Euskal Herrian jaiotako kazetari salvadortar gisa aurkezten du bere burua Roberto Valenciak (Gasteiz, 1976). Salvadortarra da, bizitza erdia daramalako han eta hango ajeak eta hizkera hartuta dituelako: gaztelerazko elkarrizketan El Salvadorko hitzak sartzen ditu barra-barra. Izan ere, euskara ikasi zuen, eta euskaraz lan egin zuen Eginen, baina ia 23 urte daramatza hitz egin gabe: “Horrexegatik, sentitzen dut euskaraz ez aritzea”, dio euskaraz.
Eta kazetaria da, El Salvadorko errealitatea kronika kolpez kontatu duelako: hedabide nazional zein nazioarteko askotan, freelance gisan azken sei urteetan. Baina hori baino askoz gehiago egin du. Izan zitekeen Euskal Herrian jaiotako aholkulari edota irakasle salvadortarra, baina berak argi du ezeren gainetik kazetari dela, eta harro dio: “Kazetaritzaren rola gizarte demokratiko batean ezinbestekoa da”.
2001ean joan zinen Euskal Herritik El Salvadorrera. Nolakoa zen utzi zenuen Euskal Herria?
Nik utzi nuen Euskal Herria beste herrialde bat zen, fisikotik hasita. Ni Zaramagakoa naiz, eta hemendik joan nintzenean ez zegoen Boulevard merkataritza gunea ere ez: hortik saihesbidea pasatzen zen. Hortik hasita dago ezberdin; hiria ezberdina da.
Eta gizarte aldetik, argi ikusten da aldaketa: migrazio handia dago, jendea oso zaharra da eta ikusten da azken hori arazo bat dela hemen. Edo behintzat kontu horiek oso argi ikusten dira herrialde oso gazte batetik zatozenean; suposatzen dut hemen bizi den jendeak ez duela horrela ikusiko. Nostalgiaz begiratzen diot honi, ez pentsa. Baita euskarari ere.
Eta zein El Salvador aurkitu zenuen?
Orduko hura ere beste herrialde bat zen, eta agian aldaketak nabarmenagoak izan dira. Nire kasuan, kontu profesionalengatik, maren [pandillak] fenomenoan espezializatu naiz. Garai hartan, hamar bat urte zeramatzaten lehen clikek [maren antolakuntza unitaterik oinarrizkoena], baina arazoaren tamainak ez zuen zerikusirik handik hogei urtera izan duenarekin. Mundu osoan dauden fenomeno kriminalek ez bezala, El Salvadorren lortu duten garapen maila kontu bakana da: pandillak biztanleriaren %60-70aren egunerokotasunaren parte izan dira. Fenomeno horren ezaugarrietako bat da, hain zuzen ere, hedapena. Gaur egun, herrialdea oso aldatuta dago: 2015ean hemezortzi hilketa egoten ziren egunean, orain, hilabetean bost bat.
Eta aldaketa horren aurpegia, Nayib Bukele.
Bai. El Salvadorrek oso ezaguna den presidente bat dauka, hedabideen arreta handia jasotzen duena, herrialde oso txikia izanda. Presidente horrek sei urte daramatza gobernuan eta bere histrionismoagatik El Salvador mapan eta nazioarteko agendan jarri du. Hori eragin dute erabaki negatibo askok, baina positiboren batek ere bai, tartean, pandillek komunitatean duten eragina ia desagerrarazteak. Muturreko aldaketa bat da, batez ere gizarte sektore pobreenei eragiten diena, hain justu pandillek eragin handien zuten sektoreari. Eta nabaritzen da. Bukele, nire ustez, autokrata eta diktadorea da, horrela esan nahi bada, konstituzioaren aurka baita berriz presidente. Baina milaka pertsonaren bizimodua askoz hobea da egun, duela hiru urterekin alderatuta, eta hori ez onartzea norbere buruari gezurra esatea da.
Horiek dira datuak. Baina zein da errealitatea kaleetan?
Gaur egungo El Salvadorren, egoera ezberdin batean egonda ere, ogia erostera zoazenean ogia hesi artetik ematen dizute, guardia armatuak daude, segurtasunezko langileak... Hori ez da aldatu. Aldatu dena hilketen tasa da, eta ez dut esan nahi hori gutxi denik, noski; baina hortik Amerikako herrialde seguruena dela esatera, eta hori esan du Bukelek, tarte handia dago.
