Iaz egin nuen topo lehen aldiz Ander Zangiturekin, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean antolatzen duten Hitzaren Eskolan. Isiltasunaren inguruan aritu ginen, batez ere, hausnarrean. Harrezkeroztik tentu handiagoz erreparatu die haren formei bere ogibidearen mundutik, arkitekturatik. Arantzazuko santutegian elkartzekoak baginen ere, osasun aferek hitzordua atzerarazi digute eta kafetegi ez hain isil batean bildu gara.
Formazioz arkitektoa da. Karrera ikasten ari zela, arkitekturaren potentzialitate politikoak bultzatuta murgildu zen kontzeptuen sakontasun teorikoan. Horiei hitza eman asmoz hasi zen UEUren Aldiri. Arkitektura eta Abar aldizkarian idazten, honek bere bidea eten zuen arte. Ekonomia sozial eraldatzailearen alorrean ibili da lanean azken urteotan, Hiritik At kooperatiban dabil egun.
Zer da arkitektura?
Arkitektura oso afera konplexua da. Wikipediara joan naiz zein definizio ematen dion ikustera eta “giza habitataren diseinuaz arduratzen den zientzia edo artea” dela dio. Baina elementu fisikoetatik haratago doan diziplina da eta gure egunerokotasuna baldintzatzen du erabat. Arau moralak transmititzen ditu, besteak beste. Janzten dugun arropa bezalakoa dela esan genezake. Arropa bat edo beste janzten dugunean, izateko modu bat ari gara erakusten, modu kontziente ala inkontzienteagoan.
Arkitekturak duen ezaugarri nabarmenetako bat erritmo motela da. Orain dela 30 edo 50 urte diseinatutako ekidek gaur egun daukate guregan eragina. Hau da, hirigintza plan bat egiten denean herri bat diseinatzeko, demagun, hori gauzatu orduko pasa daitezke hamabost urte eta, eraikitzen denerako, proiekzioak berak guregan eragina izan du.
Ezin izan dugu Arantzazun elkartu, baina han biltzeko proposamena egin zenidan. Zergatik?
Uste dut Arantzazuko santutegiaren arkitektura oso adibide ona dela isiltasunak identifikatzeko. Alde batetik, isiltasunak presentzia fisiko handia duelako, baina, aldi berean, eraikinak berak ere isilune desberdinak adierazten dituelako bere formetan eta espazioetan.
Vitruviok esaten zuen arkitektura onak hiru ezaugarri orekatu izan behar zituela: utilitas, erabilgarritasuna; firmitas, sendotasuna; eta venustas, edertasuna. Egungo arkitekturara ekarrita, hori ez da betetzen. Gure ekidek badute sendotasuna, baina espazioei ematen diegun erabilgarritasuna zalantzan jartzen dut eta edertasuna ere oso leku zehatzetik eraikia da. Hor sortzen zaidan zalantza da arkitektura hauetan non geratzen diren gure behar eta desioak.
Arantzazuko santutegia oso ondo diseinatuta dago, baina ez hori bakarrik. Aipatu dudan isiltasunaren presentzia hori bera ez da beste ekida batzuetan sentitzen. Egia da, eraikin guztietan bezala, arau batzuk daudela honetan ere eta isiltasunarekin harremana izan dezaketela, baina denbora eskaini zaion arkitektura da hau: nola dagoen diseinatuta espazioaren erabilera, erabiltzen diren materialak, argia… Gaur egun oso azkar eraikitako arkitekturak bizi ditugu, berehalako beharrei erantzuten dietenak.
Inportanteak iruditzen zaizkit atzera begiratze hauek, ahalbidetzen digutelako ikustea zelan eraikitzen zen lehen. Beste erritmo batean planteatzen zen dena, gaur egungo gure arkitekturak oso zaratatsuak dira eta gogaikarria egiten zaigu isiltasuna.
