Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren; errealitate alternatibo hori kontatzea du xede. Baina Israelgo estatu sionistari ez zaio planteamendua gustatu. Zentsura jasan du filmak, eta mehatxupean da Younis. Aldi berean, baina, publiko konkretu baten babesa jaso du nazioartean, baita sariren bat eskuratu ere.
Ez zen asko falta izan. Ia-ia heldu zen pelikula Tel Aviv hiriaren kanpoaldeko zinema-areto batean proiektatzera. Baina aktibismo palestinarrak pare-parean egin zuen topo sionismo erradikalarekin. Estreinaldia baino egun gutxi lehenago, Palestina zanpatzearen alde dagoen tipo bat garaiz ohartu zen gertatzear zenaz, Palestina askea irudikatuko zuen fikziozko film bat proiektatzear zirela, eta Israelgo Gobernuko Kultura ministroari izkribua bidali zion, urgentziaz eskatzeko geldi zezala “kolpe terrorista”. Hala egin zuen Miki Zohar ministroak, makineria martxan ipinita. LYD-ek Israelen egingo zuen lehen proiekzioa zatekeen.
Film “burugabe eta maltzur” gisa definitu zuen ministroak, “fundamentu gutxiko gezurra”, manipulatua, Israelgo estatuaren aurkakoa, kalumniaz betea. Hala hauspotu zuten hainbat hedabidek, eta, ministroak Poliziari eskatu ez ezik, komunikabideek ere presio egin zuten estreinaldia galarazteko. Poliziak “ohartarazpen solasaldi bat” izan zuen zinema-aretoko zuzendariarekin eta programatzailearekin, eta, azkenean, gobernuaren esanetan, zinema-aretoko kudeatzaileek haien borondatez kendu zuten filma afixategitik. Antza, “baimenik” ez zuelako. Izan ere, Kultura Ministerioaren parte den Israelgo Zinematografia Komitearen zeregina da proiekzio-baimenak eskatzen dituzten pelikula guztiak errebisatzea, eta, oniritzirik ezean, legez kanpoko bihurtzen da produktua.
Rami Younis: "Filmak erakusten du Palestinan bizitza zegoela 1948a baino lehen, baita gaur egun Israelentzat zulo ziztrina den Lyd hirian ere"
Harrabotsa sortu zuen gertakariak, ezkerreko jendea asaldu egin zelako, eta ez zen isilik geratu Segurtasun Nazionaleko Itamar Ben-Gvir ministroa: “Ezkerreko jendearen aieneak entzuten ditut LYD filmarekin proiekzioa bertan behera uzteari buruz. Ulertu behar dute legea lege dela, eta agindua agindu”.
Kultur munduaren bueltako Israelgo hamalau antolakundek protesta egin zuten zentsuraren harira. “Israelgo Poliziaren betebeharra adierazpen-askatasuna babestea da, eta ez hura deuseztatu nahi dutenak babestea”, salatu zuten. Bada, bide judiziala zabaldu eta fiskal nagusiari eskatu zioten argitu zezala funtzionamendua, ea ongi ikusten duen Kultura ministerioaren eta Poliziaren eskuetan egotea eduki kulturaren aurkezpen oro. Alegia, beste hitz batzuetan esanda: ea, fiskal nagusiaren aburuz, zentsura legezkoa den ala ez. Erantzun antzu eta zehaztu gabe bat eman zuen, ezer ez esateko.
Zentsura eta autozentsura
Orain arte aipaturikoa 2023ko urriaren hondarrean gertatu zen, Hamasek Israeli eraso egin, agintari sionistek Palestinaren aurkako jardun militar are bortitzagoa abiatu eta aste gutxira. Ordutik, gauzak larriagotu egin dira, baita kultur munduan ere. “2023ko urriaren 7a baino lehen, gisa horretako pelikula bat egitea eta proiektatzea literalki larruazala jokoan ipintzea zen, eta zinemagileok autozentsuratu egiten ginen, beldurra genuelako; orain, proiektatzen ere ez digute uzten, eta kantzelazioak askoz ere handiagoak dira, esperotakoagoak”, adierazi dio LYD filmaren atzean dagoen Rami Younis kazetari palestinarrak Haaretz egunkari israeldarrari. Erdi ironiaz zera gehitu du: “Zer nahi duzue, bada? Segurtasun ministroa Ben-Gvir den estatu batean bizi gara”.
