Iragana ulertzen saiatzen eta etorkizuna bideratzen, oraina joaten zaigu zenbaiti. Nire proiektuetako bat (hasi baina landu ez dudana oraindik) dudan zuhaitz genealogikoa egitea da. Horretan lagunduko didan liburutxo bat ere erosi nuen. Baina, hain da handia lana, liburutxoa apalean dudala, hautsa hartzen. Nire familiaren genealogiak adar asko ditu, migrazio historia ugari, gutxi dokumentatuta... Hori bai, arbasoen inguruan informazioa aurkitzeko zenbait webgune aurkitu ditut Euskal Herrian eta Espainiako Estatu mailan. Erregistro zibilak informazioa gordeta dauka 1871 geroztik, pertsonaren jaiotzaren, ezkontzen, heriotzaren informazioarekin. Bilatzen zabiltzan arbasoaren informazioa 1871 aurretikoa bada, lurralde bakoitzaren elizaren artxibo historikoan bilatu beharko zenuke. Familiakoak estatu barnean migratzaileak izan badira, estutuko estatistika institutuaren webgunean kuxkuxeatu dezakezu abizenen banaketa estatuan; atzerritik badator, forebears webgunean ikusi daiteke zelan zabaldu den abizen bat munduan. Zure abizena euskalduna bada, horren etimologia eta heraldika aztertzeko Auñamendiko webgunean informazio ugari aurkituko duzu. Nahiz eta nire arbasoak pertsona xumeak izan, eta euren bizitzetan gauzarik nabarmenena izan jaio, ezkondu eta hil egin zirela, konexio hori egiteak badu, nigan behintzat, holako xarma bat. Beharbada, holako sentimenduren batek motibatzen ditu hildakoen txatbotak sortzea. Aeon webgunean “Chat bots of the deads” artikulua irakurri dut: hainbatek, hildako senideen izate ohiarekin nolabaiteko harremana mantentzeko, hildakoak bizitzan zehar sortu zuen informazio corpusa (idatzitakoak, audioak, bideoak, marrazturikoak...) baliatuta algoritmoak elikatzen ditu, arbasoen mundu-ikuskera, ahotsa, logika errepikatuko lukeen adimen artifizial bat sortzeko bidean.
Genealogiaren helburuetariko bat litzateke memoria modu zorrotzean aztertzea, eta horren bidez iragana hobeto ulertzea. Baina, modu generatiboan bizidunok dugun errealitatearekin harremanetan ikasteko aukera duen hildako baten txatbota memoria litzateke? Beharbada, memoriatik baino, mamuaren ideiatik gertuago egongo ginateke.