Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023
-------------------------------------------------
Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara erakusten etiketek eta modek nahastu gaituztela eta transmisio eskasari esker, galdua dugula euskal musiken genealogia. Eta Artze zaharrak beti arrazoi: “Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu”.
Honela datorkigu Eibartik Xabier Badiola gaztea, 1960ko hamarkadako folk-rock estiloari fidel-fidel, berri-berria den disko bat proposatuz. Denboraren makina bat da. Nola ulertu horren ondo estilo bat eta berrinterpretatzeko gai izan, efektismoetan erori gabe? Ez tranparik, ez kartoirik hemen. Zuri beltzezko Eibar industrial bat, besterik ez. Eta ahotsa eta gitarra.
Folk-rock ingelesetik edanagatik ere, euskal tradizioan bilatu ditu erreferenteak, eta “Katebegi galduak” deitu zaion ildoari jarraipena eman asmo ziola onartu du: Izukaitz, Haizea, Itoiz, Koska, Errobi... Ikerketa lana du atzetik diskoak, baina hoberena da oharkabean pasatzen dela. Dena berezkoa balitz bezala, beste molderik ez balitz bezala. Jolas interesgarria izan daiteke topatzea kantu bakoitzari nazioarteko, zein bertako lehengusinarik. Ni hasiko naiz: Euritan blai-k eraman nau The Beatlesen Blackbird-era, eta Txomin Artolaren Txakurraren Partia-ra.
Badiolak diskoa osorik ingelesez idatzi zuen hasiera batean. Hark kontatzen duenez, Bilboko kaleetan hainbat orduz edaten diren garagardoez lagunduta, lagun batekin eztabaidan, erabaki zuen bere diskoak euskaraz behar zuela, “zintzotasunagatik”. Eta berak ere onartzen du, diskoa ez dela bera, horri esker.
Pentsa. Disko goxo, berezi, misteriotsu eta teleportatzaile hau entzungo bagenu ingelesez, frantsesez edo swahiliz. Akordeak eta melodiak polita askoak lirateke, baina meh. Zeri lotu, zergatik konprometitu? Auzia hortik doalako beti, edo ia beti: konpromisoak konpromisoa sortzen du. Euskaltzaletasun senetik gertu egon beharrik gabe ere, euskarari esker lortu du lurra eta lortu du zentzua lan honek.
2023koa da lana, eta lagun ugarik gomendatu arren, orain arte ez nau diskoak ni konprometitu. Eta esango nuke bakarrik joaneko bidaia bat dela hau. Eta iturrietara itzultzeko, beti iturrietara itzultzeko gonbidapena. Baina kasu, e, Andoni Tolosak Berria-n esan legez: “Nola da posible hain molde jakineko disko bat hain fresko gertatzea?”. Erantzuna, argia: “Ez da nostalgia”.