2018an itzali nituen sare sozialak, baita gailuen jakinarazpen gehienak ere, bizitzan arreta non jarri kontrolatzen hasteko saiatu asmoz. Egunero lan horretan jarraitzen dut, sitsa argira nola, nire jakin-minak errealitatea ulertzen lagunduko didan informazio freskoa bilatzen duelako etengabe. Garai hartan ez nuen alternatibarik behar, nire kasuan desintoxikazio lan bat zen, nire bizitzaren bilakaketan uhalak berreskuratzeko beharrak bultzatuta. Bestalde, giroa jada ez zitzaidan atzegina suertatzen, norgehiagokan sartuta ziren pertsonak eta erakundeak, botere mediatikoaren grinak gidatuta, ez ezagutzak. Atzean, grin horiek elikatuz sare sozialen jabeak eta giza espeziea degradatzeko diseinatutako negozio ereduak sustatzen dituzten teknologiak.
Baina berriro ireki ditut; bada alternatiba bat, fedibertsoa, sareak egiteko eta erabiltzeko modu ezberdin bat. Bertan, ez da datuei loturiko negozio eredurik sustatzen, instantzia (zerbitzari) ezberdinetatik sartu zaitezke edota zurea sortu. Egungo eduki eta elkarrizketa sareek dituzten aukera guztiak eskaintzen dituzte, kalitate eta etika handiagoz. Peertube.eus (bideoetarako Youtube-ren alternatiba), pexelfed.eus (argazkietarako Instagram-en alternatiba) eta mastodon.eus (saretzeko X eta Facebook eta Bluesky-ren alternatiba) erabiltzen ditut gaur egun, eta horiek eskatzen didaten arreta kudeatzeko errazagoa iruditzen zait.
Beharbada zu ere sareen inguruan hausnarketa egiten zabiltza, beharbada erabileraren zentzua argi duzu, baina atzetik dagoen guztia ez duzu sustatu nahi, zer edo zer aldatu behar dela uste duzu, baina nork egingo du lan hori? Ez, ez dute gobernuek egingo, ezta plataformen jabeek ere, azken asteetan adierazi baitute gorrotoaren diskurtsoa ez dela zainduko espazio horietan, euren negoziorako errentagarria baita oso. Gobernuek ere galduta dirudite. Beraz, bakoitzak erabaki beharko du, eta zalantzak izatekotan laguntza bilatu, adibidez goazenlagunok.eus ekimenean. Ni jada beste aldean nago; fedibertsora bazatoz, bertan ikusiko dugu elkar.