Bizitzak dena inguratzen du, mugatua eta hauskorra da. Bizitza onak bizitzeko, gorputzak zer egin badakiela iruditzen zait, buruak ordea, nahiz eta jakin (ondo informatuta dagoenean), askotan gorputza nahita isiltzen duela ikusten dut. Isiltze horretan burua beste buru batzuekiko harremanetara irekitzen da: sistema. Batzuetan sistema mendekotasun harremanetan oinarritzen da, gorputza beste buru eta interesen menpe jarrita. Bestetan, sistema elkarrekikotasun harremanen baitan eraikitzen da.
Aste honetan zientzia fikziozko pelikula bat ikusi dut: teknologia aurreratuenez eta oparotasun materialez beteriko munduan bizi zen zibilizazio batean, guraso batek kanpora joan behar zuen lanera zebait urtez, hilzorian zeukan alabari tratamendua ordaintzeko; euren gorputzak aldentzen eta isiltzen ziren. Euren sisteman, gailu aurreratuenak eskuragai zeuden, osasuna gorputzak menderatzeko tresna bilakatu zen.
Garaiotan ere, pertsona askok bizitza kontuengatik migratzen du, buruak nahi ez baina euren gorputzak behar dituen aldaketak egitera behartzen ditu. Pertsona migratuekin lantegiak egin ditudanean eta Osakidetzako aplikazioa mugikorrean jartzen dugunean aurretiko hitzorduak hartzen ikasteko, Osakidetza hitzaren esanahia azaltzen diet: lankidetza bat herritarron osasuna zaintzeko; hunkituta geratzen dira. Ez da gutxiagorako, bizitza babesteko sistemak altxor bat dira. Amerikako Estatu Batuetan, baliabiderik ez duten haurrek limoi zukua saltzen dute ebakuntza bat finantzatzeko, edota crowdfunding bat egiten dute dohaintzak lortzeko. Mexikotik gertu daudenak beste aldera joaten dira, han osasuna unibertsala delako; nire alabak berak Mexikoko osasun publikoko zerbitzuak erabili behar izan zituen behin, eta arreta bikaina eskaini ziguten. Azken asteetan, ordea, boteretsu guztiak gerrarako sistemak sortzeko beharraz dihardute.