argia.eus
INPRIMATU
Despremu deprimituaren ondarea
Katixa Dolhare-Zaldunbide 2025eko otsailaren 12a
MAIDER LETURIAGA

Berriki landu ditut klasean Etxahun Barkoxeren kobla eder eta hunkigarriak. Gaizo gizona! “Edertasunez praube” sortu zelako hasi zitzaizkion etxeko nahigabeak, baina hamazazpi urtetan zen pulunpaka sartu zorigaitzaren itsasoan, maite zuen Marie Rospide doterik gabeko neskatoa eta horrek sabelean zekarren semea utzi behar izan zituelarik, ontasuna zuen Engrazi Pelento-rekin ezkontzeko. Baina andre horrendako ere, dio Jean Haritxelhar-ek bere tesian, ezkontza behartua izan zen, hura, bertze gizon batez maitemindua zelako. Etxahunek kontatzen digu osabak “desprimützera” erabaki zuela, “primagen xangriti” zegoela “hemeretzü” urtetan, “hirur etxalte bei[zin] galdü aitagati” eta “amak ere” ez zuela “primürazi” nahi. Horrela frogatu zuen Etxahunek ondoriotasun materialaren zentraltasuna belaunaldi arteko elkarbizitzan, garaiko euskal jendartean.

Eta hara non ikusten dudan, Le 1 hebdo astekariaren urtarrilaren 15eko zenbakiaren gai nagusia dela, hain zuzen ere, ondoriotasuna, gaur egun. Alabaina, du idazten Julien Bisson erredakzio zuzendariak, soziologoek diote gero eta zailago zaiola norbanakoari bere lanetik aberastea eta aita-amek utzitako ondarearen esperantzan daudela jende gero eta gehiago, beren lanetik oparotasunik atera ezinean. Etxahunen bizipen tragikoa eta Balzac-ek marraztu XIX. mendeko Giza komedia berriz ikustekoak genituzkeela ematen du…

Etxahun Barkoxeren bizitza tragikoa izan zen, ondoriotasun materialaren kontua izan zuelako galbide, baina ondorioz erdietsi zuen kultura immaterialak lagundu zuen bizirauten

Bizkitartean, ondarea ez da materiala bakarrik izaten: ondarea, kulturala ere bada. Kontu horretan, xantza handia daukagu, euskaldunok, transmisio linguistiko eta kulturala ez dugulako eten familietan, neurri batean, bederen. Lionel Arnaud sozio-politologoak erakutsi du, hainbat artikulutan eta Euskal Kultur Erakundeak babesten duen Etnopoloaren iazko kolokioan, XVIII. mendetik hasita, Frantziak pixkanaka eskua hartu duela kultura alorrean, estatuaren eremu osoan, ekintza publikoen bidez erakutsi nahian kultura alorrean badaudela normak, badagoela hierarkia bat. Egun, dio Lionel Arnaud-k, ekintza kultural ofizialek bereizketa hori gainditu nahi dute, eta herritar soilen sorkuntza gaitasunak sustatu. Baina, anartean, gaitzak izan du eragin: Frantziako bertze kultura zapaldu gehienetan, kultura herrikoia desagertu da, edo hilzorian da.

Hori, aski argiki ondoriozta genezake plumas.occitanica.eu linean irakur daitekeen aldizkari literario okzitaniarrak atera duen azken zenbakitik. Antzerti okzitaniarra, bretoia eta korsikarra ditu aipagai. Ageri denez, ez da gehiago plaza ikusgarri herritarrik, lurralde horietan: antzerkigintza bideratzen dute talde profesional edo amatur batzuek, zailtasunak zailtasun, diruztatzaile publikoen irizpide administratiboen araberako proiektuak eginez, anitzetan. Hego Euskal Herrian, antzerki mundua egituratu eta instituzionalizatu da, bizirauteko. Iparrean, berriz, herritarrek dute oraino, parte, biziarazten, nahiz eta, Peio Berterretxek zioen bezala ARGIAn, 2.899 zenbakian, gero eta gutiago ematen dioten zentzu sozial eta politiko akuilatzailerik.

Etxahun Barkoxeren bizitza tragikoa izan zen, ondoriotasun materialaren kontua izan zuelako galbide, baina ondorioz erdietsi zuen kultura immaterialak lagundu zuen bizirauten eta, egun, haren koblak sartuak dira gure ondasun kolektiboan. Guri dagokigu, orain, ondasun kolektibo horren zaintzea. Ea, ba, datozen ihauteri garaiko ekitaldi herrikoiak kultura transmisioren lekuko izanen diren, “ahaide delizius” zonbaitetan bideratuz bihotz berotzeko itxaropen pixka bat.