ilusio handirik ez du senditu bertakoekin ukandako azken trukaketetan.

Baina, oraingoz, erran daiteke dosierra kudeatzeko ardura duen Manuel Valls Itsasoz Haraindiko ministro berria entzunketa jarrerarekin hurbildu zaiela, eta hori txalotu egin du FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakak. Azken urteetan jarrera aldaketa bideratu dutelako Paristik, argiki loialisten –independentziaren aurkakoen– aldean kokatuta. Horrela aztertu du azken urteetako jarrera Benoît Trépied antropologoak: "Emmanuel Macronen eta bere Itsasoz Haraindiko ministro izandako Sébastien Lecornuren eta Gérard Darmaninen jarrerari amaiera eman dio Manuel Vallsek. 2020ko urrian egin zen bigarren autodeterminaziorako erreferendumaren biharamunean denek argi ikusi zuten artxipelagoan independentzia eskuragarri zeukatela. Horregatik Frantziako Estatua bere neutralitatetik ateratzeko erabakia hartu zuten gizon horiek, loialistekin aliatzeko gisan".

Azken urteetan hiru erabaki esanguratsuk dute Frantziaren lerrokatze hori argira ekarri. Bata, hirugarren erreferenduma 2021eko abenduan antolatu izana, hots, COVID19aren testuinguruan, nahiz eta kanakek horrelakorik ez zuten nahi, hildakoen dolu garaia eta babes neurriak errespetatzeko. 2022ko irailera atzeratzea galdetu zuten alderdi independentistek, baina ez zitzaien eskaera kontuan hartu. Alderdi independentistek ez parte-hartzeko deia luzaturik, %56koa izan zen abstentzioa eta hori horrela, %96,5ak zuen independentziaren kontra egin. Alde handia egon zen, aitzineko erreferendumetatik: 2018an %19koa izan zen abstentzioa eta ezetzak %56,6 jaso zuen, eta 2020an, %14,3koa izan zen abstentzioa eta independentziaren kontrako botoak %53 bildu zuen–. Orduz geroztik, deskolonizazioari buruzko Numeako Akordioak finkatu hiru erreferendumak bideratuak direla diote loialistek, autodeterminaziorako aukera orori bidea mozteko gisan. Nola ez, kanakek diote hirugarren galdeketaren emaitza ez dela errepresentatiboa.

Independentziarik ez izatearen kexuari gehitu zitzaizkien etxerik, lanik edota jakirik ez ukateak ondorioztatu kexuak

Bestetik, independentziaren aurkari sutsua den Sonia Backès loialista gobernura sarrarazi zuen 2022ko udan Macronek, herritartasunerako estatu-idazkari gisa. Kolpe eta mespretxu latza izan zen independentistentzat. Azkenik, hauteskunde erroldaren moldaketa dakarren lege-proiektua dago. Gainditzea dakarren ur tantaren gisa, horrek zituen iazko maiatzeko matxinadak piztu.

Matignoneko eta Numeako akordioen ondorengo barealdi hauskorra

Alta, azken 30 urteetan giro lasaiagoa zuten artxipelagoan. 1980. hamarkadan gerra zibilaren itxura hartua zuen gatazkari bukaera eman nahian, izenpetu zituzten erreferentziazko izaten segitzen duten bi hitzarmen: 1988ko ekainaren 26an Matignoneko Akordioa eta handik hamar urtera, 1998ko maiatzaren 5eko Numeako Akordioa. Deskolonizazio prozesua gauzatzeko bide-orria dakarte, autodeterminazioari buruzko erreferendumen antolaketa finkaturik. Horregatik, "Historian atzera-pauso" gisa oroitzen dute guztiek 2024. urtea.

Orotara, iazko maiatzaz geroztik hamaika kanak hil dituzte poliziek edota herritar loialisten miliziek –bi jendarmeek ere dute bizia galdu– eta dozenaka dituzte kolpatu edota preso sartu –batzuk 16.000 kilometrora diren metropoliko presondegietan–. Orotara, 1.520 lagunez gora atxilotu zituzten maiatzaren 14tik uztaila bitartean. Militarrak bidali zituzten eta maiatzaren 16tik 28ra iraun zuen larrialdi-egoerak. Etxeratze-agindua, berriz, abendura arte inposatu zitzaien. Tiktok sare soziala ere debekatu zitzaien.

