argia.eus
INPRIMATU
Urte berri goiza
Jose Ignazio Ansorena 2025eko urtarrilaren 15

Urte berri goiza Joxe Ansorenak, gure aitona Isidroren anaiak, sortutako biribilketa baten izenburua da, urteberri goizean txistulariek kalez kale jo zezaten asmatua. Doinu horren airean, gaueko kondarrak bilduz joaten ginen, zabor kamioiak bezala. Behin, Sakito mozkor galanta aurre-aurrean jarri zitzaidan bidean oztopo eginez. Gelditu, txistua ahotik kendu eta Fuuuu, putz egin nion muturrean: "Hurrengoan superbotereekin egingo diat", bota nion serio demonio. Sinetsi eta baztertu egin zen.

Telebistan rave famatuen berriek huraxe gogoratu: "Hau bezalakorik! Zazpi egun daramatzagu dantzan". Dantza zeri esaten zaion. Haiena, talko hauts, tripitxo, estasi edo meta guztien laguntza izan arren, ezinaren kulunka errepikakor baldar eta zozoa besterik ez zen.

Umetan, etxean asko izan eta birramona Generosaren ohe berean egiten nuen lo. Etxe azpiko Plaza Berrian mozkorrak entzuten genituenean, euri hotza eta haizea zebiltzala, belarrira xuxurlatzen zidan: "Igualeko ederki gaude". Orduan ez nion ulertzen. Orain bai, ordea. Amonak jakintsuak baitira bizitza eta olgeta kontuez. Etxe ondoko Doroteak biloba neskak berbenara joaten zirenean, horrela agurtzen zituen: "Ongi pasa neskak, baina kartutxera itxita". Fustiñanako Fermina, aldiz, esplizituagoa zen: "Pasadlo bien, majas… Pero no folléis".

Urteberriek berritik oso gutxi izaten dute. Urtarrilaren erdian, 2025a maiztuta dago. Gelditu al dira Gaza edo Ukrainako gerrak? Emakume eta adin txikikoekiko biolentzia amatatu al da?

Natorren harira. Hori dena Urteberriaren iritsiera ospatzeko. Baina urteberriek berritik oso gutxi izaten dute. Hain gutxi ere, non dagoeneko urtarrilaren erdian, 2025a maiztuta dagoen. Gelditu al dira Gaza edo Ukrainako gerrak? Neurrigabeko aberatsek onartu al dute euren ondasun metaketaren jatorrian lapurreta dagoela eta prest agertu arpilatutako mordoak banatzeko? Emakume eta adin txikikoekiko biolentzia amatatu al da? Etorkinak besoak zabalik hartzen hasi al gara? Ez al dugu jada gure festen oinarrian alkohol, zarata eta zarama gehiegi jartzen? Zorri piztuak ez al dira dagoeneko okerrenak?

"Inork ez dio jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten, adabakiak jantzia behartu eta zarratada handiago egingo bailuke". Mateoren ebanjelioko parabola da. Horixe egin beharko: Urte berri goiza jotzen hasi aurretik, partxe txiki eta eskas batzuk jarri zorterik ote dagoen probatzeko. Esaterako, Euskal Herriko Irrintzilari Elkarte berriaren gidaritzapean, kanpaien hotsen ordez, irrintzika agurtu urtezaharrak eta berriak. Sakitok iritzia: ados, baina aurretik eta ondoren, zurrutadaka galanki eginez.

Esnif… Adimen naturala adabakiak jartzeko ere eskas geratzen denez, artifizialarekin probatu beharko. Ez da beste aukerarik. Baztandarren eran esateko: doike.