Herrizoma

  • “Uste dugu distopien eta orokorrean errealitate indibidualista eta etsituaren ofentsiba kulturalaren aurrean utopiak irudikatu behar ditugula, mentalki eta emozionalki indartsuagoak izateko”, erranez banatu berri ditu ipuin eta itzulpen lehiaketako sariak Sukar Horia talde ekologistak. Etorkizun bizigarri bat eta bertara heltzeko bidea irudikatzea izan da literatura ariketaren erronka. ARGIAra ekarri dugu irabazle Agustin Arteagaren ipuina.

Shu Otero

2025eko urtarrilaren 08an

Gure herrian inork ez du goserik pasako; gure herrian inor ez da teilaturik gabe geratuko. Elkarrekiko konpromiso hori izan zen abiapuntua. Hamarnaka batu ginen, hamar elkarbizitza unitatek osatzen dute herri bat, unitate bakoitza edonolakoa dela ere: pertsona bakarrekoa edo seikoa; familia biologikoa edo lagun taldea; haur zein agure, zer dakit nik. Baina printzipio horren arabera bizitzeko apustuak elkartu gintuen: Inork ez du goserik pasako; inor ez da teilaturik gabe geratuko.

Nahiak eta beharrak batu gintuzten, ideologikoak edo materialak. Momentuko behar ukigarritik ez bazen, egunez egun haragitzen ikusten genituen mamuen beldurrez. Beldur garaia baitzen, joder, beldurra. Pandemia heldu zen aurrenik, gerrara eraman gintuzten Europan bertan ondoren, klima gizakia bezain zoro egotearen zantzuak ematen hasia zen. Neofaxistak izan ziren herritarren izu-laborriarekin konektatzen trebeenak hasiera hartan, eta, ondorioz, gero eta eskuinerago egin genuen denok: eskuin muturra demokrazia formalaren kristalezko sabaiak hautsi eta hautsi hauteskundeekin ere amaitu arte, eskuina eskuin muturrean, sozialdemokratak eskuinean, ezkertiarrak sozialdemokraziaren zonbia biziberritu nahian, ezker erradikala diskurtso apurtzaile bezain bizimodu kontinuistak egiten eta herritarren taupadarekin bat egiteko ezgai, ezkerreko independentistak metropolietako gobernu omen aurrerakoiak sustengatzen are eta okerragoen beldurrez... Zer esango dizuet nik, garai hartan beldurrak jota ez ezik haserre ere banengoen, guztiarekin eta guztiekin, eta boza nori emango eta eskuin muturrari. Tori argitasun estrategikoa.

Beldurgarriena ez zen hori guztia, ordea. Beldurgarriena zen etorkizuna are beldurgarriago irudikatzen genuela denok. Irudimen ariketa bat saiatuta ere ez ginen gai ordukoak baina etorkizun bizigarriagoak irudikatzeko, zer esanik ez utopiak amesteko. Nola amestuko genuen kapitalismoaz harago, ez baginen kapitalismotik kanpo desiratzeko gai. Batzuk ezinikusiarena egiten zuten kontsumo mozkorraldia ahal beste luzatuz, beste batzuk, kontrara, gozamen sadiko bat garatu zuten infernuari begirik kendu ez eta gainontzekoei hondamen saihestezina iragartzean, gehienak ahanztura eta beldur kolpeen artean saltoka bizi ginen... Ahal zuena egin zuen bakoitzak, zer dakit nik. Eskerrak amesgaizto garaietako ameslari zoro tematiei.

