argia.eus
INPRIMATU
Zenbat dira 30 urte?
Gorka Intxausti 2025eko urtarrilaren 30
Enata Ituarte

Dena
NOIZ: urtarrilaren 18an.
NON: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------

Galdera bat dabilkit buruan azken aldian: zenbat aldatzen dira gauzak 30 urtetan? Bai, irakurle, asmatu duzu: hiru hamarkada bete berri ditut. Laugarren atalean sartu denaren krisi ezaguna izango da, kontixu. Nolanahi ere den, nire bizitzako lehen kronika honetan –beste batzuek motoak, etxeak eta abar erosten dituzte, kar-kar–  galdera horri erantzutea dut xede.

Jimmyko kontzertu egunetako plan ohikoari jarraikiz, Murgian hasi eta Andagoya tabernan bukatu dugu poteotxoa. Azkena eskatu bitartean, boga-boga, itsasorantz zijoaz eta tabernako begi eta ezpain ertzetako zimurren zorion keinuak begi-belarrien gozagarri. Gazteenetakoak garela aipatu dit lagun batek, ia ahapeka. Zera pentsatu dut neure artean: full respect, baina ni ez naiz Deliriumengatik etorri.

Urteak pasa arren, gauza batzuk ez dira aldatzen: justu-justu iritsi gara ordurako. Haizea alde dugu gaur, ordea, eta tartea izan dugu jakentzako pausaleku egokia bilatu, lau euroko garagardoa eskatu eta kontzertua hasi arteko lasaitasunean inguruari erreparatzeko. Atentzioa eman digu Xabaten bateria laranja-garden kolorekoa lehen lerroan ikusteak, eta sekulako presentzia izango duela aipatzen ari ginela amets, amets egin... introak isilarazi gaitu.

Oholtzaratu da hirukote gaztea, mugadun hutsunetik bueltako hirugarren kontzertuan. Ez da berrikuntza bakarra: Beñatek (Mahl Kobat) joko du baxua aurrerantzean. Hori gutxi balitz bezala, nahiz eta oraindik kaleratu ez den, disko berria jo dute kontzertuaren lehen erdian, goitik behera. Gitarraren distortsioak eta oihu zakarrek, erritmo aldaketa bortitzek eta letra sakonek hor jarraituko dute hirugarren lan luzean.

Bestalde, nago, esentzia ez, baina inozentzia galdu dutela; kozkortu egin direla eta egiteko modu bat ari direla oholtzaratzen azken aldian. Taldeen intentzioak eta izaera ez baitira sarri musikan soilik antzematen. Eszena eta kultura ulertzeko moduaren adierazle, abesti artean bota dituzten honako hauek: palestinar erresistentziarekiko elkartasuna, bat; Aroztegiaren aurkako borroka eta manifestaziorako deia, bi; eta kontzertu aretoak denontzako espazio seguru izan behar dutelako aldarria, beste Beñatek oraindik lotsa puntu batekin ahoskatzen duen arren. Hiru.

Lehen biak duela 30 urte ere entzungo lirateke gizonek eskainiriko kontzertu batean. Hirugarrena ordea, zail egiten zait imajinatzen. Bigarren kontzertuan ez dut halakorik entzun. Hortxe duzu, irakurle, galderaren erantzuna. Zuk baloratu hori asko ala gutxi den.