Groenlandia, X. mendearen amaiera. Lehen esploratzaile eta kolono eskandinaviarrak uhartera iritsi ziren. Baina XV. menderako kokaleku horiek abandonatuta zituzten eta jatorrizko inuitak geratu ziren. Baina 1721an, Hans Egede misiolariak espedizio bat antolatu zuen eta kolonoak egungo Nuuk hiri inguruan kokatzen hasi ziren. Orduz geroztik, Groenlandia Danimarkako lurraldea da, ofizialki erresumara 1953an atxiki arren. 1979an, erreferendum bidez, lurralde autonomo estatusa lortu zuen, eta 2009an beste erreferendum batek eskumen gehiago eman zizkion. Danimarkako Gobernuak berriki adierazi du groenlandiarrek beraiek erabakiko dutela beren etorkizuna. Hau da, autodeterminazio eskubidea aitortu die uharteko 56.000 biztanleei –daniarren nahia erresumaren barruan geratzea dela azpimarratu arren–.
Baina Groenlandiaren bidean beste eragile garrantzitsu bat agertu zen aspaldi: AEBak. Groenlandia erosteko Trumpek adierazitako asmoa ez da berria. 1867an, AEBek Alaska Errusiari erosi ziotenean, Washingtongo politikari eta intelektualek munduko uharte handienarekin berdin egitea eskatu zuten.
1946an James Byrnes AEBetako estatu idazkariak beste eskaintza bat luzatu zuen: uhartearen truke 100 milioi dolar ordaintzeko prest zeuden, urrezko lingotetan
Baina ez zuten lortuko Groenlandia zapaltzea Bigarren Mundu Gerra arte. Danimarka alemaniarrek okupatuta, AEBetako armadak Groenlandia okupatu zuen. Daniar Defentsarako Errege Eskolako kide Mark Jacobsenen hitzetan, “hasieran, Groenlandiaren okupazioa Danimarkaren gonbidapena izan zen ia, nazien mehatxua zela eta, baina gerra amaitzean Danimarkak esan zuen mehatxua amaitua zela eta erretiratu zitezkeela”. Jakina, AEBak ez ziren erretiratu, eta mehatxu sobietarraren aitzakian, hamarkada luzetan jarraitu dute.
1946an James Byrnes AEBetako estatu idazkariak beste eskaintza bat luzatu zuen: uhartearen truke 100 milioi dolar ordaintzeko prest zeuden, urrezko lingotetan. Daniar gobernuak ezezkoa esan zuen. Baina 1951n, AEBetako armadak uhartea uzteko inolako asmorik ez zeukala ikusita, amore eman eta estatubatuarren presentzia arautzeko akordioa sinatu behar izan zuen.
Militarki gune estrategikoa zen orduan Groenlandia. Gaur, irlaren %80 hartzen zuen izotzak atzera egin ahala, itsasoz merkataritza bide berriak irekitzen ari dira eta, lehorrean, baliabide naturalak, hala nola burdina eta uranioa, errazago ustiatu daitezke. Finean, Groenlandia nahi dute ukatzen duten klima aldaketari zukua ateratzeko.