Eta zuk, egin duzu inoiz Boleroarekin?

  • Duela 150 urte, 1875eko martxoaren 7an jaio zen Maurice Ravel musikagile eta konpositorea, Ziburun. Mundu mailan ospetsu dira haren lanak, bereziki Boleroa. Sarri aipatzen da Parisen bizi izan zela, kontserbatorioan ikasi zuela aro berri bateko irakasleekin, munduko txoko guztietan entzun izan direla bere piezak... Baina inoiz gutxitan nabarmentzen da, euskaraz mintzatzen ez bazekien ere, "txundituta" zeukala Euskal Herriko kulturak.

    Erreportajearen abiapuntu izango dugu Boleroa konposizio ezaguna, kantu horrek ere baduelako Euskal Herriarekin lotura estua.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Pieza klasikoaren partiturak izandako hedapena ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. 97 urte ditu Maurice Ravel ziburutarraren Boleroa-k, eta jazzetik hasi eta flamenkoraino, Galiziako gaitatik igarota, pieza beraren bertsio ugari daude zaletu guztientzat eginak. Frank Zappa zenak ere egin zuen berea, bertsio rockeroa. The Best Band You Never Heard in Your Life disko entzutetsuan sartu zuen, albumaren erdi-erdian. Sarean erreskatatu daitekeen bideo batean ikus daiteke Bartzelonan 1988an emandako kontzertuan, Zappak, gitarra utzi, publikoari bizkarra eman eta orkestrako batuta hartuta, zigarroa ahoan, nola gidatzen dituen bere musikariak eta interpretatzen duten, beraien estiloan, Ravelen Boleroa. Oso bitxia eta zinez ikusgarria da, pieza klasikoa bera bezalaxe.

Orkestrako kantu ederra da Boleroa, hamazazpi minutuko konposizioa. Behetik gora doa in crescendo, erritmo eta tempo aldaketarik gabe, ostinato argia egiten, melodia bera obsesibo samarra bihurtzeraino; baina propio egina denez, eta bestelako efektuak apurka-apurka gehitzen doazenez, epikoa izatea lortzen du.

Zineman agerpen asko izan ditu Boleroa-k. Famatua da sexu eszenei banda ipintzeagatik, baina eszena beroak bezalaxe, biolentzia uneko edo erasoaldi aurreko pasarteak musikaz janzteko baliatu izan da behin baino gehiagotan, epiko izatearen lirika bere eginda.

Bat aipatzearren, ezagunena akaso, 1979ko pelikula komedia-erromantiko bat da, 10-Emakume perfektua deiturikoa. Erotismoaren mundu mailako ikur bihurtu zuen Bo Derek emakumezko aktorea. Dudley Moore-rekin ageri den eszena bero batean entzuten da Boleroa; apurka-apurka, piezak gorantz egiten duen gisan, protagonisten arteko tentsioa ere in crescendo joaten da, pasioz eta erotismoz.

Bo Dereken eta Dudley Moore-ren eszena bero hura, emakumezko aktorearen sexualizazioaren eragile izan ez ezik, Mendebaldeko zinemagintzan erotismoaren eta sexu-pasioaren ikur bilakatu zen. Prentsaren aldetik olatu bat sortu zen, eta Ravelen pieza, antza, “sexu-lagunen musika” bihurtu zen, gutxi gorabehera, mende berria heldu arte. Premisa bihurtu zen galdera bat airean: eta zuk, izan duzu sekula sexurik Ravelen Boleroa-rekin?

Pelikula horretan, argi eta garbi, Boleroa zen entzuten zena; zeren eta Ravelen piezaren plagio zantzuak ere bistaratu dira urteetan. Esaterako, Akira Kurosawaren Rashomon filmeko kantu bat entzunda, musikaz ezer gutxi dakiena ere ohartzen da Boleroa-ren antza handi-handia duela. Nabarmenena eta sona handiena eskuratu zuen kasua horixe izan zen. Dena dela, beste istorio bat da ondorengoa, baina gero, Kurosawaren lana plagiatzea leporatu zioten Sergio Leoneri, Eskubete dolarren truke pelikulagatik (jatorrizkoa, italieraz: Per un pugno di dollari).

'Boleroa' eta Euskadiko Orkestra

Euskaraz ere egin dira Boleroa-ren interpretazioak. Besteak beste, Katia eta Marielle Labèque lapurtar ahizpek disko oso bat dedikatu zioten Raveli eta bere obrari, eta nazioarteko bira egin zuten 2017an, Oreka TX, Eñaut Elorrieta eta Thierry Biscary bidaide hartuta. Kalakan taldeak ere badu bertsiorik, txalapartaz eta danborrez lagunduta.

