argia.eus
INPRIMATU
Harrokeria gurea da, joder!
Udane Barinagarrementeria Laka 2025eko urtarrilaren 16a
Eider Iturriaga

Chulería, joder!
NOIZ: urtarrilaren 5ean.
NON: Bilboko Kafe Antzokian.

----------------------------------------------------

Aretoa betetzen ari dela, antzokiko goiko barandaren atzetik beherantz begira, ni baino gazteagorik topatuko ote dudan jolasten eman ditut kontzertua hasi aurreko minutuak. Erregeen kabalgatara aterkiei buelta emanda nola, Delirium Tremens taldearen itzulerara hurbildu da gaurkoan publikoa,  eta horixe izan da Chulería, joder! Ezkerraldeko taldeak izan duen joku-zelaia zuzenekoari ekin aurretik.

Duela urtebete kaleratutako La Urbe lana irekitzen duen Hacer Algo abestiarekin hasi dira eta kantu bakarrean aurkeztu dute euren burua, lehenengo esalditik bertatik: “Hacer algo que destruya la moral popular / araño el odio y tu yugular”. Ostia txarrez kargatutako punk rock zuzen eta gordina dakarte, zirikatzailea, metaforarik eta kontseziorik gabea.
Ahots nagusi karismatiko bat da zuzenekoaren protagonista, oholtza jateko abilezia ikusgarri batekin. Hatz erakusle burlatiarekin bukatu da No profanación, eta tonua aldatu da Geltokia-n: gordintasuna bai, amorrua ere bai, baina minetik gehiago du zirikatik baino. Maistraki nahasten eta biltzen baititu bi alderdi horiek Chulería, joder!-ek.

Lehenengo hiru abestien ostean geldialdi labur bat, publikoari mezu bat helarazteko: ze aspergarriak zareten. Abesti berri batzuk jo dituzte hurrengo blokean, berriki live session formatuan kaleratuta ikusi ahal izan ditugunak (Siempre me siento regular eta Maitia). Baita Paralisis Permanenteren bertsio bat ere. Eta, tartean, beste mezu bat publikoari: baietz, baietz, oraintxe datozela skinheadak ez diren burusoilak, lasai!

Publikora jaitsi da abeslaria eta hiruzpalau lagunekin lehertu da pogoa Tus Amigos kantuan. Berotu da publiko deliriumzalea ere eta txistuak eta txaloak entzuten dira orain. Begirada abeslariarengandik kentzea kosta egiten bada ere, azpimarratu behar Miriamen bateriaren zartakoek, baxu-gitarrek zein koroek osotasunean egiten dutela zuzenekoa indartsu eta energetiko.

Hirugarren abesti berria den Juliana etorri da gero, eta diskoko bi abestirekin bukatu dute: Infernua eta Última hora. Hala, hasi diren maneran eman diote amaiera, eztanda bortitz batekin eta ohartarazpen batekin: “Quien no ha visto volar ceniceros no sabe lo que es esto / Que eso sí que engancha / No importa mucho el sitio, porque la mierda viaja”. Taldeari ere ez zaio askorik axola tokia. Eurenganatu dute gaurko publikoa ere. Kakak bezala, karismak ere bidaiatu egiten baitu, eta aurrean dagoena engantxatu.

Mejillon Tigreren poema batean irakurria da espazio publikoa hartzerakoan baimena eta barkamena eskatzea mierda bat dela. Eta horretara hezi gaituzte hankartean zakil batekin jaio ez garenok. Badakigu, gainera, haserrea eta amorrua adierazteko zilegitasuna eta jendeari burla egitekoa ere gizontasunari esleitu zaizkiola. Hargatik, ez da karisma bakarrik, politika da. Gizonek okupatutako espazioetan botekin lurra indarrez zapaltzea. Haien onespenerako beharrean haiei iseka egiten disfrutatzea. Feminitatearekin nahieran jolastea. Bortizkeria geureganatzea. Finean, nahi dena nahi den eran egitea. Harroputz, gordin, basati eta gozatsu. Biba gure erregina punkiak, joder!