argia.eus
INPRIMATU
Zer erosi?
Karmele Gisasola Zenikazelaia 2025eko otsailaren 19a

Azken boladan gero eta gehiago entzuten dugu gazte askok etxebizitza erosteko ahalmenik ez dugula. Batzuetan, badirudi ez dagoela beste gairik; egia da gai serioa dela. Niri neuri ere, 31 gertu izan arren, oraindik pixka bat falta zait neurea izango den etxebizitza lortzeko. Baina egia da beste gazte batzuek baino zorte handiagoa izan dudala, familiako baserrian geratzeko aukera izan dudalako (horrek dakarren guztiarekin).

Bart, lokartu baino lehen, sare sozialetan gai honi buruzko bideo bat azaldu zitzaidan. Alde batetik, 55 urteko emakumezko abokatua azaltzen zen, zeinak zazpi etxebizitza dituen: ohiko etxebizitza; gaztea zela erositako lehenengo etxe txiki bat; mendiko etxea; hondartzako etxea; gurasoengandik jasotako etxea; eta beste bi alokairuan. Azpimarratu zuen bere semea ere abokatu ikasketak bukatzen dabilela eta, bitartean, lanean ere badabilela eta etxebizitza bat erosi berri duela. Gurasoek diruz lagundu diote.

Gazteak etxebizitza erosteko ahalmenik ez izatea gai potoloa da, baina gizarte honek daraman erritmoa jarraitzea ez dakit ez den kezkagarriagoa gazte batentzat

Beste alde batetik, unibertsitatean ikasten ari den mutil gazte bat azaltzen zen. Berak zioen pozten zela andere horrengatik eta bere semearengatik, horrelako zortea izateaz, baina bera familiako kide bakarra dela unibertsitatera heldu dena. Goizetan ikasi eta arratsaldetan lana egiten du, eta soldata zati bat familiari eman behar dio, hileko gastu guztiak ordaindu ahal izateko. Beraz, ezinezkoa zaio etxebizitza bat erostea.

Bi parteak gustura entzun nituen, denok ez baikara egoera berean bizi eta iritzi ezberdinak partekatzea ondo baitator. Bi ertzak entzuteak eman zidan zer pentsatua. Baina bizitza ez da zuria edo beltza. Badaude tarteko milaka egoera eta denona ez da bera.

Gazteak etxebizitza erosteko ahalmenik ez izatea gai potoloa da, baina gizarte honek daraman erritmoa jarraitzea ez dakit ez den kezkagarriagoa gazte batentzat. Askotan badirudi sare sozialentzat bizi garela. Bertan erakutsi beharra dago nolako bidaiak egiten ditugun; zer nolako arropa janzten dugun; puri-purian dauden jatetxeetako menuen argazki collagea (badaezpada ordainagiriaren argazkirik ez erakutsi); eta hori guztia erakutsi ahal izateko, punta-puntako mugikorra. Gai gara goizean Durangon esnatu, Bilbon bazkaldu, trena hartu eta arratsalde iluntzerako Madrilen egoteko, afari batean edo kontzertu bat ikusten.

Hara eta hona ibiliko gara, gauza askotan gastatzen, baina oraindik ez etxebizitza batean.