Kazetarioi bi errealitate horien artean igeri egitea tokatzen zaigu: alde batetik, egia da pandillen fenomenoa gehien jasan duen jendearen bizi baldintzak hobetu direla, baina, bestalde, diskurtso hori gehiegizkoa da, ez du zerikusirik egunero ikusten dugun errealitatearekin.
Hiru urte beteko ditu laster salbuespen egoerak, eta denbora horretan kazetarien aurkako jazarpena nabarmena izan da. Zelan dago egoera?
Oso gaizki dago prentsa askatasuna El Salvadorren. Bukelismoak eragin duen biktima nagusietako bat izan da kazetaritza. Lanerako ezinbestekoak ziren tresnak deuseztatu ditu, informaziora sarbidea legeztatzen zuen legea, esaterako; espioitza kanpainak jarri ditu martxan, El Faro agerkari digitaleko kazetari batzuk espiatu ditu, eta, ondorioz, euren egoitza administratiboa Costa Ricara eraman behar izan dute; kazetarien prestigioaren aurkako eta difamazio kanpainak asmatu ditu. El Faroren kasua, esaterako, ez da aurretik inoiz gertatu herrialdean: juridikoki ere esku hartu du kazetarien aurka.
Niri ere gertatu izan zait Guatemalara alde egin behar izatea. Izan ere, salbuespen egoera hasi eta astebetera lege bat onartu zuten, pandilleroak elkarrizketatzeagatik kazetariak hamar edo hamabost urtez kartzelara zigortzen zituena. Nik pandillero eta bertako buruzagitza asko elkarrizketatu ditut, eta garai hartan, hain zuzen, elkarrizketa bat egin berri nuen, BBCn argitaratu zutena. Horregatik, Guatemalara alde egin behar izan nuen hilabetez, elkarrizketa hori editatu eta argitaratu, eta atxilotuko ez ninduten ziurtasuna izan arte.
Argi dago Bukeleren lehen helburuetako bat zela El Faroren eta beste hedabide batzuen sinesgarritasuna deuseztatzea: antzeman baitzuen alderdi politikoek eta gizarte eragileek baino indar handiagoa zutela bere gobernua zalantzan jartzeko. Pena handia ematen dit, baina onartu behar zaio bere helburua lortu zuela: El Farok orain dituen irakurraldiak oso gutxi dira, inkestetan azkenengotarikoa dago sinesgarritasunean. Orduan, bai, suposatzen dut kazetari izatea askoz zailagoa dela El Salvadorren hemen baino.
Gizarte mugimenduak dira, besteren artean, salbuespen egoeraren beste biktima nagusiak.
Bai, kasu bat famatu egin da azkenaldi honetan. Ekintzaile ekologisten kolektibo baten aurkako kasu bat sortu zuen fiskaltzak, bukelista, noski, Gerra Zibileko hilketa batekin lotuta. Ezagun egin da, orain dela 30 urteko akusazio bat delako: epaile batek aske utzi zituen, baina prozesua errepikatu egingo da. Kontua da talde horrek eragiten duen eremuan meatzaritza esplotazioa berriz jarri nahi dutela martxan, eta hain justu gai hori orain bogan dagoela.
Jakin badakit salbuespen egoeran izan diren 80.000 atxilotuetatik 20.000-30.000, nori galdetzen diozun, errugabeak zirela, ez zeukatela zerikusirik pandillekin, are, pandillen biktimak ziren asko. Lortu duena da prozesu judizialetan zeuden berme apurrak deuseztatzea: epaiketarik barik bi urte egon daitezke. Hori da gaur egungo El Salvador: estatua desagerrarazi dute.
Esatera ausartzen naiz, ordea, lehen ere El Salvadorren zegoena ez zela estatu demokratiko bat, ez zen Suitza edo Norvegia. Lehengo estatuak bere funtzioak bete zitzakeen klase sozial pribilegiatuentzat, baina komunitateetan, pandillen agintea osoa zen lekuetan, lehen ere ez zeukaten zuzenbidezko estaturik edo demokraziarik. Beraz, ez du zentzurik orain esateak Bukelek desagerrarazi dituela.
Hala ere, gizartearen babes zabala du. Zelan azaltzen da hori?
Ez dakit nola azaldu, baina salbuespen egoeran bizitzea ez da horren larria jende askorentzat. Badakit paradoxikoa dela, baina indarkeria gehien pairatzen ziren eremuetan gehien eskertzen dute salbuespen egoera. Jende horrek uste du salbuespen egoera dela pandillarik ez egotea. Eta onartu behar da lorpen handia dela pandillak horrela desagerraraztea, eta horrek azaltzen duela, besteren artean, jendearen babes hain zabala.