Errealitateak arrazoia emango zigun gainera, mugarriz mugarri, katebegiz katebegi. Laster heldu ziren Gazaren aurkako bonba nuklearra; Taiwanen okupazio militar yankia Harrisek aginduta eta Txinaren gerra deklarazioa AEBei; Europar Batasunaren eta Errusiaren arteko gerra zuzena ondorioz; Amazonia eta Australia ikaztu zituzten suteak eta Ingalaterra eta Japonia urperatu zituzten uholdeak; eta Gerra Ekonomia, eta Derrigorrezko Elkartasun Zerbitzua, eta Errazionamendu Energetikoa... Eskerrak ordurako jada herrien artxipelagoa dezente garatuta zegoen, gure beldurrak baretzeko eta beharrak asetzeko euskarriak genituen, neurri batean behintzat, irteera ezkerretik eta behetik saiatu genezan, ez eskuinetik eta goitik. Eskerrak bai, asko batu baitzitzaizkigun orduan. Lehenago hasi bagina gehiago ginateke gaur; baina orduan hasi ez bagina gaur ez ginateke milaka, eta ez geundeke hemen bilduta. Ezta? Bo, nork jakin.

Hondamendiak aurreikusi ez genituen aukerak eta onurak ere ekarri zituen. Orain agerikoa eman dezake, baina nork pentsatuko luke orduan. Autoa aberatsenentzako pribilegio bihurtu eta arloko lantegi handiak kiebra jo zutenean pobreziak dardarazi gintuen, bai. Baina etengabeko mugikortasunaren amaierak pertsonak bere herri eta auzoetara sustraitu zituen berriz ere, akabo bizilekutik 60 kilometrora lan egitea, akabo lotarako urbanizazio edo herriak. Turismo masiboaren amaierak herri eta sektore ekonomiko osoak hondoratu zituen, zinez. Baina berarekin amildu zituen alokairuaren prezioak ere, eta jada urtean hiru hilabetetan ere erabiltzen ez ziren milaka eta milaka etxebizitzak okupatzea zentzu komuneko bihurtu zuen. Energia ekoizpenaren beherakadak eta gerra makinariaren behar asegaitzak inposatuta Interneten kontsumoa mugatu zutenean eguneko hogei minutura, abstinentzia-krisi kolektiboaren bortitzak gu geu harritu gintuen. Baina behin adikzioaren larriena pasata, geldoago eta etengabeko estimulurik gabe bizitzen ikasi genuen ezinbestean, eta sare antisozialik gabe erlazionatzen. Desazelerazioa, deskonexio digitala, tokikotasuna... Ereiteko lur aproposagoa zapaltzen hasi ginen.

Lehen Bizi-Olatuaren parte izan zen nire herria, baina ez lehenetarikoa. Gu kidetu ginenerako Gasteizen baziren lauzpabost kidetasun-talde, Euskal Herrian hamarnaka batzuk. Herri izena geroago hartu genuen. Estreinako kidetasun-talde horiek, aldi berean, urte batzuk lehenago ugaltzen joan ziren elkarlaguntza sareetatik sortu ziren: elikadura sareetatik, etxebizitza sare eta sindikatuetatik, tokian tokiko talde feministetatik, auzogintza eta auzodefentsa kolektiboetatik... militanteak eta baztertuak batzen ziren mugimendu herritarretatik, nolabait esateko, edo eguneroko beharren asetzea eta ikuspegi iraultzailea uztartu nahi zituzten esperientzietatik.

Handira joan naiz baina, barka, bueltatu gaitezen txikira. Inork ez du goserik pasako; inor ez da teilaturik gabe geratuko. Hori zen gure itsasgarri etikoa. Lehen herriak lagunen eta behintzat ezagunen artean sortu zituzten, baina urratsez urrats aniztasuna irabazten joan ziren. Norbaitek ez bazuen sabeleratzeko nahikorik taldeak elikatzen zuen, norbait etxerik gabe geratzen bazen taldeak bilatzen zion sabai berria, edo taldekideren batek hartzen zuen berean. Talde bakoitzak bere modura egiten zuen: hangoek bizitza oso apartekoa egingo zuten larrialdiei erantzuteko orduan soilik partekatuz, hemengoek herri-biltegia sortuko zuten egoera edozein zela ere jana kolektiboa izan zedin, jan ez ezik elkarrekin bizitzeko espazio komuna erosiko zuten batzuek, edo atari huts osoak okupatu besteek, zer dakit nik, zenbat herri, hainbat herrikada.

