Silicon Valley-ko oligarkia AEBetako gobernura iritsi berritan lehertu da adimen artifizialaren (AA) burbuila. Txip aurreratuen erraldoia den Nvidia-k urtarrilaren amaieran izandako %16,8ko balio galera, egun bakar batean inoiz izan den burtsa balio galerarik handiena da. Segidan erori ziren erraldoi teknologikoen balio gehienak ere. Bere onera etorri den arren kapitalizazio galeraren erantzulea DeepSeek da, adimen artifizialeko txatbot berri bat.
Burtsa izuaren arrazoi nagusia ez da soilik bilatzailearen jatorri txinatarra, baizik eta adimen artifizialaren egundainoko garapen eredua hankaz gora ipintzen duela. Izan ere, bilatzaile berriak eraginkortasun handiagoa du, energi kontsumo nabarmen murritzagoa, eta produkzio kostuak ere asko jaisten ditu. Horrek guztiak salmenta prezioen jaitsiera indartsua ekarri du. Bestalde, kode irekian lan egiten du; edonork ikus ditzake zeintzuk diren iturriak eta algoritmoaren eraikuntzarako bidea (ikus Urko Apaolazaren erreportajea, ARGIAko 2905 zenbakian).
DeepSeek bilatzailearen sorrera arlo teknologikoan, batik bat adimen artifizialaren esparruan, dagoen lehia geoekonomiko eta politikoaren beste kapitulu bat baino ez da. Eta argi geratu da, Musk erosteko prest dagoen Open AIren ChatGPT edo Metaren Llama baino nabarmen merkeago dela DeepSeeken aukera; low-cost adimen artifizialari ateak zabaldu dizkio.
Ez da kasualitatea Trump eta Musk bikoteak esan izana Txinarekin akordioa bilatzearen alde egingo dutela. Bi ekonomia erraldoien arteko interdependentzia gero eta handiagoa da
Txina bezalako herrialde autoritario bateko enpresa apal batek merkatuaren bidez Silicon Valleyk AAn zuen monopolioa lehertu izana paradoxikoa da. Eta are harrigarriagoa egiten da, trumpismoa, plataforma teknologikoak eta AA gorpuzten ari diren unibertso militar-industrial-digital berriaren oligopolioaren aurkakoa delako. Gogoan izan behar dugu Bidenek jada Txinara txipak bideratzea debekatu zuela AA garatu ez zezan. Hain zuzen, oztopo hori gainditzeko bide propioa jorratu izanak ekarri du DeepSeeken arrakasta. Urrunago joan nahian, Trumpek lau urtetan AArako azpiegituretan bostehun mila dolarreko inbertsioa ekarriko duen Open AI, Oracle eta SoftBanken arteko Startgate aliantza bultzatu du.
Galdera irekia da nolako erantzuna etorriko den AEBetatik, Trump horren oldarkor dagoen garaian. Agertoki bat izan liteke Washingtonek disuasioa eta indarra erabiltzea munduak teknologia txinatarra oztopatzeko. Nola edo hala DeepSeekek Huawei-k 5Grekin izandako trabazko bidea errepikatuko litzateke horrela jokatuz gero. Gogoan izan, Huawei 5G teknologia garatzen lehena izan zen, baina Washingtonek Mendebaldeko bere negozioak blokeatu zituen banan-banan eta horrela bere lehiakideek 5G teknologia imitatzeko denbora izan zuten, telefonia txinatar erraldoiaren merkatu hazkundea mugatuta.
Nolanahi ere, bistakoa da Txinak AEBekiko duen teknologi arrakala murrizteko ahaleginean aurrera egin duela. Ez da kasualitatea Trump eta Musk bikoteak esan izana Txinarekin akordioa bilatzearen alde egingo dutela. Bi ekonomia erraldoien arteko interdependentzia gero eta handiagoa da eta teknologia berriek zeresan handia dute integrazio gatazkatsu horretan. Kolaborazio lehiakorraren garaia ireki daiteke agertoki alternatibo gisa.
Bi potentzia handien arteko liskarraz harago, DeepSeeken sorrerak aukera zabaltzen du dauden kontrol eta kontzentrazio eredu nagusiekin bat ez datorren munduko enparauan AA publikoa eta irekia garatzeko. AAko teknologiek duten gizarte eta ekonomi zentralitatea kontuan hartuta, gizarte beharretara eta planetaren mugekin lerratuko den aukera irekia eta publikoa indartzea aldarrikapen atzeraezina da.