argia.eus
INPRIMATU
Hondamendi zahar hura
Bestiak Liburutegia 2025eko urtarrilaren 10

Fun Home. Familia-istorio tragikomiko bat
Alison Bechdel
Txalaparta, 2024

---------------------------------------------

Fun Home. Familia-istorio tragikomiko bat (2006) nobela grafikoaren lehen argitalpenarekin egin zen ezaguna Alison Bechdel komikilaria, nahiz eta berak Dykes to watch out for tira komikoan hainbat argitalpenetan parte hartu zuen 1990eko hamarkadan. Bitxikeria bat: tira horietako batean agertu zen lehenengoz gaur egun hain ezaguna egiten zaigun Bechdelen Testa. Gaurkoan, beraz, Fun Home komikiari helduko diogu, Danele Sarriugartek Txalapartarekin euskarara ekarritakoa 2024an.

Guri, komikizale gisa, Bechdelen estilo grafikoak jo digu begira. Liburuan, bariaziorik gabe perpendikularki antolatutako bineta karratuak erabiltzen ditu, urdin hotz batez soilik itzaleztatuta. Marrazketa-estilo horrek familiarekin daukan harremanaz hitz egiten digu. Hain justu, tonu hotz eta itxiek umetako bizilekua izandako hileta-etxean murgiltzen gaitu erabat.

Konpainia, ispilu eta giltza gisa erabiltzen du Bechdelek literatura. Izan ere, bizitzako une bakoitzean bidelagun izandako liburuen pasarteekin eta pertsonaiekin elkarloturik kontatzen ditu bere oroitzapenak. Kontakizun autobiografiko honek agerian uzten du familia amerikar heteronormatibo perfektuaren irudia sostengatzen duen indarkeria eta hauskortasuna –“hondamendi zahar hura”–. Kontrastean, Bechdelek familia-eredu horri kontra egiten dioten erreferentziazko idazle eta liburu bolleroen mapa bat marrazten du, nobela grafikoetan batere ohikoa ez dena.

Harritzekoa da klasiko hau argitaratu zenetik hamazortzi urtera heldu zaigula euskarara. Itxaronaldiak islatzen du itzulpengintza ez dela soilik testu bat hizkuntza batetik bestera ekartzea. Erabaki politikoa da. Zer testu itzultzen den hautatzean, herri batek zer irakurriko duen erabakitzen da. Antzera jarduten dugu guk liburutegian. Liburutegi batek ere eragin diezaioke irakurtzen denari. Horregatik, gurean, herri mugimenduen begiradatik osatzen ari gara kolekzioa.