Ez da, jakina, zentsura kasu bakarra. Eguneroko ogia da estatu sionistaren karietan. Esaterako, duela hilabete eskas, Israelgo Zinematografiaren Errebisiorako Komiteak zentsuratu egin du Neta Shoshani zinemagilearen film berria, 1948. Remember, Remember Not deiturikoa, “eztabaida” eta “arazoak” sor ditzakeelakoan Israelgo gizartean. 1948ko gerra kontatzen du dokumental horrek, judu eta arabiarren testigantzak jasota. Nazioartean sariren bat jaso ondoren heldu behar zuen Israelera.
Horrez gain, duela gutxi ere, Yenin, Jenin pelikula zentsuratu du komiteak, Mohammed Bakri zuzendariarena, Bigarren Intifadan kokatua eta Jeningo bataila kontatzen duena.
Lyd hiria eta LYD filma
Rami Younis, kazetari eta aktibista, Lyd hirian jaio zen 1982an, Palestina okupatuan –Googleri galdetuta, Younis israeldarra dela esango dizu, eta leku ugaritan horrela aurkeztu dute–. 1948ko Nakba jasan zuen hirugarren belaunaldikoa da. Londresera joan zen eta han egin zituen ikasketak. Itzuli zen, dena den, eta Tel Aviv hiriaren inguruetan bizi da –sarean irakur daitekeenez ez du bere bizilekuari buruzko inolako daturik ematen, jazarria izan baita ultraeskuinaren aldetik–. Aurretik beste fikziozko film bat du egina, gazte palestinar bati buruzkoa, Zisjordaniako Rammalah hirian bizi dena eta gerora ezagun egingo dena, liburu bat idatziko baitu checkpoint batean soldadu israeldar batekin bizitakoaren harira. Tel Aviv on Fire (Dena Tel Aviven gertatzen da) izena du filmak. 2018an ikusi zuen argia, eta Veneziako zine jaialdian aktore onenaren saria irabazi zuen protagonistak.
Bada bigarren pertsona esanguratsu bat LYD pelikularen arduretan aritu dena: Sarah Ema Friedland. AEBetan bizi den israeldar zinegilea da, lan ugari eginikoa kameren atzean. Sortzez israeldarra denez, familia judutarrekoa, berari esker heldu zen pelikula Israelgo zine-areto bateko karteldegira. Kantzelazioa pairatu du berak ere, eta bere eta beraren familiaren aurkako kanpainan ari da ultraeskuina Israelen.
LYD izena du bi orduko iraupena duen fikziozko dokumentalak; Lyd hiriari buruz mintzo da. 1948an okupatu zuen Israelek. Hiri esanguratsua zen orduko gizartearentzat: han zegoen Palestinako aireportua, munduarekin konektatzen zuena, eta geografikoki leku aproposean zegoen, merkantzia ugariren igarobidea zen... Israelgo armadak guztia eraitsi eta lurrak okupatu zituen arte. Gaur egun zutik jarraitzen du aireportuak, baina Israelgo Gobernuaren eskuetan. Eta beste izen batekin: David Ben-Gurion Nazioarteko Aireportua. Israelgo aurreneko lehen ministroa izan zen Ben-Gurion, estatu sionistaren aita pontekoa, armada sortu eta okupazioa bortizki abiatu zuena. Lyd izena zuen hiriak ere beste izen bat du orain: Lod. Hamabost kilometro eskasera dago Tel Aviv hiri handitik.
1948an, Israelgo estatua sortu eta gutxira, soldadu sionistek indiskriminaziorik gabe egin zioten hiriari eraso. Historiagileen arabera, 50.000 pertsona inguru bizi ziren Lyd hirian, tartean Israelek ordurako okupatuak zituen lurretatik hara joandako palestinarrak, eta horiek hiria defendatzeko ari ziren prestatzen, bazekiten-eta Israelgo soldaduak hara ere heldu egingo zirela berandu baino lehen.
"Israelgo gazteek ez dute bere historia ezagutzen; hori arazo larria da"
Baina armada ofiziala heldu baino lehen hasi zen triskantza. Palmach soldaduek –miliziano israeldarrak ziren, estatu sionista sortu aurreko brigadetako bat– ekin zioten erasoari. Meskita batera sartu eta misilak jaurti zituzten, eta, horrela, minutu gutxiren buruan 200 bat pertsona hil, gutxienez. Hor hasi zen hiriaren azken erresistentzia. Milaka heriotza eragiteaz gain, ghetto bat propio sortu zuen Israelgo Gobernuak, hiriaren gutxieneko azpiegiturek martxan segitu zezaten, kolpetik israeldarren eskuetara pasatu beharrean. Mila bat pertsona geratu ziren horretan preso, beraien hirian atxilo, tartean Rami Younisen sendia, gainontzeko guztiak desplazaturik eta asko erailda zeudenean.