"Arkitektura beti izan da gizakia babesteko, baina gizaki hori beti izan da zuri, normatibo, burges eta zisheteroa, orokorrean”
Eta Arantzazu beste ingurune batean eraikia balego?
Kasu honetan eraikinak berak karga sinboliko handia du. Batzuendako eliza bat besterik ez da, baina, isilean, eraikinaren atzean gauza asko daude. 1950eko hamarkadan Elizak obra denak gelditu zituen, besteak beste, Oteizak planteatzen zituen apostoluak ez zirelako Elizak planteatzen zituenak. Zentzu horretan beti egon izan da talka ideologikoa eraikinarekiko.
Elizarendako oso eraikin ederra da, leku esanguratsuan dago eta historia du, baina, aldi berean, gaur egun turistek Ocho apellidos vascos (Zortzi abizen euskaldun) filmaren ibilbidearen parte gisa ikusten dute, adibidez, ez besterik. Arkitektura politika da eta eraikin hau egun gerra dialektikoan dago. Oso jende gutxik jakinen du, esate baterako, euskara batuaren lehenengo arauak bertan adostu zirela edo Jakin aldizkaria bertan argitaratu zela frankismo garaian. Edota Egunkaria ixtera joan zirenean Guardia Zibilaren beste kotxe batzuk Arantzazura zihoazela atxiloketak egitera. Isilune asko gordetzen ditu Arantzazuk.
Behin baino gehiagotan aipatu duzu eraikinek isiltzen dutena.
Arkitekturak, gauza fisikoez haratago, gauza ikusezin asko biltzen ditu eta isiltasuna da horietako bat. Senti edo suma dezakezu. Uste dut ekidak gure gorputzak eta bizitzak eraikitzeko beste tresna bat direla. Bide horretatik, Michel Foucaultek Surveiller et Punir (Behatu eta zigortu) liburuan mikrobotereak aipatzen ditu eta hor diziplina-arkitekturaz mintzo da. Diziplina-arkitekturen helburua diziplina bera eta ordena ezartzea da, baita zigorra edo saria ematea ere.
Eliza bada diziplina-instituzioa. Apaizaren eta fededunen arteko botere-harremana bermatzen du eta hor bertan eraikitzen da araua. Baina estrapola liteke eskola bateko irakasle-ikasle harremanera, psikiatriko bateko mediku-paziente harremanera… Edo etxebizitzara bertara. Ekida batzuk isilean pasatzen zaizkigu egunerokotasunean, baina gure gorputzetan oso eragin handia dute.
Emanen didazu eragin horien adibide zehatzen bat?
Taberna batean sartu eta mahai batean esertzen bagara, segur aski atera begira jarriko gara, ez hari bizkarra emanez. Segurtasun kontua da, egoera kontrolpean izatea ahalbidetzen digu. Eta diziplina-instituzioetara itzulita, bada, ikastetxeetan nola egoten garen: irakaslea arbelean dago, askotan altuera batean, elizetan bezala, eta beste guztiok hark dioena errepikatzen.
Arkitektura forma horien hondoan dagoen helburua gizartearen homogeneizazioa izaten da. Denok senti dezagula eta izan gaitezela berdin, bloke baten gisan. Horrela, normatibotasunetik kanpo geratzen diren gorputzak neutralizatu eta kanon batzuen barnean espetxeratzen dira.
Gorputz unibertsal batetik planteatu izan da beti arkitektura. Beti izan da gizakia babesteko, baina gizaki hori beti izan da zuri, normatibo, burges eta zisheteroa, orokorrean.
"Gaur egun aldarrikatzen den etxebizitza eskubidea etxebizitza baten jabe izateko eskubidea da”
Etxebizitza aipatu duzu lehen.
Gaur egun arkitekturaz hitz egitea eta etxebizitzaz ez hitz egitea akats handia da. Denok gara oso kontziente guztiondako izango den etxebizitza duinerako eskubidea bermatzeko beharra dagoela, baina egungo egoera ulertzeko, lehen Arantzazuko santutegiarekin aipatu dudan bezala, atzera begirako ariketa egin behar da.