Gobernuaren errepresioarena, gainera, ez da kontu berria: “Mano dura” [esku gogorra], errepresio programak, askotan egon dira. 2015 eta 2017 artean, esaterako, FMLN alderdi ezkertiarra gobernuan zegoela, gobernuak uste zuen pandillen fenomenoa bukarazi zezakeela pandilleroak hilda. Eta, horregatik, tankeak zeuden plazetan. Orain ez da horrela, egungo salbuespen egoeraren ideia ez da militarrak kalean izatea, ez da estatu militarizatu bat mugikortasuna murriztuta duena.
"Gobernuak inongo lotsarik barik dio megakartzelan dagoen presorik ez dela inoiz kalera aterako"
Aipatzen duzun garaitsu horretan argitaratu zenuen pandillari zuzenean lotutako liburu bat. Bertan El Directoren historia kontatzen zenuen. (Carta desde Zacatraz, Libros del K.O, 2018)
Carta desde Zacatraz kronika bat da, ia 400 orrialdekoa. El Directori egin nion elkarrizketa nire El Salvadorreko lehenengotarikoa izan zen, eta jakin-minarekin geratu nintzen: herrialdeko lehenengo pandillero mediatikoa izan zen. Gaur egun ezingo nukeen egin, egun ezinezkoa den zenbait lekutan sartu ahal izan bainintzen. Bera zegoen kartzela, Zacatraz, Zacatecoluca-koa, herrialdeko segurtasun handiko kartzela bakarra zen garai hartan, eta bertan elkarrizketatzeko aukera izan nuen; baita bere familia eta berarekin harremana izan zuen jende asko ere.
El Directo herrialdetik klandestinoki atera zuten, bi indar politikoren arteko borrokarako arrazoi bihurtzeak egin zuen famatu. Alde batetik, indar progresistek erakutsi nahi zuten bere historial kriminala zuen pertsona bat ere gizarteratu zitekeela; eta beste indarrek nahi zuten aurkakoa erakutsi.
Presoen gizarteratzearen eztabaida argi irabazi du punitibismoak, ezta? Bukeleren megakartzela adibide.
Bai. Gaur egun El Salvadorren esan daiteke pertsona bat bizi osorako kartzelatuko dutela. Eta agian pertsona horren aurka daukaten akusazio bakarra da dei anonimo bat, pandilleroa dela salatu duena. Gobernuak inongo lotsarik barik dio CECOTen [Terrorismoaren konfinamendu zentroa], megakartzela horretan, dagoen presorik ez dela inoiz kalera aterako. Baina, esan bezala, lehen eztabaida hori oso bizirik zegoen.
Kartzela hori bukelismoaren altxor moduan saldu dute. Orain edozein youtuber edo politikari eramaten dute bertara.
Bukelismoaz hitz egiten duzu.
Kazetaritza aldetik, El Salvador oso herrialde interesgarria da; bukelismoaren fenomenoa aztertzea asko interesatzen zait. Izan ere, Bukelek esaten duena esaten duela, beti aurkituko dituzu bere bideoak edo adierazpenak justu kontrakoa esaten.
Orain dela hamar urte FMLN alderdian zegoenean bazirudien bera zela itxaropena presidente ezkertiar bat izateko, eta hori komeni zitzaionez, milaka erreferentzia daude bera kontu horietaz ikuspegi progresistaz berba egiten; baita presidente bat bi aldiz aukeratzearen aurka ere. Horregatik diot ulertu behar dela gizartea, Nayib Bukeleren proiektu politikoa ulertu ahal izateko. Eta nahiz eta oposizioak ukatu, indarrean sartu eta sei urtera gizartearen %80 edo gehiagoren babesa du. Hori ez da inoiz gertatu: horregatik sentitzen naiz eroso bukelismoaz berba egin eran, uste baitut hemendik urte batzuetara fenomeno hori ikertu egingo dela.
Fenomeno oso inbasorea da, eta denetarako ematen du. Batetik, El Salvadorko zuzenbidezko estatu ahula guztiz desegin du eta pertsona baten burutazioen arabera hartzen dira erabakiak; baina, bestetik, pertsona horrek, hiru botereen kontzentrazioa oinarri hartuta, lortu du sinesgaitza zena gu guztiontzat: pandillak ia ezdeusak izatea, komunitateak banatzen zituzten muga ikusezinak desagerraraztea.