Bereziki, ordea, nabarmentzekoa da Euskadiko Orkestraren azken urteotako lana. Izan ere, bi disko atera ditu Ravelen bueltakoak: lehena 2021ean, haren “alde euskaldunari” begirakoa, eta bigarrena 2022aren hondarrean, “alde frantsesagoari” erreparatutakoa. Biak ala biak daude entzungai plataforma digitaletan. Lehen diskoa zabaltzen du Bolero kantu ezagunak.

Boleroa-ren jatorria ere, “sentsuala”
Ziburutar konpositorearen sona Frantziako administrazioaren mugetatik harago joana zen 1927rako. Biolinarentzat eta pianoarentzat Sonata entzutetsua argitaratu berria zuen, eta sinatua zuen kontratu handi bat, nazioarteko bira egiteko Ipar Amerikatik. Ez zen ohikoa halakorik egitea duela 100 urte.

Atlantikoa gurutzatzeko ontzia hartu baino gutxi lehenago, Europa mailan izena zuen Ida Rubinstein dantzari errusiarraren enkargua jaso zuen Ravelek: konposa zezala "izaera espainiardun" ballet bat. Lehenago ere lan eginak ziren elkarrekin, eta aurretik Rubinsteinek, Raveli ez ezik, Igor Stravinski konpositore entzutetsuari ere eskatu izan zizkion lan ugari. 1927rako, baina, zortzi bat urte zeramatzan Ravelek balleterako musikarik konposatu gabe. Bestelako lan ugari ere bazituen egiteko, eta inspirazio gutxi zuen, gainera. Nonbaitetik hasi behar izan zuen arakatzen, behin AEBetatik itzulita.

Parisen bizi bazen ere, Ziburura itzulitakoan gertatu ziren ondoren aipatuko direnak, 1928ko udan.

Etxera itzuli zen lehen unetik buruan izan zuen Isaac Albeniz konpositorearekin hitz egitea. Kataluniarra zen sortzez Albeniz, baina guraso gasteiztarrak zituen. Ravelek harekin elkartu nahi zuen, bere Fandango –gerora Iberia izendatua– obra sakon entzun, aztertu eta Rubistein dantzariak egindako enkargua lantzen hasteko. Baina ohartu zenerako, Donostiako Gran Casinoko orkestra zuzendaria zen Enrique Fernández Arbosek erosi zituen Albenizen kantuaren eskubideak. Hainbat idatzitan jasotzen denez, atsekabe handiz hartu zuen notizia Ravelek. Fernández Arbos jaunarengana heldu zen informazio hori, eta berak kontaktatu zuen Ravelekin, esateko baietz, obra hura erabiltzeko baimena ematen ziola –ordurako ez zen edonor Ravel–. Baina plana zapuztutzat emana zuen Ravelek, eta beste bide batzuk urratzen hasia zen.

Epe motz-motzean, baina, arrakastarik ez. Ez zion ezerk konbentzitzen. Donostiako kasinoko Fernández Arbosekin solasaldi ugari izan zituela esaten da, melodia errepikakorrek giza-garunean eragiten duten inpaktuaz mintzatu zirela eta abar, eta, antza, handik egun batzuetara, Ziburuko hondartzan zela, inspirazioa etorri zitzaion. Bordeleko Gustave Samazeuilh konpositore eta lagunarekin zegoen hondartzan, bainu bat hartzen, eta halako batean, ziztu bizian, korrika irten omen zen uretatik, etxera joateko –jaiotetxea Ziburuko hondartza ertzean dago–. Eskuak bustita hasi zen pianoa jotzen, eta hortik sortu Boleroa.

Ravelen jaiotetxea, Ziburuko kostaldean. (Argazkia: Robin Chubret / CC BY-SA)

Ez da, ordea, kontatzen den bertsio bakarra. Beste batzuek esaten dute egun horretan, esnatu orduko eta pijama eranzteko astirik gabe hasi zela konposatzen.

Inspirazio unea modu batekoa edo bestekoa izanda ere, Rubinstein dantzariari gustatu zitzaion proposamena. Horixe zen bilatzen zuena: zerbait epikoa, exotikoa eta erotikoa. Izan ere, orduko topikoek zioten emakume espainiarrak suharrak eta apasionatuak zirela, beroak. Balleteko koreografiakoa ere halakoxea egin zuen dantzariak: teloia zabaltzean, argi gutxirekin eta Boleroa-ren erritmoan, tabernako mahai baten gainean egiten zuen dantza Rubinsteinek, hogei gizon inguruan zituela, eserita eta karta-jokoan. Lehen unean ez zen gizonik Rubinsteini begira ipiniko, baina, musika in crescendo zihoan heinean, gero eta gizon gehiagok altxatuko zuten begirada. Parisko Garnier Operako estreinaldiak eskandalua eragin zuen gizartean.