“Jabeen herrialde bat nahi dugu, ez proletarioena”, bota zuen José Luis Arresek, Espainiako lehen Etxebizitza ministro frankistak: “Komunista gutxiago egoteko xedez, espainiar oro etxebizitza baten jabe egingo dugu”. 1950eko hamarkadan estatu mailako makineria guztia jarri zuen Arresek martxan etxebizitzak eraikitzeko, helburu argiarekin: langile klasearen komunitate eta kolektibotasunari zirrikituak planteatzea. Horretarako, dirulaguntza handiak eman zitzaizkien higiezinei eta eraikuntzarako materiala oso prezio merkean jarri zen.
Eskubide gisa planteatu beharrean, hasieratik merkantilizatu zen etxebizitza. 1950. urtean Bilboko biztanleriaren %46 alokairuan bizi zen. Arresek politika horiek planteatu eta urte batzuetara ez zegoen alokairurik Bilbon. Horrek guztiak ere behartzen gaitu “jabetza”ren kontzeptua mahai gainean jartzera. Gaur egun aldarrikatzen den etxebizitza eskubidea etxebizitza baten jabe izateko eskubidea da. “Etxebizitzarako sarbidea” esaten da baina askotan jabetza dago hor atzean.
Komentatu duzu eraikin batzuek ez dietela egungo behar eta desioei erantzuten.
Gure belaunaldi prekarioa sartzen da askotan frankismoak herentzian utzi dizkigun etxe zahar batzuetan eta zalantza hori sortzen zait: zein behar ase behar ditu egungo gure etxebizitzak? Zein balio ematen diegu bertako espazioei?
Orain dela 30 edo 50 urteko beharrak eta gaur egungoak oso desberdinak dira. Momentu honetan superjoera bat ikusten ari naiz eta pixka bat hater nago: jende batek etxe bat erosten du, eraberritzen du eta sukaldea eta egongela batera planteatzen ditu. Zergatik egiten da hori? Zein beharri erantzuten dio?
Zergatik da?
Hor egiten den irakurketa da sukaldea etxebizitza eta familia tradizionalaren espazio erreproduktiboa izan denez, non emakumeak eraiki duen bizitza eta familia, horren deuseztatzea dakarrela erreformak. Hau da, gure bizitzetan espazio bihotz izandakoa desitxuratu eta izaera kolektiboari arrakala sortzeko beste bide bat da. Agian nire iritzia da, baina joera bilakatu da sukaldea eta egongela bateratzearena, ez dagoenean benetako pisuzko arrazoirik.
"1950eko hamarkadan estatu mailako makineria guztia jarri zuen martxan Arrese ministro frankistak etxebizitzak eraikitzeko, helburu argiarekin: langile klasearen komunitate eta kolektibotasunari zirrikituak planteatzea"
Nik oraintxe bertan aldeko eta kontrako gauzak zerrendatuko banitu, kontrako gauza gehiago zerrendatuko nituzke aldekoak baino. Espazioak irabazten du argitasuna edo etxe handiagoa irudikatzeko aukera, bai, baina hor dator galdera: zergatik dira gaur egungo etxebizitzak horrelakoak? Frankismoan etxebizitza eta turismoa indarrez bultzatu ziren, eta ez da kasualitatea etxearen problematikak gaur egun bi alde horietatik edukitzea.
Egungo beharren araberakoak balira, nolakoak lirateke etxebizitzak?
Duela gutxi argitaratu dira datuok: EAEn erroldatutakoetatik jende gehiago bizi da bakarrik (290.000 etxebizitza) familia tradizionalean baino (289.000 etxebizitza).
Orain arte etxebizitza familia nuklear normatiboa erreproduzitzeko modua ere izan da eta ikustea 290.000 pertsona bizi direla haien beharrei erantzuten ez dieten arkitekturetan… Hor dago ariketa. Eta ez da arkitektura berriak planteatu behar direla bakarrik, baizik eta zaharrak deseraiki eta horiek aldirietatik edo beste gorputz batzuetatik ber-habitatzeko beharra dagoela.
