argia.eus
INPRIMATU
Harreman publiko-komunitario-kooperatiboak eraikitzeaz
BeƱat Irasuegi Ibarra @birasuegi 2025eko otsailaren 12a

Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina kontzeptu politiko huts bihurtzeko arriskuarekin, beti bezala zer eta nola galderei erantzun behar diegu.

Karl Polanyi-k ederki azaldu zuen, herrigintzan eta kooperatibagintzan gabiltzanok oso modu intuitiboan badakiguna, gizartea ez duela merkatuak gidatzen eta antolatzen; eta utopia liberal hori, teknokapitalismoaren garaiotan ere, erabat disfuntzionala eta bizitzaren kontrakoa dela. Zerbait erakutsi badaiteke da, estatu eta merkatu forma ezberdinen artean, komunitatearen antolaketa izan dela gizartearen antolaketaren erdigunea, humanitatearen historia luzean zehar.

Harreman eredu publiko-pribatua hegemonikoa den gure errealitatean, eredu publiko-komunitarioa da kezka sortzen duena, kapitalismoaren Troiako zaldi ezkutu bat balitz bezala, Agamemnon eta bereak gure estatu, harreman eta bizitzetan erabat barneratuak ditugunean. Publiko-pribatuaren dikotomia onartzeak praktikaren eta diskurtsoaren kaiola neoliberalean ondo lotzen gaitu, berdin du publikoaren edo pribatuaren aldetik egiten dugun.

Publiko-pribatuaren dikotomia onartzeak praktikaren eta diskurtsoaren kaiola neoliberalean ondo lotzen gaitu, berdin du publikoaren edo pribatuaren aldetik egiten dugun

Gizartearen antolaketa komunitarioa garatzeko, berriz, herrigintzaren eta langile klasearen tresna bat erabiltzeaz serioski hitz egin beharko dugu; kooperatibismoaz ari naiz, bai. Lurralde eta proiektuetan, harreman ez merkantilizatuez ariko bagara, eta nola galderari erantzunez, ardatz kooperatiboa gehitu beharko diegu, izaera publiko-komunitarioko pentsamenduari eta praktikari.

Adibideak baditugu, kooperatibetan eremu publikoa eta komunitarioa txertatzen dituztenak, berriki herri kooperatiba eta energia komunitateetan, edo kooperatibek lurraldearekin eta jendartearekin konpromisoz, eraikitzeko gai diren interkooperazio harreman konplexuetan ikusten ditugunak.

Kapitalismoak bizitzaren aurka egiten duen egiturazko merkantilizazio prozesuan, eta estatuaren, beraz, esparru publikoaren, apropiazio autoritarioaren aurrean, eremu eta proiektu komunitarioak baliabide materialez hornitu, eta egitura publiko-komunitario-kooperatiboekin finkatzeko ordua da. Ezin dugu teoriaren zingiran ito, praktika eraldatzaileak aitortu eta zabaltzeko ordua da, lurraldeak, harreman materialak eta bizitza duinak josteko garaia.