Shu Otero

Gerra Aroan sakondu ahala, ordea, ikasi genuen ez zegoela herrikadarik herri baten autosustengua bermatu zezakeenik. Gero eta maizago ziren gehiegi herri bereko kide gosetu eta teilatugabetuak. Orduan egin genuen jausi bikoitza. Batetik, herrien artean saretu ginen, auzo mailan lehenbizi, hiri edo eskualdeka ondoren, Euskal Herri mailan azkenik, egungo Euskal Herrien Herrizoma izena hartu arte. Ordutik, herri bakoitza bere kabuz saiatzen da oinarrizko beharrei erantzuten, baina ezin duenean, beste batzuek ematen diete jana eta abaroa. Bestetik, estatuek umezurtz uzten ari ziren premiez ere arduratu behar genuela erabaki genuen: osasuna, zaintza, segurtasuna eta beste. Baita beharrezko ikusten genituen beste batzuez ere, ekoizpena eta jolasa kasu. Saretze eta sakontze prozesu horri deitzen diogu Bigarren Bizi-Olatua.

Eta orain Hirugarren Bizi-Olatuan murgilduta gaude. Ehunka gara jada herriak, milaka eta milaka herritarrak, batzuentzat giltzapetu beharreko terroristak gara, jakina –horregatik dira bilera hauek isilpekoak– baina askorentzat bagara ere, gaur eta hemen, bizitza propio bizigarri bat izateko aukera ukigarria, eta, etzi eta mundu osoan, mundu berri baten hazi. Ez da gutxi. Ez gara konformatzen. Boterea lehiatu nahi diogu Botereari boterea diluitzeko. Tori utopia. Hasteko, berak abandonatu dituen azpiegitura handiak okupatuz. Orain arte okupatu ditugu lur sail txiki landugabeak, etxe hutsak, eraikin osoak ere inoiz, lokalak eta tailerrak; orain jabetuko gara lantegi handiez, azpiegitura energetikoez, auzo osoez. Horregatik gonbidatu zaituztegu ahoz aho eta atez ate, herri berriak osatu eta gurekin bat egin dezazuen.

Hori guztia badakizue, ordea, aurreko asteetako bileretan azaldu dizuete xeheago. Hemen bazaudete prest agertu zaretelako da. Hau da zirt edo zart egiteko unea lagunok, ordubete barru abiatuko gara, goiza urratzearekin. Norbaitek atzera egin nahi badu hau du azken geltokia, baina, batez ere, hau da azken zalantzak uxatu eta elkarri indarrak emateko unea. Ni irrikitan nago! Zuek?
Isiltasuna egin da argizariek erdizka argitzen duten aretoan. Ile aspaldian urdindun begiak lasai daude zirkulua osatuz begira dituen dozenaka begiei begira. Ez dira alferrik pasa, herri berri bat osatzeko parte hartu zuen lehenbiziko hartatik, hamaika urte eta ehunka asanblada.

- Beldur naiz. Joan nahi dut, baina beldur naiz –gazte batek urratu du isilaldia–.

- Eskerrik asko aitortzeko ausardia izateagatik, beldurrak konpartitzea da gure indar iturri garrantzitsuenetarikoa. Beldurra zeri, Poliziari? Legea urratzeari? Zauritua edo espetxeratua izateari? Oso zentzuzko beldurrak, zinez. Hemen bazaudete beste beldur batzuk ere badituzuelako da, zer dakit nik bakardadeari, goseari, bizilagunei, Derrigorrezko Elkartasun Zerbitzuan gerra makinaria elikatzeari edo bere elikagai bihurtzeari. Beldur horiek beste interesgarriago batzuengatik aldatzea eskaintzen dizuegu, eta horiei elkartasunez eta elkarrekin erantzutea. Eta baita gatza eta bizipoza ere, zer arraio.