2023ko azaroan egituraturiko CCAT Terrenoko Ekintzen Koordinaziorako Taldearekin bat eginez, manifestazioak zein bide blokeoak errepikatu zituzten ezker-eskuin. Modu autonomoan, batzuek ekintzak gogortu zituzten maiatzaren 14tik aitzina, sabotajeak, dendetan lapurretak eta bestelako ekintza zuzenak gehituta. Independentzia helburu, sindikatu, alderdi eta kolektiboen artean osaturiko CCAT koordinazioa Paristik zetorren lege proiektuari bidea mozteko antolatu zen.

Argazkia: Théo Rouby

Kanakyko hauteskunde errolda moldatzearen alde bozkatu zutelako Paristik diputatuek eta senatuek, hain justu, Numeako Akordioek zekartenari bukaera emanik. Orain arte, 1998 urtean erroldaturikoek eta beraien ondorengoek bozkatu dezakete tokiko hauteskundeetan, baina lege moldaketak dakar azken hamar urteetan bertan bizi direnentzako bozka eskubidea. Emaitzetan eraginen luke, kanaken pisua proportzionalki ttipituz –hots, independentisten ahotsa gutxituta, dela tokiko instituzioetan zein etorri daitekeen autodeterminazioari buruzko erreferendumean–. Militarki erantzutera zihoala, horrela laburbildu zuen zegoena Lehen ministro ohi Gérard Darmaninek: "CCAT mafia da, bortizkeria zabaldu nahi duena". Azkenean, sute, gas negar eragile, tiro, sabotaje eta sarekaden artean zirela, atzera egin zuen iazko urriaren 1ean Parisek, "lurralde honek bizi duen krisiaren erdian eta alderdien arteko elkarrizketa lasaitasunean berriz abiarazteko asmoz".

CCATko bozeramaile Christian Tein preso daukate, Mulhousen (Frantzia metropolian). Ekainaren 19an atxilotu zuten, beste hamar aktibistarekin batera, eta Numeako jendarmerian 96 orduz galdekatu ondoan, nehor agurtu gabe, zuzenean hegazkin batean sartu eta hegaldi osoa eskuburdinak jantzita pasa ondoren sartu zuten 16.000 kilometrotara degoen presondegian. Auzirik ez da izan oraindik, eta preso segitzen du, metropolian isolaturiko beste zazpi independentisten gisara. Urtarrilaren 28an, baina, jaso zuten albiste ona: Kasazio Gorteak onartu du afera Numeatik Parisera bidaltzea, Numeako auzitegiak ez zuelakoan Justiziaren independentzia eta inpartzialtasuna bermatzen. Ondokoa du xede François Roux abokatuak: "Espero dezagun 2024ko maiatzeko gertaeren benetako izaera ulertzea magistratuek. Kaledoniak duen arazo bakarra independentzia ezarena da. Artxipelagoaren historiari begiratzerakoan begi-bistakoa da guztiaren errepikapena. Historia errepikatzeari utzi eta dagoenari begiratu behar diogu: kolonizaturiko herritarren independentzia gosea, eta Nazio Batuek behin eta berriz galdeturiko kolonizazioaren bukaera". Herri kolonizatua delako Kanaky, eta autodeterminazio ezak dakarren zapalketa eguneroko ogi dutelako.

"Zuriak autoz, kanakak oinez"

"Ezberdintasun sozialak begi-bistakoak dira, bereziki Numean [hiriburuan]. Tontor batera igo, hiriari begiratu eta agerian duzu: iparreko kartierretan squatt-ak dituzu, txabolak eta hegoko kartierretan etxe ederrak, piszinarekin. Are agerikoagoa da komunitateka zatitua izanik: zuriak aberatsak eta kanakak pobreak. Zuriak autoz dabiltza eta kanakak oinez. Nabarmena da. Jendeztatze-kolonia bat izanik, Europatik etorritakoei abantaila fiskalak bideratzen zaizkie bertan kokatu daitezen, baina lekukoek, auzo popularretan ala tributan direnek, ez dute sosik, ez dago sosik beraientzat”, dio Mediapart-eko kazetariak.

