Segundo erabakigarriak
Manu López Gaseni
Elkar, 2024
--------------------------------------------------
Nobela labur hau irakurtzen hasi eta harrapatuta sentitzen zara, eta horretan badu zerikusia idazleak ezarritako erritmo bizi eta azkarrak. Lehen hamar orrialdeetan izango dugu 16 urteko protagonista gaztearen berri, jakingo dugu atentatu bat gertatu dela, jihadistek egindakoa itxuraz eta nobelako protagonista, Euskal Herrian jaiotako mutil jatorri arabiarrekoa, susmagarritzat joko dutela. Badakigu ere errugabea dela (“baina ezin du frogatu”) eta Polizia konbentziturik dagoela erruduna dela… harik eta emakume misteriotsu bat (“aingeru guardakoa”) agertu arte.
Suposa daitekeen moduan, atentatua argitzea da nobelako helburua, Karim gazteak bere errugabetasuna frogatzeko polizia emakume misteriotsuarekin eginiko ikerketa. Tartean, baina, irakurleak migratzaileen bizimodura eta protagonistaren kultura eta ohituretara hurbiltzeko parada ere izango du; jatorrian oparotasuna utzita amestutako paradisura eginiko bidaiara eta sufrimendura. “Ironikoki, neke handien ondoren ustezko paradisura iritsi zirenean, Zahira, ordurako berriro haurdun eta oso ahulduta, Karimez erditu eta zazpi egunera hil omen zelako”.
Karimek, gainera, badu sekretu bat: amaren sabelean zegoela gertatutako zerbaitek eragina du mutilak etorkizun oso laburrean gertatuko dena ikusi ahal izatean. Eta, hain zuzen, kontrolatzen duen ahalmen horrek bizia salbatu zion atentatu egunean… susmagarri bilakatuta. Karim, Bakarne emakume polizia misteriotsuaren laguntzarekin, atentatuaren egileak nortzuk diren eta atentatuaren arrazoia zein den argitzen saiatuko da hurrengo zazpi egunetan. Hain zuzen, jihadarekin zerikusi gutxi duen atentatua argitzen.
López Gaseni saiatu da nobelan hainbat kontu azaleratzen, orain arte migrazioaren egoera aipatu dugu baina aberatsen diru nahia, politikarien jokabidea edo gazteen harremanak bezalako kontuak ere agertzen dira, hori guztiori irakurketa arin eta bizkor baten bidez. Eta arintasun horretan badute zerikusirik pertsonaien karakterizazioak, deskribapenen eta elkarrizketen neurriak edo gertakarien kontakizun biziak.
Azken finean, gazte eta helduentzako nobela labur honek horixe lortzen du, gizartea hobeto ezagutzeko, gizarteaz gogoeta egiteko lan erakargarria izatea, eta, aldi berean, arin eta gustura irakurtzen den nobela poliziakoa, hasi eta amaierara arte eramaten zaituen kontakizuna.