- Nire beldurrak beste batzuk dira –ahoskatu du gorputz nekatu batek bere aulkitik, urte gutxiko bi ume altzoan–. Aurreko bileretan azaldu digute herrietan pertsona guztiek dutela arduraren bat, izan osasun arloan, berrerabilpen eta birziklatzean, segurtasunean, zaintzan, hezkuntzan, formazioan, agroekologian... Nik ez dakit ezer.

- Denok dakigu zer edo zer. Ardura horietakoren batean ez, guztietan egingo duzu ekarpena, ardurak txandakakoak baitira. Gure mugimendua ez da hutsetik jaio, iturri zaharretatik edaten dugu beti berria den ura. Herrien antolakuntza eredua zehazki Brasiletik ekarri genuen. Iltzatuta geratu zitzaidan kanpamendu batean entzun nuena, oso aspaldi: “Nik Lurrik Gabeko Mugimendukoak terroristak zirela uste nuen, hori esaten dute hedabideek, lur hauek okupatzera batu nintzaien ez nuelako ezer. Nik uste nuen ez nintzela gai. Baina izan nahiz osasun arduradun, hezkuntza arduradun, segurtasun arduradun. Ikasi dut gai naizela. Nik uste nuen ez ginela gai. Baina poliziari eta pistolariei aurre egin genien aurrenik, eta gure bizitokia altxatu ondoren. Ikasi dut gai garela, elkartuz gero”. Portzierto, ikasteaz ari garela, formakuntza lantaldetik eskatu didate Desjabetuak liburuaren ale hauek banatzea.

- Hara, iraultzaileak ere Biblia lagun, iraultzailea baina biblia –adeitsu bota du zirtoa baina bota du agureak, begi kliska batez lagundurik–.

- Guk itsasargi deitzen diegu irakurketa kolektiboetarako erabiltzen ditugun liburuei, baina biblia, izatekotan, berezia, mandamentuz baino galderaz betea –zirtoari zirto eta begi kliskari begi kliska, jolasti–. Desjabetuak etorkizun utopiko-destopiko batean kokatutako nobela da, Ursula K. Leguin idazleak mende bat dela idatzia, baina gaurkotasun harrigarrikoa. Kapitalisten eta anarkisten arteko gerra zibila akordio batekin amaitu zen Urras planetan: anarkistak Urrasen satelite Anarres-era joango ziren, bertan bizitza nahieran antolatzeko. Ordutik utopia hezurmamitzen ari dira bertan, ilargia gogoratzen duen errekurtso urriko mundu idor batean, ordea. Gu ere saiatzen gara kapitalismotik urrun bizitzen, Lurra konpartituta ere, gu ere ari gara utopia saiatzen idortu dugun mundu honetan. Leguinek bestelako mundu bat deskribatzen du, pobreagoa baina aberatsagoa, gatazkak eta kontraesanak dituena baina bestelakoak, bestelako pertsonak baitira anarrestarrak.

- Touche –errenditu da gogo onez agurea–. Akaso konfiantza gutxiegi dut gure espeziean, baina muturreko berri bat hartzeko prest.