Antzezlan horixe izan daiteke 10-Emakume perfektua pelikulako Bo Dereken eta Dudley Mooreren eszenaren oinarria, inoiz halakorik esplizituki onartu ez bada ere. 

"Euskal Herria maite dudan? Euskal Herria baino ez dut maite"

Joseph Maurice Ravel musikagilea Ziburun jaio zen 1875eko martxoaren 7an, eta Parisen hil zen 1937ko abenduaren 28an, eritasun neurologiko baten eraginez. Bere aita ospe handiko ingeniari frantses-suitzarra izan zen, musika afizionatua, eta ama, berriz, euskaldun lapurtarra. Euskaltzalea zen, eta berak erakutsi zizkion semeari Euskal Herriko hainbat kantu zahar. Maurice Ravelek maite zuen Euskal Herriaren ondarea, ama biziki miresten zuelako batik bat, gerora prentsan adieraziko zuenez.

Haurra zelarik, familia Parisera joan zen bizitzera. Musika-ikasketak abiatu zituen oso gaztetatik, eta kontserbatorioan sartu zen nerabetan, 1889an. Garaiko irakaslerik onenak izan zituela esaten da, hala nola André Gedalge eta Gabriel Fauré konpositoreak, korronte kontserbadoreari gustatzen ez zitzaion ildoa jarraitzen zutenak. Ingurumari horretan hazi zen Ravel, eta garaiko musika inpresionistaren bultzatzaileenetakoa bihurtu zen.

Lehen Mundu Gerra hasi eta berehala hil zen bere ama, 1914an, eta Ravelek ez zuen inoiz gaindituko kolpe hura. Sorterriarekiko gero eta gertutasun handiagoa sentitzen hasi zen, eta lehen baino gehiagotan itzuliko zen Ziburura, uda sasoian. Bere sormenarentzat egonleku garrantzitsua izan zen Ziburuko etxea.

1929ko irailean, Boleroa jendarteratu eta hamar hilabetera, La Gazzete de Biarritz egunkariak Ravelekin izandako solasaldi baten zatitxo bat kaleratu zuen lehen orrian. Honela zioen:

“Ez naiz umoregilea. Musikaria naiz. Ez naiz harroputza. Euskalduna den gauza orotan bada musika pittin bat (...) Ea Euskal Herria maite dudan? Esango nuke Euskal Herria baino ez dudala maite. Asko bidaiatzen dut, eta saiatzen naiz lekuan lekukoa izaten. Saiatzen naiz errusiarra izaten Errusian, espainiarra Espainian”.

RAVELI BURUZKO HIRU ERREFERENTZIA

Testua. Jose Antonio Abad.
Irudiak. Federico Delicado.
Argitaletxea. Pamiela.

Igande goiza da, ari du egunak argitzen eta inor ez dago kalean, festa eguna izanda ere. Animalia burudun orkestraren ardura izango da herria esnatzea. Danbor hots bat entzungo da plazako kioskotik, errepika dotorean. Haren ondoan txirularia. Klarinetea gero. Eta harpa. Orduan hasiko da jendea plazara gerturatzen. Jarraian, balkoi batetik entzungo da fagota. Errekintoa segidan, eta kontrabaxua atzetik. Erritmo jarraituan, denak ere. Tronpeta jende artetik... eta azkenik, zuzendaria. "Erritmoa gora eta gora zihoan zoraturik, eta gainezka egiten du magiak", irakur daiteke.
Haurrentzako liburu ilustratu honek baditu amaieran QR kode batzuk, Boleroa-ren interpretazio on batzuk proposatzen dituztenak. Irakurleari gonbita egiten diote liburua irakurri bitartean musika fondotik entzuteko.

*******************

Idazlea. Jean Echenoz.
Itzultzailea. Gerardo Markuleta.
Argitaletxea. Meettok.