Manuel Vallsen deiari erantzunda, elkarrizketan segituko dutela jakinarazi dute loialistek zein independentistek

Parisek bideratu nahi zuen lege aldaketa testuinguru horretan zegoen, eta guztien kexuak batu ziren CCATren ekintzetan eta inguruko sabotajeetan. Independentziarik ez izatearen kexuari gehitu zitzaizkien etxerik, lanik edota jakirik ez ukaiteak ondorioztatu kexuak. Denak ez ziren independentziaren alde karrikan, baina denak ziren herri kolonizatu izateak dakarrenagatik karrikan.
Estatistikek ere azaleratzen dituzte komunitateen araberako diskriminazioak. Kanaka da pobrezian direnen %70a; kanaken %20 langabezian da –artxipelagoan %12koa delarik langabezia tasa–; eta lana ukanik ere, gutxien ordainduriko enpleguetan dabil kanaken %80. Pobrezia bizian dira, eta ondoko auzoan dituzte jatorriz nagusiki Frantziatik etorritakoak, aberats eta pribilegiodun. "Zapalkuntza harreman handia" dagoela dio Mediapart-eko kazetariak, eta orain "mendeku gosea" areagotu dela dio. Gogoan du nolatan enpresaburu zuri batek ondokoa partekatu zion azaroan: "Lan eske etorriko zaizkit [kanakak], baina ez du balio, hori baino lehen barkamen eske etorri beharko zaizkit".

Matxinaden garaian "bizilagun erneak" izena jarri eta beraien etxeak eta eremu pribatuak babesteko taldeak osatu zituzten zuri batzuek. Armaturiko miliziak ere bazituzten. Ofizialki, lau kanakek zuten bizia galdu zibilek tirokatuta.

"Bi zibilizazio", "batek sistema politiko feudala, besteak demokratikoa", "ekonomikoki harreman kapitalista batek, komunitarioa besteak"... hots, "olioa eta ura bezala, elkartu ezin daitezkeen bi mundu", Backès loialistaren hitzetan. Horregatik zuen biak bereizteko proposamena luzatu iazko uztailaren 14an, Frantziaren egun nazionalaren kari. Hots, bere arabera apartheid antolaketa litzateke soluzioa. Egun boterean diren loialistak aitzinekoak baino bortitzagoak direla dio Mediapart-eko kazetariak: "Aitzinekoak ez ziren independentziaren alde, baina soluzioa nahi zuten, gogoeta eraman nahi zuten, ez ziren gaurkoen gisara erabateko ukapenean". Kontua da probintzia mailako azken bozketetan lekua hartu dietela muturreko loialistek moderatuei.

Azkenean, elkarrizketa

Azken asteetakoa da Parisen jarrera aldaketa, eta ikusteke dago zer nolako iraunkortasuna ukanen duen. Baina, aspaldian ez bezala, aterabide politikoa adosteko jarrera du gobernuak. Otsailaren 22tik martxoaren 1era egon da artxipelagoan Valls, loialistekin zein independentistekin bilduta, eta berriz etorriko zaie martxoaren 21etik 25era.

Haatik, loialistek postura gogorrean segitzen dute: "Ez dugu sekula konpromiso politikorik onartuko, ezta independentziara edo independentzia-elkartera [estatu burujabea, hitzarmen bidez beste estatu batekilako lankidetzak mantentzen dituena] garamatzan biderik", Nicolas Metzdorf diputatu loialistaren hitzetan. Funtsean, aurkako manifestazio batekin egin zioten harrera ehunka loialistak, egun batzuk lehenago kanakak izendatzeko erabilitako "Lehen herri" terminoa erabili zuelako Vallsek ere. Orduz geroztik, "herri autoktonoa" terminoa erabiltzen dabil. Hala ere, historia oroitarazi eta tinko erantzun die ministroak, denon harridurarako: "Hori [Lehen herririk] ez dagoela erratea errebisionista izatea da. Lehen Arteen museorako sarrera eskainiko dizut. (...) Konstituzioa irakurri dut. Demokrazia errespetatu behar da. Konstituzioa ere errespetatzen dut. Eta Konstituzioak dakar Numeako Akordioa, nahi edo ez".