- Muturrekoz muturreko azken-aurreko garaipenera arte, hori da jarrera! –esku zarta batek lagundu dio barreari–. Ezberdin bizi nahi dugu beste desira batzuk sortzeko, ezberdin desiratu nahi dugu beste bizimodu batzuk eraikitzeko. Bide zinez luzea, baina eman dugu urratsik. Gogoratzen Errazionamendu Energetikotik sare antisozialak erabiltzeko mugak ezabatu zituztenekoa? Aginte Zentralak ustez estrategikoagoak zituen eremuetan murriztu zuen energia gastua sareena biderkatzeko, nondik eta Portaera Antisozialak Ekiditeko Kamera Sare Inteligentetik. Nonbait ikusi zuen fidagarriagoa zela sareek ekoitzitako pertsona, kanpo kontrol hertsiarekin baina Internetik gabe hazitakoa baino. Are interesgarriago, ordea. Berrezarri zituztenerako Herrizomaren lurraldeetan ezberdin bizi ginen, neurri batean behintzat, eta gutako asko ez gara bueltatu sareetara, orain dohain eskaintzen badizkigute ere. Beste horrenbeste soldatapeko lanarekin. Asko dira Herrizomara langabeziaren ondorioz heldu, gerora enplegu eskaintza bat jaso eta ordurako nahiago dutenak bestela bizi. Bortxaz eta gure borondatearen aurka kanporatu gintuztenean berriz ere onartuak izatea erregutu genien, desesperatuta, kanpoan bizitza posiblerik ez zegoela sinetsita. Baina gero eta gehiago gara borondatez desertatzen dugunak, gure bizitza berriak justuagoak eta zoriontsuagoak zaizkigulako. Barka erredundantzia. Mende hasieran, nerabe nintzela, ama zenak nostalgiaz hitz egiten zidan aurreko diktaduraren hondar urteetako borroka giroaz. “Libreagoak ginen gauza gutxiago genituelako”, errepikatzen zuen. Orain ulertzen dut zer esan nahi zuen.

- Dudan beldurra ez da txikia, baina emozioa handiagoa da –ahots lotsati batek, zirkuluaren bigarren lerroan hor nonbait ezkutuan–.

- Ondo entzun duzunaren seinale! –trumoi baten gisakoa da algara–. Hara. Mugimendura batu aurretik urteak eman nituen etxezulo, migrainaz migraina eta negarraldiz negarraldi ordaindu ezin nituen horma gero eta zatarragoen artean. Lagun batek arrastaka eraman ninduen auzoko etxebizitza sarera. Kostata baina utzi nintzen laguntzen, eta laguntzen hasi nintzen, eta bileretara joaten, eta ardurak konpartitzen, eta minak eta pozak partekatzen. Egun batean pintaketa berria irakurri nuen etxe ondoan: Ez duzu psikologoa behar, sindikatua baizik. Orduantxe ohartu nintzen hilabeteak neramatzala depresiorik eta migrainarik gabe. Ohartu nintzen ere egunero egiten nuela barre, eta ez diot egiteari utzi. Gazte nintzeneko profezia lazgarrienetako asko bete egin dira, baina orduan amestu-ezinak zitzaizkigun utopietako batzuk gure egunerokoa dira gaur. Lehena, mundu zoriontsu eta justu bat irudikatzea. Barka erredundantzia. Ametsa izaten jarraitzen du baina utzi dio ameskeria izateari, mundu horren zantzuak eraikitzen ari gara uneoro. Hori egiten ari gara eta hori egingo dugu bi ordu barru, gaur okupatuko dugun eremuan sartzean. Ehunka lagun daude gu bezala bilduta hiriaren beste puntu batzuetan, orain da unea. Norbaitek nahiago baduzue gaurkoan ez batu lasai esan, ate-joka tematiak gara, berandu gabe gaituzue berriz zuenean gonbidapen berri batekin. Baina ez dizuet gomendatzen... ederra izango da!...

 

- Denok bat orduan? Biba zuek! Biba gu! –urduritasunez eta emozioz lehertutako txalo zaparradak ia estali du azken biba–. Hartu zuen gauzak eta igo pabiloiaren atzealdean zain dugun autobusera, bagoaz!

- Nora?

- Egia! Orain bidaide garela partekatu dezakegu jada sekretua –irribarre konplize batek bete dio aurpegia–. Heriotz-iturri zena bizitza-iturri bilakatzera goaz. Ezagutzen dituzue Mercedeseko lantegi abandonatuak?!