Ezinbesteko azpiegiturak eta zerbitzuak mantendu bai, baina urbanistikoki erabat aldatu zen hiria. Apropos, gainera. Haifa, Jaffa edo beste zenbait hiri palestinar okupatu ez bezala, Lyd –egungo Lod, Israelen mapan– guztiz bestelako hiri bat da urbanistikoki, dokumentalgileek bezala, hirigileek ere berresten dutenez. Guztia eraitsi zen. Are, Israelek idatziriko historian, terminologia argigarria da: ez da Lyd hiriaren 1948ko gertakari hura okupazio gisa deskribatzen, baizik eta Lyd hiriaren 1948ko liberazioa.
Bortitzagoak dira hiriaren eguneroko detaileak. Kale luze bat bada Tsahal deiturikoa –Israelgo armadaren izena da–, eta gertakari lazgarrien kokaleku izandako meskita, fisikoki existitzen ez bada ere, zegoen lekutik gertu, Palmach izena duen biribilgune eta plaza handi bat dago. Masakrearen egileei omenaldia egiten diete, plaka batek ere hala dio, "hiria palestinarren atzaparretatik askatu zutela omentzeko".
Okupaziorik gabeko Lyd
“Zoritxarrez, Lyd hiriaren historia ez da inoiz kontatu, propio ezabatu da, deuseztatu da, eta kontatzea erabaki dugu”, irakurri diogu LYD filmaren zuzendari Rami Younisi AEBetako Democracy Now hedabidean eginiko elkarrizketan. Lyd hirian gertaturikoa, historia, Palestina osoaren historia dela dio Younisek.
“Nakbari buruz asko idatzi da, dokumentatu da, zorionez... baina beste bira bat eman nahi genion kontatzeko erari”. Horregatik jo dute fikziora. Bizimodu alternatibo bat irudikatzea izan dute xede: “Nolakoa litzateke errealitatea, hauengatik ez balitz, ankerkeriarik gabe?”.
Dokumentala eta fantasia uztartzen dituen lan hibridoa da LYD. Hiriaren historia kontatzeko, artxiboko grabazio eta elkarrizketak ez ezik, hizlari berriak ere aurkitu dituzte, biktima zuzen batekin ere hitz egin dute –filma argitaratu aurretik zendu zena, Eissa Fanous–, baita familia horien ondorengo senideekin ere, eta dokumentu horiekin konbinatu ditu animazioak. Hiria bera, horrez gain, “pertsonaia” bihurtzen da, antropomorfizatuta, ahotsa hartzen du, panorama baikor bat irudikatzeko, sekula okupaziorik jasan gabea. Leku loretsu bat da Lyd, bizia, oparoa, argia... Nolakoa zatekeen Lyd, dena irauli ez balitz?
Baina galdera hori ez da soilik 1948ko Nakbari lotua. Ekialde Hurbila kolonia ingeles eta frantsesetan banatzeko egin zen 1916ko akordio ezaguna ere ez da sekula existituko, “Asia txikia”-ri zegokiona, Mendebaldean aski ezaguna denez eta horrek historia markatu duenez.
"Unibertso paraleloa" sortu dute, "ezbairik gabe fantasiosoa"; hala kontatu dio Younis zuzendariak Haaretz egunkari israeldarrari. Marka da gero Israelgo hedabide horrek halako elkarrizketa luzea eskaini izana. Elkarrizketa argitaratu da estatu sionistak Haaretz etsaitzat hartu duela jakinarazi ondotik; gobernuarekin kritiko delako, egunkaria itotzeko neurri ekonomikoak hartu ditu Israelek.
Historia kontatzeko ardura
“Arabiarrak europarrei gailendu ginen istorioa kontatu dugu”, dio Younisek aipaturiko elkarrizketa horretan. Gisa honetako estatu palestinarra eratuko zutela irudikatu dute: arabiar zoriontsuz osaturiko Palestina, beraien eguneroko arazoak dituztenak –mundu osoko herritarrek bezalatsu–, baina juduak ere bizi diren Palestina, berdintasunean oinarritzen den gizarte baketsu eta eder batean.
