Mundu mailako erasoaldi inperialista betean gaude, mendebaldeko burgesiak gidatuta. Ofentsiba inperialistak hartu duen forma gerrarena da, aldaera guztiekin: gerra ekonomikoa, gerra kognitibo eta kulturala, lawfarea; eta, noski, gerra militarra. Mendebaldeko inperialismoak eguneratu egin du Clausewitz-en kontzeptualizazioa, eta harago joan da: gerra ez da soilik “politika beste bitarteko batzuk erabilita”; politika, kultura, ekonomia eta algoritmoa ere, besteak beste, azken finean, gerra dira, beste bitarteko batzuk erabilita.
Egun bizi dugun gerra globalaren fronteak ugaritzen ari dira: Abya Yala, Ekialdeko Asia, Sahel, Magreb, Ekialdeko Europa, Mendebaldeko Asia... eta gero eta lotura handiagoa dute elkarrekiko. Azken hamarkadetan ofentsiba inperialista gauzatzeko modu nagusia intentsitate baxuko gerra izan bada ere, azken urteotan gero eta argiago ikusi da "gerra bigunaren" fronte guztiek bat egiteko joera erakutsi dutela, mundu mailako erabateko gerra militarrean. Horren adierazle dira Ekialdeko Europako eskalada kualitatiboa eta Mendebaldeko Asian ofentsiba sionistaren hedapena. Edota NATOren azken goi-bileretan, Europako ordezkariek eta burgesia atlantistak sinatutako dokumentu estrategikoak, non, argi eta garbi, apustua egin duten gerra-ekonomien, berrarmatzearen, gastu militarraren igoeraren eta gatazka global baterako prestatzeko beharraren alde.
Inperialismoaren indar suntsitzailearen hedapenarekin batera, deskolonizazio eta askapen nazionaleko borrokak ere areagotzen ari dira, bereziki Hego Globalean
Gerra-egoerak eta bizi dugun krisi kapitalistak izugarri azkartu dituzte kontraesan sistemikoak. Baina inperialismoaren indar suntsitzailearen hedapenarekin batera, deskolonizazio eta askapen nazionaleko borrokak ere areagotzen ari dira, bereziki Hego Globalean. Horrek zuzenean interpelatzen ditu zentro inperialistako eta Euskal Herriko herri mugimendu eta antolakundeak. Mendebaldeko burgesiaren biziraupen-gerraren aurrean, Euskal Herrian premiazko bi zeregin ditugu: batetik, inperialismoaren aurka borrokatzen duen herri langile guztienganako elkartasuna antolatzea, erresistentziarako eskubidea defendatuta; bestetik, gerrak sortzen dituen kontraesanak baliatzea klase eta herri langile gisa berrantolatzeko, Euskal Herriko klase eta nazio askapen borroka suspertuta. Derrotismo iraultzailearen kontsigna eta estrategia leninista eguneratu eta lurreratzeko beharra dugu, gerra inperialista klase-gerra bihurtzeko.
Mendebaldeko burgesiak gerra deklaratu dio munduari. Gerra egin diezaiogun, beraz, burgesiari eta haren gerra inperialistari!