Shu Otero

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekologismoa
2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-18 | Estitxu Eizagirre
EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatu ezean, ura kutsatzen jarraituko dute

Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]


2024-11-14 | Leire Ibar
Jauzi Ekosoziala eragileak aurkezpen bira hasi du Euskal Herrian

Eragile ekologista ezagutzeko edo gai ekosozialetara hurbiltzeko interesa duen edonor gonbidatu dute aurkezpenetara. Aurkezpenak egiteaz gain, hitzaldiak, proiekzioak eta kontzerturen bat ere eskainiko dute zita horietan. Albistearen amaieran egitaraua.


2024-11-12 | Garazi Zabaleta
Martin Zelaia Garcia, Sustrai Erakuntzako kidea
“Ingurumen gatazkak tokikoak eta mugatuak ziren lehen, orain proiektu asko eta Nafarroa osokoak dira”

Ingurumena kaltetzen duten proiektuen aurrean laguntza tekniko, juridiko eta administratiboa eskaintzen du Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroan. Urteetako ibilbidea dute eta hamaika helegite eta informe osatu dituzte hainbat proiekturi aurka egiteko: AHT, harrobiak, zentral... [+]


2024-11-11 | Julene Flamarique
Latinoamerikaren eta Euskal Herriaren arteko harremanak sendotzen: trantsizio ekosozialaren inguruko eztabaidak Bizkaia Aretoan

Latinoamerikako hainbat herri-eragiletako hamabost bat kide izango dira Bizkaia Aretoan azaroaren 14an eta 15ean Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia OMAL-ek antolatutako topaketetan. Ekintza guztiak trantsizio ekosozialarekin lotutako alderdi desberdinak lantzen dituzten... [+]


2024-11-11 | Estitxu Eizagirre
Ekofeminismo topaketak egin dituzte larunbatean Maeztun

50 inguru herritarrek egun osoko jardunaldia egin dute azaroaren 9an Maeztun, EHn ekofeminismoak gorpuzten lelopean. Goizean Euskal Herriko ekofeminismoak nolakoak diren deskribatzeko hainbat dinamika egin dituzte. Elkarrekin bazkaldu eta kantatu dute eguerdian, eta arratsaldean... [+]


Komun idorrak instalatu dituzte Hendaiako San Bixente ikastetxean, trantsizio ekologikoaren izenean

Hendaiako ikastetxean komun klasikoak kendu eta komun idorrak eraiki zituzten martxoan. Ikuspegi ekologikoari tiraka, egitasmo orokorrago baten barne dute aldaketa: hondarrak jangelako konpostari gehitu eta guzia baliatzen dute ikastetxean duten baratze pedagogikoan, Hendaiako... [+]


2024-10-29 | ARGIA
Arabako Mendiak Aske
“Gure lurraldea defendatzea ez da delitua, baizik eta demokrazia hutsa, biziraupenari eta benetako ongizateari lotutako demokrazia”

Urriak 29 goizean egin da Gasteizen, Arabako Mendiak Askeko ordezkari moduan identifikatu eta Mozal Legearen bidez jarri zioten isunari buruzko epaiketa. Lurraren defentsan ari diren kideak atarian batu dira elkartasuna adierazteko eta zera adierazi dute: "Nahikoa da esan... [+]


Urriaren 29an epaitegira joan beharra izango duen kidearekin elkartasuna

Asteartean EH sareko partaide batek Mozal Legearen bidez jasotako isun baten harira epaiketa izango du. Mendian, sarraskitu nahi dituzten mendi horietan ibiltzearren eta lurraldearen, lurraren, zaintzan eta defentsan aritzearren ertzaintzaren jazarpena jasan zuen. Beste behin... [+]


2024-10-28 | Estitxu Eizagirre
Arabako Mendiak Askek Mozal Legearen bidez jaso duen isuna epaiketara eramango du asteartean

Iturrietako Mendietako lehen mendi martxa antolatzen ari zirela, 2021ean, kide bat identifikatu zuen ordezkari gisa ertzaintzak eta Mozal Legearen bidez isuna ezarri zion. "Muntai poliziala" salatu du Arabako Mendiak Askek eta zera aldarrikatu du: "Lurraren eta... [+]


Eguneraketa berriak daude