Agian aztertuko duzu fenomenoa, baina egun beste lan bat daukazu esku artean. Zertan ari zara?
Liburu baten idazketan murgilduta nago. Pandillen munduarekin dago lotuta, baina uste dut kutsu positibo batean joango dela. Liburu berri honek lantzen du El Salvadorrek duen zor historiko bat: ehun soziala berrezartzeko saiakera. Gerra Zibiletik, aurretik ez esateagatik, dauka lan hori egiteko herrialdeak. Gerra amaitu zen, Nazio Batuen Erakundearen ereduko bake prozesu bat izan zen eta dirua heldu zen herrialdera, baina kontu asko landu barik geratu ziren: buru osasuna, esaterako. Orain badago horri heltzeko asmo bat. Badago fundazio bat, Forever izenekoa, programa bat martxan jartzen ari dena mota horretako indarkeria bortitza jasan duten gizarteak sendatzeko.
Biktimekin berba egiten aritu naiz, elkarrizketatzen. Jendeari kendu zaion pisua sekulakoa da, lehen asko ez ziren etxetik ateratzen. Orain jendeak berba egin dezake, pandilleroak salatu ditzake; lehen premisa zen “ikusi, entzun eta isildu”, eta horrek eragiten zuen pandillak ez desagertzea. Gobernuaren politika hauek, esan bezala, ez dira berriak; baina oraingoan, ezberdintasuna da jendearen ehuneko zabal batek presidentearengan sinisten duela. Hiru urte daramatza salbuespen egoerak, eta badirudi badaudela zantzuak esperantzarako. Nik uste dut egoera horrek ia guztiz desagerrarazi dituela pandillak, behintzat, ezagutzen genituen moduan: edo, behintzat, asko zaildu du berriz agertzea. Baina izan daiteke bestelako fenomenoren bat agertzea, eskualdean klasikoagoa dena, narkotrafikoarekin lotuagoa. Ze, oraindik ere, oso herrialde bortitza gara.
Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]
Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]
Hauteskundeen emaitzak ez du inor sorpresaz hartu El Salvadorren: azken bost urteetan presidente izan dutenak horretan jarraituko du gainontzeko bostetan ere. Berrautaketa lortu duen herrialdeko lehen presidentea da; besteak beste, konstituzioak debekatzen duelako. Baina, botere... [+]
"Gizarteari eragindako kaltea konpontzeko", egunean 3.000 preso ingururi ezartzen dizkiete era guztietako lan behartuak, ordaindu gabe. Gero eta lanordu gehiago bete, orduan eta lehenago aterako dituzte espetxetik.
“Amerikako kartzelarik handiena” sortu du Bukele presidenteak, bandakideak sartzeko. Banda guztietakoak egongo dira nahastuta, 2020tik egin moduan. Giza eskubideen aldeko taldeek kartzeletako egoera salatu dute, eta ohartarazi bandak nahasteak hilketak eta matxinadak... [+]
Sabino Arana saria jaso zuen urtarrilean Amaiurko Gaztelu Elkarteak. Herriko zinpeko alkate eta elkarteko kide Isabel Alemanek jaso zuen garaikurra. 1982an, gazteluak ageri duen monumentua jaso zutenean, hantxe zen Isabel, jakile eta lekuko zuzen.
Herritarren nahiaren kontra eginez eta nazioarteko finantza instituzioen aholkuei bizkarra erakutsiz, bere nahia gauzatu du Nayib Bukele presidenteak: El Salvadorreko moneta ofiziala bihurtu da bitcoin izeneko diru birtuala. Estatuek kontrolatuko ez zuten moneta zuten amets... [+]
Herritarren nahiaren kontra eginez eta nazioarteko finantza instituzioen aholkuei bizkarra erakutsiz, bere nahia gauzatu du Nayib Bukele presidenteak: El Salvadorreko moneta ofiziala bihurtu da bitcoin izeneko diru birtuala. Estatuek kontrolatuko ez zuten moneta zuten amets... [+]
El Salvadorreko 2019ko hauteskunde presidentzialak Nayib Bukele-k irabazi zituen lehenengo itzulian botoen %53,1arekin. Presidente berriak 37 urte zituen enpresaria zen, bere publizitate agentzia hamabi urtez aritu zen FMLNren komunikazio eta propaganda kudeatzen eta alderdi... [+]