Dragoiak eguzkia IRENTSI zuenekoa
Aksinja Kermauner
Alberdania, 2024
-------------------------------------------------------
Hamarnaka liburu idatzi ditu Aksinja Kermauner idazle esloveniarrak. Euskaraz plazaratutako lehenengoa dugu hau, Patxi Zubizarretak itzulia eta Alberdaniak argitaratua. Argitaletxearen webgunean esatean da egileak haur, gazte eta helduentzat idazten duela; horretaz gain, zentzumen urritasuna duten haurrentzat ere idatzi duela zehazten da, ukimenezko liburu ilustratuak adibide. Gaiarekiko sentsibilitatea du, ikusmen urritasuna duten gazteekin lanean aritutako emakumea da Kermauner. Dragoiak eguzkia jan zuenekoa liburuko protagonista ia itsua da, eta bere ahotik jakingo dugu ikasle eta irakasle talde batek Txinara egiten duen bidaiaren berri.
Bidaia liburu batek dituen ezaugarriak jasotzen dira: turismo gidaria den Laurak kontatuko dizkigu herrialdeko xehetasun mitologikoak (izenburuko dragoia, adibidez) eta historikoak/geografikoak, edo monumentu garrantzitsuenen detaileak.
Afera linguistikoak ere kontuan hartu ditu idazleak eta egituran eragina du horrek. Kapituluen izenburuak euskaraz, txineraz eta Pinyinez (idazketa fonetikoan) idatzita baitaude. Taldeak dastatzen dituen jakien errezeta pare bat ere aurkituko dugu. Akaso zehatzegia eta luzeegia ere baden bidaiaren egunerokotasuna kontatzen digu, finean.
Ez da, ordea, liburuan kontatzen den bidaia bakarra. Pertsonaia guztiek baina bereziki Suncan protagonistak duten barne bidaiaren kontakizuna garrantzitsua da intriga, jakin-mina eta irakurtzeko gogoa piztuta mantentzeko. Bere irakaslea eta aita dena egoskorra da, hitzak esatea kostatzen zaio eta gordetzen dituen sekretuak jakiteko liburu osoa behar du. Bidaia horretan gauza asko deskubrituko ditu Suncanek bere buruaz, bere familiaz eta bere jatorriaz ere bai.
Norbaitek pentsa lezake ia ikusten ez duen Suncan protagonistak kostata egingo digula bidaiaren erretratu erreala, sinesgarria. Baina irakurtzen hasi besterik ez dago zentzumen guztiak piztu eta liburua irakurri ahala entzun, usaindu, ukitu eta dastatzen hasteko. Protagonistak berak horrela erantzuten dio berarekin ikusi aditza erabiltzen duen ikaskide bati (75.orria): “Bai, erabili lasai ikusi aditza. Geraturen sinonimoa da. Gainera, nola edo hala ikusten dut nik: urrunetik belarrien bitartez eta hurbiletik eskuen bitartez”. Dragoiak eguzkia irensten duenean eklipsea gertatzen da eta (ez)argi horretan hobeto ikusten da sarri. Ariketa zinez interesgarria egileak proposatzen duena.