argia.eus
INPRIMATU
Porcelana Irabia
Castillo Suárez @casti_suarez 2025eko otsailaren 19a

Baneukan lagun bat Porcelana Irabian lan egin zuena itxi zuten arte, eta jatetxe edo taberna batera joaten ginen aldiro kikara eta plateraren ipurdia begiratzen zituena pieza non egina zegoen jakiteko. Gauza bera egiten dut nik gauza zaharren azoketara joaten naizenetan: begiratzen dut non egina den, eta horren arabera erosten dut ala ez. Jabetzen naiz kafetegi txiki bat jar nezakeela dauzkadan kikara, pitxar eta azukre-ontziekin. Batzuk oparitu egiten ditut tokirik ez dudalako, baina denek ez dituzte nahi noizbait beste norbaitek erabilitakoak. Izan ere, batzuk zartatuta daude, edo jokoak ez daude osorik, edo besterik gabe ez dute nahi beste norbaitek erabilitako zerbait. Nik askotan irudikatzen ditut besteen bizitzak, zenbat gauza esan ote ziren, zenbat aitortza kafe bat hartzerakoan. Irudikatzen dut noiz eta nola hautsi ziren piezak, haserrealdi batean edo harrikoa egiterakoan. Armairuan kokatzen ditut eta pitzatuak atzean jartzen ditut. Izan ere, bizitzan askotan egiten dugun gauza bat da hori: zartatutako aldea ez dugu bistan jartzen eta alde ederragotik erabiltzen dugu, noizbait erabat hautsiko dela badakigun arren. Zartatua dagoena beti hausten baita, lehenago edo geroago.