Erretiratu berri den lankide-ohi baten omenez, Historiako irakaslea. Bejondeizula!
Hezkuntza-legeek azpimarratzen dute zein garrantzitsua den ikasleengan pentsamendu kritikoa sustatzea. Baina irakasle-klaustroak, garai batean ideien eztabaidarako eta proposamenak kontrastatzeko guneak, egun bilera isilak bihurtu dira, non zentroko zuzendaritzak egin beharrekoaren berri ematen duen: beti "goitik" dator eta eztabaidatu ezinezkoa da. Gehienez iruzkin irrigarriren bat eta algara urduri batzuk entzungo dira, protesta txiki lagin gisa, inolako eragin gabeak.
Dena aurre-kozinatuta datorkigu (horrela etorri behar zena izan ezik). Hori ez omen da bateraezina zentroen autonomia ospetsuarekin. Hitza eta botoa genituen aspaldi. Orain behartuta gaude gure botoa ematera ezertarako balio ez duten kontuetan eta, askotan, botoa eman nahi ez dugunean ere. Boto kolegiatua omen da. Adibidez, ikastetxeak zein irakasgai eskaini behar dituen erabakitzeko orduan; erabaki hori lankide batzuentzat onuragarri izango da, baina beste batzuk izorratuko ditu. Klaustro-kide batek esaten badu, zilegitasun osoz, ez duela botorik eman nahi trantze horretan, ez duelako lankiderik kaltetu nahi, bilera ezin da amaitu abstentzioak ez direlako onartzen. Ez abstentziorik ez kritikarik. Horrelakoa da eta horrela irentsi behar. Bozkatu eta isil zaitez.
Oholtzak kendu genituen ikasgeletatik, hierarkia kutsurik ez egoteko ikasleen eta irakaslearen artean, baina klaustroak egiteko modua kontrako zentzuan aldatu dugu, iraganean biribilean esertzen ginen, aurpegiak ikusi eta elkarri hitz egin aldera; egun, aldiz, aulkiak ilaratan, denak pantailara begira, Power Point saihetsezina ikusi ahal izateko. Aginduak entzutea nahikoa ez balitz bezala, marrazkitxoak dituen pantaila batean jartzen dizkigute. Hor agertuko dira eztabaidatu ezin ditugun gauza horiek guztiak.
Egun, e-posta bat jaso dezakegu (gure laneko helbidean) autoak fabrikatzen dituen multinazional batek bidalita
Egun, e-posta bat jaso dezakegu (gure laneko helbidean) autoak fabrikatzen dituen multinazional batek bidalita. Lotsarik gabe bidaltzen diete Hezkuntza Saileko arduradunei edo Berritzeguneei, eta hor norbaitek zentroetako zuzendaritza-taldeei helarazten die, non segituan, irakasle guztiei birbidaltzen dieten. Autoak fabrikatzen dituen enpresaren prestakuntza-programa 10. edizioan dago. Zuzendaritza taldeko lankideek birbidalitako mezu elektronikoan programaren webgunerako esteka dago. Irakasle eta ikasleei zuzenean zuzentzen zatzaizkie: “Mundua hobetu nahi baduzu, onartu erronka eta eman izena”.
Erronka zertan eta birziklapenaren eta kontsumo arduratsuaren kultura sustatzean datza; elikadura- eta energia-pobrezia desagerraraztean; askotariko gaitasunak dituzten pertsonen gizarte- edo lan-inklusioa sustatzean; gure itsasoen kutsaduraren aurka borrokatzean; aniztasunaren errespetua sustatzean; genero-indarkeriari edo jazarpenari buruzko gizarte kontzientziatzean; klima-aldaketaren ondorioak murriztean; osasun mentaleko arazoak prebenitzean eta pertsonen egoera emozionala hobetzean; hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzean. Ez dut bat bera ere asmatu, zin dagizuet. Zera gaineratzen dute, gure ikasleei zuzenduta (zure seme-alabak, akaso): “Zure inguruan begiratu eta zure buruari galderak egiten hasten bazara, erronkak amaigabeak direla ikusiko duzu! Mundu hobe bat eraikitzeko mugitzen hasi behar dugu orain. Ez izan zalantzarik eta eman izena oraintxe bertan [gure ikastaroaren] 10. edizioan!”.
Behinola ez zitzaigun horrelakorik iristen, baina antzekorik iritsiz gero, klaustroan eztabaidatzeko aukera zegoen. Egia esan, ondo prestatu dute: orain inork ez du eztabaidatuko. Zergatik ez eman gure ikasleen izenak –zure seme-alabarenak– mundua hobetzeko erronkan, bada?