Hori entzutean, Haaretz-eko kazetariak Younisi galdegiten dio ea horrelakoxea den bizi nahiko lukeen egoera ideala. Zera erantzuten dio: “Nahi dudana da israeldarrek ulertzea sionismoa arrazismoa dela, eta uler dezatela ez dela onargarria iraganeko krimenak ez onartzea. Izan ere, Tamer Nafar rap abeslari israeldarrak zure egunkarian duela gutxi idatzi zuen bezalaxe, krimen bat aitortzen ez bada, errepikatu egiten da. Ezin da onartu Avi Dichter [Israelgo Gobernuko Nekazaritza ministroa] bezalako pertsonaiek bigarren Nakba batekin mehatxatzerik. Ergelkeria galanta erakusten du horrek. Ezkertiar sentibera gutxi batzuk kenduta, inork ez du onartzen gertatu zitzaiguna. Eta onartzen badute, ez dute oso ozen esaten. Hori horrela izanik, iraganarekin kritikoak izaten ez bagara, argi dago; berriro egin daiteke. Hori da jendeak ulertzea nahiko nukeena”.
“Judutarrak, eta ez israeldarrak soilik, desinformazioarekin eta era guztietako distortsio historikoekin hazi dira”, dio Younisek, eta fokua egungo belaunaldien –hau da, Nakbatik urrun geratu direnen– gain jarri du: “Urteak pasatu dira, asko, eta orain Israelen jaioa den gazte batek ez du bere historia ezagutzen, ez duelako lehen eskutik bizi izan eta urrun geratzen zaiolako. Arazo larria da. Jendeak ez du zalantzarik egiten, jendearentzat ez zen inolako sarraskirik izan, baizik eta 1948an arabiarrak beren borondatez joan ziren beraien lurretatik. Jendea horraino iristen da. Ez du gehiago pentsatzen, eta ez du pentsatu nahi”.
Hariari segitzeko eskatzen dio kazetariak, eta Younisek, Israelgo Estatuaren meneko lurretan jaio eta bizi denez, bizipen propioetatik kontatzen dio aditu izan dituela bestelako komentario batzuk; izan ere, omen dago gezur zabaldu bat zeinak dioen XX. mende hasieran juduak joan zirela basamortu lur horietara [Palestinara] “bizi loriatsua” eramatera, bizitzeko baldintza duinik ez zelako han. “Desertua zela dena? Zer desertu?”, dio Younisek: “Nire amona desertu batean bizi zen? Zer txorakeria da hori? Gezurra da, besterik gabe. Hemen jendea bizi izan da mendeetan, bakean”.
Halako iruzkinei entzungor egin gabe, egia mahai gainean jartzeko ardura sentitu du Younisek, eta bereziki Lyd –edo egungo Lod, hala agertzen baita Haaretz egunkarian eginiko elkarrizketan– hiriaren iragana kontatzeko: “Filmak erakusten du Palestinan bizitza zegoela 1948a baino lehen, eta Lod, gobernu israeldarrarentzat gaur egun zulo ziztrin bat bada ere, Tel Avivetik gertu dagoena eta aireportua besterik ez duena, lehen hiri palestinar garrantzitsua zen. Eta hori deuseztatu egin zen, nahita”.
[Argazki zaharrak erakusten] Hau neu naiz. Eta beste hau Sameer Al-Aboudi. Elkarrekin geunden Israelgo armadako soldaduek Dahmash meskitara eraman gintuztenean. Aste bat edo bi pasatuko ziren masakretik. Armadaren ibilgailuetan sartu gintuzten beste haur batzuekin batera [izen batzuk oroitu eta zerrendatu ditu]. Haurrak ginen, umemokoak; neu izango nintzen gazteena. Meskitara eraman gintuzten eta ibilgailutik jaitsi arazi, han askatuko bagintuzten gisara. Baina ibilgailuetatik begira geratzen ziren, armak eskuetan. Agindu ziguten meskitako hilotzak mugiarazteko, ateratzeko kanpora, su eman behar zitzaiela-eta. (...) Gorpu asko oso deskonposatuta zeuden. Batzuk errekonozitu genituen, baina ez zegoen gorputzaldirik hitz egiteko... Sekulako kiratsa zegoen. Brrrrr. Oraindik ondo gogoan dut. Beldurgarria zen. Ilundura arte aritu ginen horretan, eta etxera itzularazi gintuzten. Eguna argitzearekin batera, atzera ere bueltan eraman. Bi egun eman genituen horretan. Izugarria izan zen. Gorpuak kanpora atera, baztertu eta su ematen zieten.
Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.
ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]
Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.
Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.
Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.
47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]
Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]