Maurice Ravelen biografiari estu lotutako liburua da, nahiz fikziozko parte batzuk ere badituen. Konpositorearen bizitzako azken hamar urteak kontatzen ditu Jean Echenoz idazleak, 1927tik 1937ra. Joaquín Achúcarrok hitzaurrean dioen bezala, "beste liburuek asko hitz egiten dute musikaz, eta gutxi gizonaz".
Erabiltzen zituen galtzak, AEBetako bidaiara eramandako 25 pijamak eta 60 alkandorak, maniak eta ohiturak ageri dira liburuan. Atlantikoaz bestaldera egindako bidaian kontatzen da nola tutik ere ez duen ulertzen, batere belarririk ez duela frantsesaz besteko hizkuntzetarako, "euskararen salbuespenarekin". Eta, Euskal Herriari egindako beste aipamen bitxi bat bada, Echenoiz idazleak honela dio Ravel gaixo-gaixorik dagoenean: "Gauzak beti konpondu ohi dira norbere herrira itzultzen den bakoitzean". 

*******************

Nagore Irazustabarrenak eta Axier Lopezek aurkeztuta, ARGIAren Oroimen Histerikoa podcastaren 3. atalean egin zioten tartea Maurice Ravelen Boleroa-ri, izotz gaineko patinajearen baimenarekin. Ziburutik munduraino, Sobietar Batasunetik igarota. Erreferentzia ugari ditu Boleroa-k.

Podcasta. Oroimen histerikoa
Argitaratzailea. ARGIA


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika klasikoa
Betiereko Wagner

'Tristan und Isolde' opera

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]


Etorkizuneko izarrak

Euskal Herriko Gazte Orkestra. Neguko topaketa
Zuzendaria: Iker Sánchez.
Narratzailea: Kepa Errasti.
Egitaraua: Britten eta Beethovenen lanak.
Lekua: Donostiako Victoria Eugenia antzokia.
Eguna: urtarrilaren 2a.

[+]


2024-12-20
Benetako gozoki musikala

Pucciniren Il Trittico
Nork: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak.
Eszena zuzendaria: Paco Azorín.
Bakarlariak: C. Álvarez, A. Blancas, M. Berti, C. Isotton, K. Mattila, A. Ibarra, S. Esparza eta  I. Hotea.
Non: Bilboko Euskalduna... [+]


2024-12-09 | Leire Ibar
Israelen aurkako protesta egin dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu batean Iruñean

Iruñeko Baluarten, ostegunean, Israelgo ereserki nazionalaren orkestrako bertsioaren egilearen pieza bat jotzear zirela aurretik zutik jarri eta aretoa utzi du publikoaren zati handi batek. Ereserki horrek “okupazio sionistari” gorazarre egiten diola kritikatu... [+]


Gabriel Fauré: Requiem bat baino askoz gehiago

Frantziako musikagileei buruz hitz egitean, Claude Debussy eta Ravel etortzen zaizkigu burura. Bada dibertitzen denik ere, bata edo bestea defendatuz garai guztietako musikagile frantziar onena bezala. Egia esan, bi jeinu absolutu dira, beren garaiko zirkunstantzien ondorio. Oso... [+]


Don Pasquale garaikidea pizza artean

Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]


Gure pianista unibertsala

Columbus Fundazioak antolatutako kontzertua, ‘RenHacer’ Musikaldiaren barruan.

Bilboko Orkestra Sinfonikoa.

Zuzendaria: Ramón Tebar.
Bakarlaria: Joaquín Achúcarro.
Egitaraua: Guridi, Grieg eta Brahmsen lanak.
Lekua: Bilboko Euskalduna... [+]


Musika Hamabostaldia: gogoeta batzuk

Edizio asko dira orain arte; Espainiako Estatuko musika klasikoko jaialdirik zaharrena da. Behin amaituta, une egokia izan daiteke aurtengo edizioaren balantzea egiteko, baina baita jaialdiaren bizitza luzearen balantzea egiteko ere. Jaialdi bikaina da, oso. Baina hausnartu egin... [+]


Adore kontrolatua

Donostiako Musika Hamabostaldia
Euskadiko Orkestra: Zuzendaria: J. Rohrer.
Donostiako Orfeoia: Zuzendaria: J.A. Sáinz Alfaro.
Bakarlariak: C. Reiss, V. Karkacheva, M. Schmitt, H. Müller-Brachmann.
Egitaraua: Beethovenen Missa Solemnis re maiorrean, op. 123.[+]


Sustantziarik gabea

Egia esan, pena ematen dit kritika honi izenburu hau ipintzea. Bizeten Carmen oso opera ederra da, sentimendu unibertsalak jorratzen dituena, hala nola pasioa, jeloskortasuna, maitatuaren posesioa, independentzia... Eta hori guztia musika-lan bikaina oinarri hartuta. Baina... [+]


Eguneraketa berriak daude