argia.eus
INPRIMATU
Eskuak
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2025eko urtarrilaren 15

Eskua bularrera eroan, eta bostekoa ukatu dio Siriako agintari berriak Alemaniako Kanpo Arazoetarako ministroari, ministro emakumeari. Modu adeitsuan, baina arbuioa jasan du Annalena Baerbock-ek. Aurretik, Al-Golani siriarrak, ordea, luzatu eta astindu dio eskua Jean-Noel Barrot Frantziako Kanpo Arazoetarako ministroari, ministro gizonari. Alemaniarra eskuekin zer egin ez dakiela geratu da, ahurrak elkartu eta zerurantz daramatza, adostasun keinu bat eginda, urduri.

Ongietorrian beste hiru gizon ere badaude. Batek ere ez die eskua eman ez frantsesari, ez alemaniarrari. Hirurek eroan dituzte eskuak bularrera. Guztiak oinez abiatu dira bilera gelara. Atzean lagun andana doa, segizioan. Talde erraldoi horretan, emakume bakarra, interpretea.

Protokolo arduradunek ez zuten aurreikusi Al-Golani islamistak ez ziola eskua emango Baerbocki? Agintari berriak ezin zezakeen egin beste hiru kideek lez, eta ministro biei bostekoa ez luzatu?

Argi dago Al-Golanik nabarmen laga nahi zuela bere jarrera. Ez da halakorik gertatzen den lehen aldia. Noiz arte jasango ditugu emakumeok mespretxu horiek isilean?