argia.eus
INPRIMATU
Iruzurgile ala matxino?
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2025eko otsailaren 12a
Argazkia: Tyche
Argazkia: Tyche

Judea, K.o II. mendea. Erromatar probintziako giro nahasi betean, Gadalias eta Saulosen kontrako epaiketa egin zuten, iruzurra eta zerga-saihestea leporatuta. Epaiketaren berri grekeraz idatzitako 133 lerroko papiro batean jaso zuten (argazkian). Dokumentu nabateoa zela pentsatuta, ahaztuta geratu zen papiroa. Baina 2014an Hannah Cotton ikerlaria esku artean zuen dokumentuaren garrantziaz jabetu zen –horregatik esaten diote Cotton papiroa– eta, berriki, Tyche aldizkarian hari buruzko ikerlan xehearen berri eman dute.

Gandalias notario baten semea zen, ziurrenik erromatar hiritartasuna zeukana. Indarkeriagatik, estortsioagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik salaketa mordoa zeukan aurrez, beti ere papiroaren arabera. Saulos Gandaliasen konplizea zen eta, epaileen ustez, bera izan zen dokumentu faltsuak erabiliz  zergak saihesteko plana prestatu zuena: faltsutzearen bidez, esklaboak ezkutuan erosi eta, ondoren, askatu omen zituzten, jarduera horiei zegokien zergak ez ordaintzeko.

Erromatar legeak ustelkeria, iruzurra eta faltsutzea gogor zigortzen zituen, zenbait kasutan heriotza zigorra ezartzeraino

Erromatar legeak ustelkeria, iruzurra eta faltsutzea gogor zigortzen zituen, zenbait kasutan heriotza zigorra ezartzeraino. Dokumentuak fiskalaren prestaketa lanak eta hainbat testigantza jasotzen ditu, baina ez dakigu azkenean zer zigor ezarri zieten akusatuei. Gainera, papiroan bestelako delituak ere leporatzen zaizkie, esaterako, 129. urtean Adriano enperadoreak probintziara bisita egin zuenean errebolta-ekintzak antolatu izana.

Judeako giroa oso nahasia zen garai hartan; Bar Kokhbako matxinada lehertzear zen. Gainera, esklaboak erosi eta aske uztea ez da sekula negozio errentagarria izan; zergak saihestuta, gehienez, galerak murriztea lortuko zuten.

Orduan, erromatar probintzietan  administrazioak eta epaitegiek nola funtzionatzen zuten azaltzeaz gain, zer dakarkigu Cotton papiroak? Erromatar legeak iruzurraren kontra zeukan jarreraren adibide xehe eta garbia da? Ala, gerora hainbestetan gertatuko zen bezala, zerga-iruzurra aitzakia hutsa izan zen inperioaren aurkako jarduna zigortzeko?