Gutxiegi begiratzen diegu jabetzaren alternatibei?
Jabetzaren kontzeptuaren inguruan deseraikuntza behar da eta hor ekonomia sozial eraldatzaileak pista batzuk ematen dizkigu. Lagapen erabilerako etxebizitzak martxan daude Katalunian, adibidez. Alternatiba bat da etxebizitzak merkatu-logiketatik kanpo eraikitzeko. Ez zara etxebizitzaren jabe, erabiltzeko eskubidea bermatzen dizu X denboran eta X diruren truke. Ez dago espekulaziorik eta merkatuaren edota monetaren aurretik kokatzen da pertsona.
Arkitekturak badu ekonomia sozial eraldatzaileari begiratzeko beharra, eta ari da, baina oraindik arkitektura eskoletan planteatzen den hezkuntza ez doa hortik. Arkitektoak orojakilea behar du, jakin behar du legeez, eraikuntzez, instalazioez, argiztapenaz, uraz, gasaz, aireztapenaz… Hemen ez, baina Europa mailan arkitektura eta eraikuntza zibila bereizten dira. Arteari lotuago dago arkitektoa, eta instalazio eta bestelakoei, eraikuntza zibilean dabilena da.
"Lagapen erabilerako etxebizitzak martxan daude Katalunian, adibidez. Alternatiba bat da etxebizitzak merkatu-logiketatik kanpo eraikitzeko"
Arkitekturaren parte al dira eraikinik gabeko espazioak?
Espazio eraikiak pribatuak dira normalean eta horietatik kanpo geratzen da “espazio publikoa”. 1990eko hamarkadan planteatu zen “espazio publikoa” kontzeptu gisa eta ez da kasualitatea. Hiri batzuetan, Bilbo kasu, berrikuntza handiko garaia zen eta kaleari “espazio publiko” esaten hasi zitzaion. Kontzeptu horren bitartez hasten dira transmititzen arauak, debekuak, egoteko moduak… Horrela hasten da erabiltzen espazio publikoa gure gorputzak eraikitzeko tresna gisa eta, hau ere ez da kasualitatea, espazio publikoan ematen da gizontasunaren adierazpen edo konfigurazio handiena. Gizonendako eraiki dira, emakumeak arrotz sentitzen dira horietan.
Bada pelikula espainiar bat, Los huevos de oro (Urrezko arrautzak), Espainiako higiezinen espekulazioa kontatzen duen lehen pelikula, Benidormen (Alacant) pasatzen dena. Gizontasunaren eraikuntza eta arkitekturaren booma elkartzen dira eta ustezko gizon arrakastatsu baten istorioa kontatzen du Bigas Lunas zuzendariak. 1990eko hamarkadako gizon horrek eta egungo arkitektoak zerikusi handia dute.
Nola eragiten dio inguruak eraikinari?
Inguruak beti eragingo du. Eragiten du guk eraikin horrekiko dugun pertzepzioan batetik, baina bestetik, eraikinak ere badu inguruarekiko irakurketa eta harekin harremana, eta horrek ere eragiten du. Hau da, Bilboko Guggenheim bat bat-batean Urdaibain planteatzeak ez du zentzurik.
Zein garrantzi ematen diogu guk inguruari? “Hiria eta bestelako politikak” izeneko tailer batzuk egin ziren Tabakaleran (Donostia) duela urte batzuk eta zentral nuklearren ingurukoa izan zen bat. Bertan aipatu zen Lemoizko eraikinaren atzean zein istorio dagoen, zeren eta eraikinen bitartez eraikitzen da memoria edo kontakizuna. Eta planteatzen zuten Lemoiz badugula borroka edo testuinguru baten adierazle gisa, baina ez dakigula egun Deba-Zumaia lotzen duen flyscharen bidean, orain parke natural den horretan, zentral nuklear bat planteatzen zela. Ni kasualitatez enteratu naiz. Zentzu horretan, arkitekturak kristoren kontakizuna egiten du.
