Faxismoa borrokatzeko feminismotik indarrak batzeko deia

  • Martxoak 8a heltzear da beste urtebetez, eta nahiz eta zenbaitek erabiltzen duten urtean behin beren irudia morez margotzeko soilik, feministek kaleak aldarriz betetzeko baliatzen dute egun seinalatu hau. 2020an, duela bost urte, milaka emakumek elkarrekin oihukatu zuten euren eskubideen alde; egun gutxiren buruan, COVID-19aren pandemia hedatzea leporatu zieten jada su-txikian bero-bero zeuden diskurtso misogino eta erreakzionarioek. Feministak, gaitz guztien errudun.

'Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feministak' lelopean egingo ditu manifestazioak Euskal Herriko Mugimendu Feministak. / Argazkia: Euskal Herriko Mugimendu Feminista.

Paradoxikoki, pandemiak begi bistan utzi zuen feministen eskakizunetako baten urgentzia: zaintza sistema iraultzearena. Hortik abiatuta, 2023ko greba feminista orokorrak balio izan zuen, besteak beste, mahai gainean jartzeko zaintza publiko eta komunitarioranzko bidea egin beharra: “Bizitza duinen aldeko borroka da hau, bizitza osoan zehar zainduak izateko eta konpromiso berdinaz zaintzeko eskubidea lortzeko”, ohartarazi zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Interpelazio zuzenak egin zizkien bai instituzioei bai gizonei, eta gogorarazi zuen zaintzaren pisu handiena emakume arrazializatuen eta migratuen bizkar gainean uzten dela.

Feministen urteetako interpelazioek, lorpenez gain, erreakzioak eragin dituzte. Azken bost urte hauetan pandemia bezala barreiatu dira feministen aurkako irain eta eraso matxistak, eta faxismoaren ke usaina nabaritzetik garrak gertutik sentitzera pasatu gara. Mugimendu feminista suebaki izateko prest dago, “proposamen integrala” eskainita. Elene Lopetegi Bilgune Feministako eta Donostiako Asanblada Feministako kideak ohartarazi digunez, faxismoak eragin ditu indarkeria matxistaren gorakada eta normalizazioa: “Gizon askok pribilegioak kolokan ikusi dituztenean, jarrera erreakzionarioa egon da”. Gazteenen artean feminismoaren aurkako jarrera areagotzeak ere kezka piztu du, eta Lopetegiren esanetan arrazoi bat izan daiteke nesken ahalduntzea: “Marra gorriak markatuago dauzkate, eta beraz, mutilen azkarrago ikusten dute pribilegioak galtzen ari direla; lehen agian ez zen horrela. Izan liteke horregatik datorrela mutilen erreakzio handiagoa”.

Indarkeria matxista presente dago forma askotan, eta emakumeak hiltzen jarraitzen du: 2025ak dituen bi hilabete eskas hauetan bi gizon atxilotu dituzte Euskal Herrian, haien amak hil dituztelakoan, 84 urteko emakume bat Bilbon eta Mirentxu Arregi Irunen. 2003an erregistratzen hasi zirenetik, gutxienez 127 emakume eta hamabi haur hil dituzte Euskal Herrian, indarkeria matxistari lotuta.

M8ak balio du hori aldatzeko? “Egia da azken urteetan martxoaren 8ak baduela arriskua feminismoaren izenean aldarri oso orokorretan geratzekoa, eta batzuetan zenbat eta zabalagoa izan mobilizazioa, erradikaltasun edo politizazio maila diluitu daiteke. Baina, aldi berean, lortu dugu jende pila bat mugitzea; indarguneak eta arriskuak ditu M8ak”, aitortu digu Lopetegik. Mundu mailako faxismoaren gorakadaren testuinguru honetan, ordea, aurtengo mezua argi dute: “Berresten dugu mugimendu feministaren eta feminismoaren beharra horri guztiari aurre egiteko sektore desberdinetatik”. Leloa ere zentzu horretan hautatu du Mugimendu Feministak: Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feministak.

Bilgune Feministaren irakurketak ere bat egin du ideia horrekin, eta Lopetegi Bilguneko kideak azaldu digunez, Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloaren bidez azpimarratuko dute desiratzen duten “herri independente eta feminista” eraikitzeko heldulekuak direla feminismoak, baita desberdinkeriak eta indarkeria matxista baztertzeko tresna ere. “Ez soilik teorikoki, baizik eta militantzian eta gure artean ditugun harreman, sare eta aliantzetan ere, horiek ere badirelako gure helduleku aurrera egiteko”.