2020az geroztik loialisten aldeko erabakiak hartzen aritu da Frantziako Gobernua. Jarrera aldaketa sendi da 2025 hastapen honetan, eta ikusteke dago zer ekarriko duen. Beraien aldetik, Parisi presio handia bideratzen dabiltza loialistak. Argazkia: Théo Rouby

Hala ere, elkarrizketan segituko dutela jakitera eman dute loialistek. Gauza bera independentisten aldetik, baina baldintza gisa jarrita metropolian preso daukaten FLNKSko presidente Christian Tein elkarrizketa-mahaian egotea. NBEren deskolonizaziorako batzar bereziari ere bertan parte hartzeko gomita helarazi diotela jakitera eman du alderdi independentistak. NBE 1986ko abenduaren 2an kokatu zen Kanaky herriaren "autodeterminazioaren eta independentziaren alde". Urtarrilean buruturiko 44. kongresuan erabaki zuen negoziaketei berriz lotzea FLNKSk, baina beti ere baldintza batzuen pean: egutegi bat findu dute, bukaeran, beranduenez 2025eko irailaren 24an, ‘Kanakyko hitzarmena’ sinatzeko asmoz. Akordio horrek "Kanakyk burujabetza osoa benetan bereganatzeko data" finkatu beharko luke.

Etorkizun hurbilak erranen digu Vallsek lortuko ote duen postura antonomikoetan diren bi aldeen arteko adostasuna. Euskal Herritik ikusita arraroa da Valls batek horrelako jarrera hartzea, dela Katalunia, Korsika zein Euskal Herria, herri zapalduak ez aitortzeko daukan jarrera ezaguna zaigulako. Doi bat harriturik begiratzen dio Mediapart-eko kazetariak ere, baina ondokoa azpimarratu du: "Denborarekin ondokoa ikasi dut: Kaledoniako dosierrari begiratzeko jarrera duen oro adimentsuago bihurtzen da, serioski begiratzeko jarrera ukanez gero. Berdin du eskuinekoa ala ezkerrekoa izan. Arraroa da, baina horrela da. Hori gertatu zen Michel Rocard Lehen ministro ohiarekin [Matignoneko Akordioaren bultzatzailea] eta Edouard Philliperekin [2020. urtera arte Kanakyko gaia jarraitu zuen eta estatua "indarrez pasa nahi izana" kritikatu zuen]. Orduz geroztik ez da horrela, baina baliteke Vallsekin ere hori gertatzea". 

1853, irailaren 24a

1853ko irailaren 24an kolonizatu zuen artxipelagoa Napoleon III.ak, hastapen batean Ozeano Barean ere Frantziaren presentzia bermatzeko –Ingalaterra han zegoen Zeelanda Berria eta Australia bere eginik–. 1863an hartuko zuen "kartzela" izaera 1897ra arte, presoak bidalita –21.000 preso deportatu zituzten–. Horrela hasi zuen Frantziak biztanleria bidezko kolonizazioa. 1887an ezarri zuten Indigenaren Kodea, kanaken lurrak lapurtzeko, erreserbetan pilatzeko, lan behartuak inposatzeko eta jabetza zein zirkulazio eskubideak mugatzeko. 1944 eta 1947ko legeek eman zioten bukaera mailakatze horri. 1946an pasa zen "kolonia" izatetik "itsasoz haraindiko lurralde" izatera, baina ez du sekula bere burujabetza berreskuratu. Biztanleria bidezko ordezkapena bultzatzen segitu izan du Parisek eta gaur egun %41,2 dira kanakak eta europarrak %24. Inguruko Wallis eta Futuna komunitatekoak dira %8,3 eta beste hainbeste dira jatorriz inguruko irletakoak (Tahiti, Indonesia, Vietnam, Vanuatu...). 1853az geroztik erregularki izan dira askatasuna berreskuratzeko kanaken altxamenduak. Azkena, iazko maiatzean. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kanaky herria
Mickael Forrest: “Arbasoek ziotena errepikatzen ari gara: gu ez gara frantsesak”

Kanakyko Gobernuko kide gisa edo Parisekilako elkarrizketa-mahaiko kide gisa hitz egin zezakeen, baina argi utzi digu FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren kanpo harremanen idazkari gisa mintzatuko zitzaigula. Hitz bakoitzak duelako bere pisua eta ondorena,... [+]


Independentziaren aurkari Alcide Ponga izanen da Kanakyko presidente berria

Abenduaren 24an erori zen gobernua, Kaledonia Elkarrekin alderdi loialistako ordezkariek dimititu zutelako. Hori horrela, loialistek berreskuratu egin dute independentistek 2021ean lehen aldikoz lorturiko presidente kargua. Maiatzaz geroztik krisi politiko, sozial eta ekonomiko... [+]


Kanak gazte bat hil du Frantziako Poliziak, maiatzaz geroztik protestetan hildako zortzigarrena

