Hiru korapilotan mordoilotzen digute euskaldunon elkarbizitza, eta urte luzez, pazientzia handiz eta erabakitasun irmoz ekin arren, loturok askatu ezinean gabiltza. Hiru bederen badira uneko korapiloak: presoak, euskara, etorkinak.
Urte berriarekin elkartu ohi gara milaka Bilbon, Euskal Herri osotik eta are urrunagotik etorritako herritar, lagun, adiskide, bidaide eta solidarioak, euskal preso politikoak eta errefuxiatuak behingoz askatu eta elkarbizitza baketsu eta askea proposatu-eskatu-erregutuz estatuari. Baina martxa honetan, datorren urtean ere itzuli beharra izango dugu. Espainiako Estatuko hainbat botere, aginte eta gobernutakoek ez baitute presoen korapiloa guztiz askatu nahi. Gugandik zerbait lortu nahi duen euskaldunak gure gobernuaren musikan dantzatu beharko du, kalkulatzen dute Madriletik. Eta horrela doaz urteak eta hamarkadak presoen korapiloari amaiera eman ezinik.
Euskara dugu bigarren korapiloa. Erregimen frankistan egoera okerragoa zela eta, ondorengoek elebitasuna bederen eman digutela eta, hor gabiltza euskaldunok nahi eta ezinean, ikasi baina ezin erabili, hemen koofizial baina hor eta han ez, eta beti ere gaztelerara eta frantsesera derrigortuta, geurea den euskara atzeraka doala minez eta dolorez ikusi eta, hala ere, estatuen aginduei amore eman beharrean, beti etxe kalte.
Geure justizia sistema propioa behar dugu, zigorrean bainoago integrazioan oinarritua; geure kultura, hizkuntza, nortasuna garatu, geure historia eta memoria kolektiboa geuk landu
Etorkinen gaineko egoera da hirugarren korapiloa. Ongi etorri gure etxera, errefuxiatu, txiro, zigortu, baztertu, lurrean kondenatuok. Horra gure sentimendua. Harrera egokia eskaini nahian, beraien nortasunak errespetuz zaindu eta gure naziotasunean bat egiteko eskuak zabaldu nahian. Baina gure etxea ez da gure, ezin dugu gure etxea gobernatu, eta estatutik, berriro ere, horretaz baliatzen dira bai etorkinen bai euskaldunon nortasunak madre patria-ren lokatzetan ito nahian.
Urte zaharra joan eta berria etorri, euskaldunok ezin dugu estatu biek lotutako korapilo horietan mordoiloturik jarraitu. Guk geuk etxean zabaldu eta sendotu behar dugu elkarbizitza, zorroztu burujabetzara, askatasunera eta bakera eramango gaituen estrategia propioa. Euskal Herrian bertan herritarron arteko batasuna lor daitekeela ikusi dugu Bilboko manifestazio sendoan, baita nazioarteko elkartasuna eskuratu ere.
Euskaldunok bertoko alderdi, sindikatu, instituzio eta herri erakundeak batu eta oinarrizko nazio helburuen inguruan adostasunean jarri behar ditugu, helburu zehatzen inguruan Ipar eta Hego, Nafarroa eta Bizkaia, Zuberoa eta Lapurdi, Araba eta Gipuzkoa, Euskal Herria bat garelako. Helburuak argi, aurrera egin naziogintzan konplexurik gabe. Oinarrizko elementuetan ez dugu atzera egin behar, euskal presoak preso politiko dira, gatazka politikoa den moduan, eta bide politiko demokratikoetatik bideratu behar ditugu soluzioak. Geure justizia sistema propioa behar dugu, zigorrean bainoago integrazioan oinarritua; geure kultura, hizkuntza, nortasuna garatu, geure historia eta memoria kolektiboa geuk landu, euskal nazioari egitura demokratikoa eskaini eta etorkizun propioa garatu.
Euskaldunok gauza gara, geure dimentsioetan, hori guztia era bikainean egiteko, are Madrilekoak eta Parisekoak baino ezagutza eta kualifikazio egokiagoan.
Burujabetza arlo horietan guztietan eskuratu behar dugu 2025 honetatik aurrera, eta korapiloak askatu.