Faxismoaren espresio guztien kontra

Faxismoa “zentzu zabalean” ulertu behar dela gogorarazi digu Lopetegik, forma asko hartzen dituelako, batzuk argiak, Vox bezalako alderdien diskurtsoa, adibidez, eta besteak oharkabeagoak, jarrera arrazistak, kasu. Hain zuzen, M8a prestatzeko asanbladetan eztabaidatu dute faxismo hitzaren esanahiaren inguruan, historikoki iruditegi zehatz bati lotu izan zaiolako: “Agian kosta egiten da belaunaldi jakin bateko jendeari azaltzea faxismoa badela diskurtso arrazista eta transfoboak zabaltzea ere; ulerkera desberdinak izan ditugu. Baina uste dut oro har ulertu dela marko zabal hori jartzea”. Ez hori bakarrik, markoaren barruan kokatu dute barne begirada ere bai, autokritikarena. “Mugimendu feministan zein ezkerreko mugimenduan ere, normalizatzen ari dira jarrera eta diskurtso batzuk arrazistak direnak, eta ez genituzkeenak onartu behar. Faxismoarena ez da soilik kanpoan gertatzen den gauza bat”.

“Bilgunetik askotan esaten dugu abiapuntu ona dela zapaldu bezain zapaltzaile garela onartzea”. Lopetegik oroitarazi du Euskal Herriko Mugimendu Feminista “oraindik zuria” dela, baina ikuspegi intersekzionalean sakontzen jarraitzen duela; izan ere, jakina da subjektu eta gorputz konkretu batzuk faxisten erasoen jopuntuan daudela, eta mugimendu feministak ere kolektibo horien guztien eskubideak defendatzeko borrokan jarraitzen du. “Ari gara aliantzak sendotzen; mugimendu feminista denontzako espazio erosoa izatea nahi dugu, eta horretarako asko dugu egiteko oraindik”. Halaber, azken urteetan ari dira hausnartzen feminismoen subjektuaren gainean: “Kolektibo transmaribibolloko kideok ere bagara mugimendu transfeministaren parte, eta hor baditugu subjektuarekiko gatazka historikoak; gaur egun TERFen gaia hor dago...”. Borroka intersekzionala izango da M8koa ere, eta kontuan izango dute “gorputz eta subjektibitate asko” direla eta guztien artean artikulatu behar direla.

Elene Lopetegi, Bilgune Feministako eta Donostiako Asanblada Feministako kidea: “Inportantea da feminismo ezberdinen artean aliantzak egitea, aldarri komunak bilatzea eta elkarrekin irakurketa bateratua adostea”. / Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Nola egin aurre erasoei?

Lopetegik dio autodefentsa feministaren bidea segitzen dutela. “Indarkeria matxistaren baitan salatzen ditugun eraso guztiei aurre egiten ari gara, izan eraso transfoboak, lesbofoboak, eta abar”. Eraso faxistei bere horretan ez dira ari aurre egiten, “beste marko batzuetatik” egiten delako, koordinadora antifaxistetatik, esaterako. Eragile horiekin batera faxismoari aurre egitean sinesten dute mugimendu feministatik, eta Lopetegik Donostiako kasua azpimarratu du. “Kaleko Afari Solidarioen aurkako erasoei marko zabalago batzuetatik erantzun zaie, eta mugimendu feminista barruan egon da”. Horregatik, Lopetegiren esanetan, erronka da eraso faxista horiei erantzuna emateko sortzen diren espazioak feministak izatea: “Orain arte espazio antifaxistak ez dira izan feministak berez, eta ez dira kontuan hartu beste eraso batzuk”. Berriro ere faxismoaren terminologiaren ulerkeran jarri du fokua: “Arriskua dago dena eraso faxista gisa hartzeko, kontuan izan gabe eraso batzuek jomugan dituztela subjektibitate jakin batzuk. Batzuentzat oso erosoa izan daiteke esatea denak direla eraso faxistak; baina zuk ere egiten dituzu erasoak”. Erantzun feminista eta antifaxista ondo integratzearen alde egin du, eta horretarako aliantzak jostera dei egin dute.