Non duzu fokua momentu honetan?
Uste dut gizontasunaren inguruan ulertzen ez ditugun gauza askotan arkitekturak baduela zer esana. Putetxeek, adibidez. Azken hamarkadetan, teknologia medio, transformazioa egon da agian eta putetxeek etxeetara edota Internetera egin dute salto, baina ez zaizkigu arrotzak egiten errepidetik ikusten ditugun klub-ak. Txikitatik autoan gurasoekin joanda identifikatu ditugun arkitekturak dira, isilean daudenak, baina iraun dutenak. Bai gure gizarte honetako familia normatiboen sostengu izan direlako, alde batetik, eta baita puntu batean emakumeen espetxe ere izan direlako, bestetik. Esplotazio arkitekturak dira eta oso kontziente gara.
Gabonetan liburu berri bat utzi dute mesanotxean. Etxearen filosofia eta poztasunari buruzkoa, Emanuele Cocciak berriki idatzia. Coccia, filosofo italiarra, ezaguna egin da landareekin ditugun loturak ezagutarazten planeta osasungarri bat eraikitzeko bidean, eta esanguratsua da... [+]
Estela Roca Rom arkitekto katalanak irabazi du Arabako Foru Aldundiak abiatutako ideia lehiaketa. Foru erakundeak proiektua finantzatzeko bide publiko-pribatuak bilatzeari ekingo dio.
Londrestik iritsi da ospe handiko arkitekto bat Galiziako herri txiki batera. David Chipperfield du izena, eraikinak mundu osotik zehar ditu, Berlin, Milan eta Shangaigo bulegoetatik lanean. Arkitektura elegantea, fina, Sir batek egindakoa. Istorioa Corrubedo herrixkan hasten... [+]
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]
Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]
Ancora elkarteak salaketa jarri du Ertzaintzan, Arte Ederren eraikinean egiten ari diren “ezkutuko obren” aurka. Izan ere, joan den irailaren 30ean, Ancorak idatzi bat erregistratu zuen udaletxean, Arte Ederren eraikineko inguratzaile babestua mailuka suntsitu zutela... [+]
Ikastetxetako patioen eraldaketak ugaritzen ari diren arren, oraindik eraikin zaharkituak eta azpiegitura zurrunak dira nagusi hezkuntzan (barruko nahiz kanpoko espazioetan), gustura ikasi, mugitu eta harremanak izateko, pedagogia hezitzaileak garatzeko behar diren espazio,... [+]
Irakaskuntzan eta ikerketa historikoan dihardu Eneko Tuduri Zubillagak (Erdialdea, 1990). Doktorea da Artearen Historian, eta Nafarroako eliza zahar batzuen horma margoetan oinarrituriko tesia idatzi zuen. Ancora elkartean ibili zen denbora batez, eta gertutik erreparatu dio... [+]
Irailaren lehenetan, hasierak, nobedadeak eta estreinaldiak: estutxe eta koaderno berria, izena emandako ikastaro edota ekintzetarako taldekideekin lehen enkontrua, aktibitate emanaldi eskaintza oparoa publizitate orrietan edonon, ikasturtearen agenda betetzeko, nork berea... [+]
Euskal Herriaren zatirik handiena klima zonalde epelean kokatuta egon arren, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ez ezik, edonora hedatzen dira udako bero bolada latzak. Eta, dirudienez, klima aldaketarekin okerrera eginen du egoerak –edo egiten ari da, honezkero?–... [+]
Europar sentimendua duen lagun gutxi ditut, ez dakit europartasuna identitate bat izatera iristen ote den. Baina Europara bidaia egiten dugunean, adiskidetasun bat atera daiteke, ze gurean eta bertan gertatzen den lurraldetasun norabide nagusiak elkarbanatuak dira; bertan... [+]