Madrilen arkitektoentzako kongresu bat burutu berri da, arkitekto profesioaren krisiaz eztabaidatzeko. Arkitekto izateko modu tradizionala eta gaur egungoa desberdindu dute. Zertan den tradiziozkoa? Oscar bidean den The Brutalist filmean ageri den arkitekto epikoarena. Nor bere baitan biltzen den gizonezkoa, lanera zinez dedikatzen dena, irmotasun handiaz ideiak defendatzen dituena eta handiuste eta histrioniko izatera irits daitekeena. Profesioa, pertsonaia baten burutapen eta sormen pertsonalen lorpen-ibilbide baten gisara ulertua. Arkitekturak dituen balore etiko eta sozialak itsutu egiten dituenean pertsonaiaren edertasun eta kontzeptuen bilaketa-obsesibo nahiak. Eta horregatik gizarteko arazoetatik urruti sentitzen den profesio bat da arkitektoarena.
Zergatik ez den arkitektoaren zerbitzua gizarteratzen egiteko baliotsu gisa, aspaldiko kezka da profesiokideen artean. Zergatik etxe batean iturginaren beharra ulerkorra den bitartean, arkitektoarena ez-nahitaezkotzat jotzen den. Zergatik ez dauden arkitektoak etxebizitza krisi garaikidearen gatazkaren zentroan, partaide diren heinean. Eta aldi berean zergatik lotzen den arkitektoa “etxeak egiten dituenarekin”, plazak, dendak, osasun-etxeak, arte erakusketak eta abar luzea ere eraikitzen dituen arren. Zergatik arkitektoaren etxeak, arrotzegi izan daitezkeelako, pareta okerrekin irudikatzen diren. Aurreiritziak, zinemarako erabilgarriak.
Arkitekto garaikidearen erretrato filmiko bat egin beharko bagenu, lantaldean jarriko genuke lehenik, eta gainera, interes estetikoen ondotik, materialen ekoizpenean energia gastuan eta birziklapen aukeretan pentsatuko du, hala nola zein bizilagun ehundurak sostengatuko duen diseinatzen den eraikuntza berria. Gaur egungo errealitateari erantzuteko hainbeste geruza hartu behar dira kontuan arkitekturatik ihes egiten dutenak baina erlazioan jarri behar direnak, ezen ez dago Adrien Brodyk antzeztu zezakeen figurararako paperik.