M8ko leloarekin hori adierazi nahi izan dute: “Azpimarratu nahi dugu ze inportantea den feminismo ezberdinen artean aliantzak egitea, eta mugimendu feminista osatzen dugun talde eragile eta norbanako ezberdinen artean aliantzak egitea”. Martxoak 8a bezalako egun puntualetan “aldarri komunak bilatzea eta elkarrekin irakurketa bateratua adostea” ezinbestekotzat jo du, ez soilik mugimendu feminista barruan, bestelako eragileekin ere.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Aliantza horiek egiteko Martxoak 8a eta Azaroak 25a bezalako egunak aproposak direla dio Lopetegik. Asanblada irekien bidez antolatzen dira egun horiek, herriz herri: “Beti da zaila. Halako egunek jartzen gaituzte gure burua berrikusten, zeren beti da hausnartzeko gaia asanbladetan zeintzuk gauden eta zeintzuk ez. Gure biltzeko moduak aldatu, eragile ezberdinei ateak jotzeko momentuak bilatu... mugimendu feminista bera ere berrikusteko aukera ematen du M8ak”. Aitortu du beti ez dela erraza aliantzak egitea, baina berrikusi behar dela norberak zein ardura duen aliantzak egiterako orduan. Lopetegik jakinarazi duenez, adibidez, Donostiako asanbladan ardura hori hartu eta etxeko langileekin ekimen bat prestatzen ari dira M8rako. “Etxeko langile batzuk gerturatu dira asanbladetara, eta ez da beti hala izaten, zaila dutelako ordutegiengatik, lan baldintzengatik eta mugimenduaren nolakotasunagatik”. Aliantza hori “zaintzen” saiatzen ari direla dio, eta orain arte parte hartu ez duten talde edo norbanakoek M8tik harago iraunkorki jarrai dezaten moduak bilatu nahi dituzte.

M8tik haragoko aliantzak

Martxoak 8ko aldarriak egun bakarrean ikusarazten dira, baina mugimendu feminista jakitun da egun horrek balio duela herrietako jendea aktibatzeko eta borroka feministara gero eta jende gehiago erakartzeko. Horren erakusle da herrietan egiten dituzten egitarau oparoak, tokian tokiko problematikei erantzuten dietenak, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aterki orokorretik xehetasunak jorratuta.

Baionako Sutan kolektibo transfeministak ezaugarri horiexek biltzen ditu: aktibazioa eta aliantzen indarra. Hainbat talde feministak osatu dute kolektiboa berriki, baita taldean militatzen ez duten baina M8 eta A25 egunen antolaketan lagundu nahi duten norbanakoek ere. “Bilkurak joan arau, gero eta jende gehiago hurbildu da”, ziurtatu digu Aña Iriart Sutaneko kideak. Azken urteetan aldarri feministek kaleak gero eta indar handiagoa dutela dio Iriartek, eta baieztatu du beren kabuz jarduten zuten taldeak Sutan kolektiboan batzeak lagundu duela indar hori handitzen. “Elkarlan gehiago ditugu. Eta ohartzen gara manifa egunetan ere gero eta jende gehiago hurbiltzen dela. Duela bizpahiru urte zinez ez zen jende ainitz, eta orain gero eta gehiago gara”. Azken urteetako bultzada aprobetxatuta, M8 ostean Ipar Euskal Herriko beste eragile feministekin ere aliantzak egiten jarraitzeko asmoa agertu du Baionako Sutan kolektibo transfeministak, hutsune hori landu nahi baitute, Iriarten esanetan.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Herrietako aliantzetatik, nazioartekoetara

Martxoak 8an mugimendu feministak hainbat aldarri eramango ditu kalera, eta horien artean izango dira Emakumeen Mundu Martxari dagozkienak ere. Ikuspegi internazionala du, eta munduko txoko ugaritako mugimenduak elkartu eta marko bat eskaintzea du helburuetako bat, Elene Lopetegi Bilguneko kideak gogorarazi digunez: “Euskal Herriak mundu martxan parte hartzea historikoki oso inportantea izan da. Mundu martxaren parte garen herrialde guztiok ez dugu inondik ere berdin pentsatzen, baina balio digu nazioarteko aliantzak egiteko eta hemen gertatzen direnari marko orokor bat jartzeko. Gogorarazten digu zergatik uztartu behar ditugun borroka batzuk”.