Frantziako Estatuaren aurkako protestak aitzina doaz Kanaky irlan eta errepresioak ere ez dauka etenik. Uztailaren 10ean tiroz hil du errepide blokeoan zegoen Rock Victorin Wamytan gaztea. Independentisten artean ezaguna den familia batekoa da gaztea: 1998ko Noumeako Bake... [+]


Istiluak berpiztu dira Kanaky uharteetan, independentziaren aldeko zazpi buruzagi Frantziara preso bidali ostean

Asteazkenean, ekainaren 19an, atxilotu zituzten eta Frantziako espetxeetara bidali dituzte asteburuan. Maiatzean izandako istiluetan bortizkeria ekintzak antolatzea leporatzen diete.


Kanakyko hauteskunde erroldari buruzko legea bertan behera utzi du Macronek

Asteazken goizean eskainitako ohiz kanpoko prentsaurrekoan eman du erabakiaren berri Frantziako presidente Emmanuel Macronek. Kanaken haserrea piztu zuen legeak, errolda horren eguneratzeak kanaken pisua gutxitzeaz gain, 1998ko Noumeako Bake Akordioen muinaren errespetu-eza... [+]


Kanaken kexua ez du eztitu Macronen bisitak

Irlan egon da maiatzaren 23an Frantziako presidente Emmanuel Macron eta loialistekin zein independentistekin, alde guztiekin bildu da. "Elkarrizketa politikoa" abiarazteko prestutasuna erakutsi die, baina independentistek diote horretarako baldintzarik ez duela jarri.


2024-05-21 | ARGIA
Kanakyren alde, elkarretaratzea egingo dute Baionan

Kanakyko manifestariei elkartasuna adierazteko, EH Baik eta LAB sindikatuak deituta, elkarretaratzea egingo dute 19:00etan Baionako suprefetura aitzinean.


Kanaky uharteetan istilu handiak, Frantziak hauteskunde errolda aldatu ondoren

Astelehenaz geroztik Kanaky uharteetan protestak eta istiluak ari dira izaten. Gutxienez lau hildako izan dira Frantziako Gobernuaren arabera, baita zauritu ugari eta dozenaka atxilotu ere. Frantziako Asanblea Nazionalean Pazifikoko uharte hartako hauteskunde-erroldari buruzko... [+]


Frantziak kanaken autodeterminazio eskubidea zangopilatu duen urtea izan da 2021a

COVID-19ak eragindako osasun egoeragatik independentziari buruzko erreferenduma atzeratzea galdetzen zuten independentistek, hori gabe boikotatuko zutela abisatuz. Eskaerari elkor, hitzordu politikoa burutu zuen Frantziak abenduaren 12an. %96,49ak Frantziaren mende gelditzearen... [+]


2021-11-16 | ARGIA
Independentista kanakiarrek ez dute abenduko erreferendumean bozkatuko, COVID-19 dela-eta

Independentziaren hirugarren erreferenduma abenduaren 12an egingo da Kanakyn, baina independentistek ez parte hartzea erabaki dute, pentsatzen baitute COVID-19agatik ez dagoela baldintza egokirik. Frantziako Estatuak, ordea, hitzorduari eutsi dio, unionisten onerako.


Kanakyren independentziari buruzko hirugarren erreferenduma ukanen dute abenduaren 12an

Aste bateko negoziazioen ondorioz finkatu dute agenda politikoa Kanakyko loialisten, independentisten eta Frantziako Gobernuko ordezkarien artean. Noumeako akordioei segi, independentziari buruzko hirugarren eta azken erreferenduma ukanen dute Kanaky edo... [+]


Hirugarren independentzia erreferenduma eskatu du Kanakyko Gobernuak

Noumeako Akordioetan (1998) aurreikusitako hirugarren erreferenduma 2022ko udazkenean egitea eskatu dute Kaledonia Berriko Asanblean gehiengoa duten alderdi independentistek.


Lehen aldikoz, independentistak nagusi Kanakyko Gobernuan

Otsailaren 17 honetan bertako Kongresuko 54 hautetsiek erabaki dute osaketa berria: independentisten aldetik, UC-FLNKS eta UNI Independentziarako Batasun Nazionala taldeek hiruna aulki jaso dituzte, eta Frantziaren baitan egoteko gogoz dabiltzan L’Avenir en confiance... [+]


Eguneraketa berriak daude