Aurten ospatuko du 25. urteurrena Emakumeen Mundu Martxak, eta M8tik hasita antolatuko dituzten nazioarteko zein tokian tokiko ekintzekin bat egingo du Euskal Herriko mundu martxak ere. Hiru ardatz komun dituzte lantzeko: migrazio politikak, krisi ekosoziala eta indarkeria matxista.

Elene Lopetegi: “Orain arte espazio antifaxistak ez dira izan feministak berez, eta ez dira kontuan hartu beste eraso batzuk”. / Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Ausardia eta borondate politikoa

Martxoak 8ko leloak “ausardia” aipatzea arraro egingo zaie zenbaitzuei, agian, baina Lopetegik argitu du zergatia: “Beti esaten dugu ez dugula ausartak izan nahi, baizik eta askeak. Baina ez doa hortik. Gaur egungo testuinguruan oso erraza da jarrera erreakzionarioak edukitzea, erosoa da. Baina ausardia erakusten du bere burua feminista gisa aldarrikatzen duenak eta mugimendu feministarekin posizionatzen denak; hori berretsi nahi dugu”.

Eta ausartak dira M8an feminismoa goraipatzen duten instituzioak? Lopetegiren hitzetan, instituzioek terminologia eta diskurtso feministak “jabetzen” dituzte, “baina aldarriak hutsalak dira gero”. Irakurketa eta “panfleto hutsaletan” ez geratzeko, mugimendu feministak instituzioei “borondate politikoa” eskatzen die, benetako aldaketak egon daitezen: “Indarkeriaren kasuan, udal batek ze tresna dauzka herrian gertatzen diren erasoei aurre egiteko, babesa emateko? Baliabideak behar dira, eta horretarako dirua behar da, eta horretarako behar dira borondate politikoa eta erabakiak hartzeko gogoa”. Soldata arrakala konpontzeko, bestalde, patronalak eta enpresak erabakiak hartu behar dituztela dio. “Benetako politika feministak” egiteko eskatzen dute mugimendu feministatik, eta neurri eraginkorrak hartzeko, more koloreko mezuetan geratu gabe.

Zaintza eskubidea, sindikatuen aldarri

Martxoaren 6an 11:00etan Bilbon eta Iruñean mobilizazioak egingo dituzte sindikatuek, patronalak eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua interpelatzeko, zaintza eskubide kolektiboari dagokionez. LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek egin dute deialdia, zaintzari lotutako hiru eskaera nagusirekin: baldintzak duindu, negozioa amaitu eta sistema publiko-komunitarioa garatu. Maddi Isasi LABeko ordezkariak zehaztu digunez, A30eko greba feminista orokorraren ostean instersindikalak –mugimendu feministak ere parte hartzen du– erabaki du berriro ere zaintzaren gaia kalera eramatea, “Denon bizitzak erdigunera” dinamikaren baitan. Bi arrazoi nagusi izan dituzte: “Batetik, berretsi nahi dugu zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokan ekarpen sindikala egiten jarraitu behar dugula eta gaia lehentasunetara ekartzeko konpromisoa dugula. Bestetik, beharra ikusten dugu gaia agendan mantentzeko, eta M8aren testuinguruan mobilizazio indarra aktibatu nahi genuen”, argitu du Isasik.

Greba ostean sindikatuek jarraitu dute lanean herri akordioan adostutako puntu nagusiak negoziazio kolektiboetan txertatzeko, Isasik baieztatu digunez: “Sindikatu bakoitza bere eremuan eta norbere gaitasunarekin ari da lanean, enpresaz enpresa aldarrikapen horiek sartzen saiatzen. Baina esango nuke nahiko jarrera itxia topatu dugula patronalaren eta instituzioen partetik oro har”. Ziurtatu du toki batzuetan lortu dutela aldarrikapen batzuk sartzea, baina zenbaitetan patronalak euren eskaerak gutxietsi egin dituela salatu du. Aldarri horiek patronalek onartzeko, lehenik langileen artean ere pedagogia egin behar dela gogorarazi du, eta bide horretatik antolatu dituzte M6ko mobilizazioak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
2025-02-26 | Elixabet Etchandy
Martxoaren 8ko, emazte langileak lehen lerrora!

Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea... [+]


2025-02-26 | Leire Artola Arin
Irene Ruiz, Itaiako kidea
“Instituzioak beraiek ere badira oldarraldi matxistaren erantzule”

Martxoak 8aren izaera iraultzailea berreskuratzeko deia egin du Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Irene Ruiz Itaiako kideak azaldu digunez, “oldarraldi erreakzionarioaren eta matxismoaren aurrean proposamen iraultzailea hauspotu eta kontzientzia sozialista... [+]


Gorputz hotsak
“Garrantzitsua da Down sindromedunok oholtzan ikustea”

Gazteagotan baino lotsa handiagoa dauka, baina horrek ez dio saltsa askotan ibiltzeko gogoa kentzen Leire Zabalza Santestebani (Iruñea, 1990). Beste gauza askoren artean,  Motxila 21 musika taldeko kidea da. Nabarmendu du musika gauza asko aldarrikatzeko bide izan... [+]


Haur miopeen gorakada handia, kezka iturri: “Kanpoan jolastea oso inportantea da”

Miopia gero eta gehiago eta gero eta lehenago ari da garatzen, eta horren arriskua da dioptriak gehitzen joatea eta helduaroan begiari lotutako hainbat gaitz izateko aukerak dezente handitzea. “Eguzki-argia jasotzea inportantea da, eta denbora asko ez igarotzea oso gertu... [+]


M8an faxismoaren kontra eta aliantza feministen alde egingo du Euskal Herriko Mugimendu Feministak

Martxoaren 8an kalera ateratzera deitu ditu herritarrak mugimendu feministak, "desberdinkeriek bere horretan" dirautelako. Zapalkuntza mekanismo berriak agertu direla salatu dute, eta feminismoa "ezkerreko borroken erdigunera" eramateko beharra... [+]


Gorputz hotsak
“Mina albo batera utzi nahi dugu, kapitalismoarentzat ez delako errentagarria”

Istorioetan murgildu eta munduak eraikitzea gustuko du Iosune de Goñi García argazkilari, idazle eta itzultzaileak (Burlata, Nafarroa, 1993). Zaurietatik, gorputzetik eta minetik sortzen du askotan. Desgaitua eta gaixo kronikoa da, eta artea erabiltzen du... [+]


Eraso matxista bat salatu dute Amurrion

Amurrioko Emakume Sareak elkarretaratzera deitu du eraso matxistari erantzuteko, asteartean 19:00etarako. Bilbon, adin txikiko neska bati egindako sexu erasoa salatzeko mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean.


Maddi Isasi, LABeko idazkari feminista
“LAB Euskal Herri feminista baten eraikuntzan ekarpen sindikala eginen duen subjektua izatea nahi dugu”

Izena duen oro bere izanaren jabe liburua plazaratu du LAB sindikatuko idazkaritza feministak, hainbat kide feministaren lekukotasunak oinarritzat harturik. "Genealogia edo glosario bat gauzatu dugu edo, agian, gauza biak batera dira edo baliteke ez izatea ez bata ez... [+]


Hondarribiarren gehiengoak alarde parekide bakarraren alde egiten du, udalaren inkesta baten arabera

Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.


2025-02-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Etxeko komuna

Euskadi irratian baineraren ordez dutxa jartzeko iragarkiak etxeko komunean obrak ya hastera animatzen duen kuña hori. Obra erraza, inbestitze txikia eta aldaketa handia iragartzen da. Komunetako sanitarioen joerak aldatu dira eta ahoz aho zabaldu da zeinen eroso eta... [+]


“Yoga onkologikoa xamurtasunean eta errespetuan oinarritzen da”

Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.


Gurasotasun baimena

Zalantza asko izan ditut, meloia ireki ala ez. Ausartuko naiz, zer demontre! Aspaldian buruan dudan gogoeta jarri nahi dut mahai gainean: ez da justua erditu den emakumearen eta beste gurasoaren baimen-iraupena bera izatea. Hobeto esanda, baimen-denbora bera izanda ere, ez... [+]


Justizia feminista garatzeko beharra aldarrikatu du Emakumeen Mundu Martxak

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak egin ditu asteburuan Atarrabian. Sistema judiziala jarri dute ezbaian, justizia eta autodefentsa feministaren balioak aztertu dituzte.


Eguneraketa berriak daude