Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren nekazarien landa-komunitateetatik nator”, esan digu. Azaroan Bilbon izan zen, OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak antolatutako “Trantsizio ekosoziala eztabaidan: Latinoamerikaren eta Euskal Herriaren arteko elkarrizketak” nazioarteko topaketetan.
El Salvador korporazio eta enpresa handien atzaparren esku uzten ari da Nayib Bukele presidentea, giza eskubideen eta lurraren defentsan diharduten erakundeek salatu dutenez. Gainera, “gaizkile-taldeen aurkako gerra” deritzon horren aitzakiapean, giza eskubideen etengabeko urraketa baimentzen dute, ekintzaileak jazarri eta atxilotuta. Anabasa horren erdian dugu Vidalina Morales, Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko burua.
Noiz eta zein testuinguruan sortu zenuten ADES? Zein helburu du elkarteak?
Santa Martako komunitateak sortu zuen duela 31 urte, 1993an. 1980ko hamarkadan, El Salvadorreko gatazka armatua puri-purian zegoenean [gatazkak 1980tik 1992ra iraun zuen] erasoak jasan zituen, Hondurasera ihes egin eta 1987an Santa Martara itzuli zen komunitateak sortu zuen.
Besteren artean, ADESCOS edo Garapen Komunaleko Elkarteak laguntzen ditugu, baita emakumeen antolakundeak ere. Sexu aniztasunaren inguruko taldeekin ere aritzen gara, Santa Martako hezkuntza komunitatearen prozesu baten parte izan gara, azpiegituren kudeaketa lanetan arituak gara...
1993an komunitatearentzako lurren erosketa kudeatzeko eta gure gazteak hezkuntza prozesuan laguntzeko jaio zen erakundea izanik, ezerezetik hasi den komunitate gisa ulertzen dugu gure burua. Gaur-gaurkoz, Ur Batzordeekin, uraren arloan lan egiten duten tokiko erakundeekin, eta agroekologiaren inguruko elkarteekin batera egiten dugu lan. Agroekologiaren gaia asko landu izan dugu azken bolada honetan. Historikoki inposatua izan den nekazaritza tradizionalarekiko alternatiba egokia dela uste dugu.
Santa Martatik ihes egin behar izan zenutela aipatu duzu. Hura izan zen El Salvadorreko gatazka armatuan eraso gehien jaso zituen eremuetako bat. Nola eragin du horrek zuen komunitatea eraikitzeko moduan?
El Salvadorren hamabi urte iraun zituen gatazka armatu bat izan zen, 1992an amaitu zena Bake Akordioak sinatu zituztenean. Orduan antolaturik zeuden komunitateetako kideak jazartzen eta hiltzen zituen armadak, Santa Martan, kasu. Jazarpen militarra zela-eta Hondurasera egin behar izan genuen ihes; bertan indarrak hartu eta sei urte beranduago, 1987an, Santa Martara itzuli ginen. Komunitate historikoa gara, eta modu antolatuan lortu dugu, nolabait esateko, inguruko tokietako ohiko bizimoduetatik pixka bat aldentzea. Esate baterako, energia elektrikoa bezalako oinarrizko zerbitzuak eskuratu ditugu, lur komunalak, ur eta etxebizitza proiektuak, hezkuntza sistema osoa (eskolaurretik batxilergora) eta abar ditugu. Antolakuntzaren eta ADES elkartearen laguntzaz komunitatearen beharrak ase ditugu.
2017an meatzaritza metalikoaren industria debekatu zuen legea onartzea lortu zenuten. Nolakoa izan zen prozesua?
Santa Marta komunitatea laguntzeko jaio zen ADES, baina 2000ko hamarkadan Cabañas departamenduko beste komunitate batzuekin hasi ginen lanean, eta meatzaritza metalikoaren aurkako borrokara batu ginen. Meatzaritzaren industria debekatuko zuen lege baten alde borroka egin genuen 2004tik 2017 ingurura arte, kongresuak aho batez industria hori debekatuko zuen legea onartu zuen arte. Diputatu denek, 69ek, alegia, legearen alde bozkatu zuten.
Meatzaritza metalikoa debekatzeko borrokan ari ginela, Kanadako transnazional batek El Salvadorri jarritako demanda bati egin behar izan genion aurre, Washingtonen dagoen CIADI (Inbertsioen inguruko Desadostasunak Konpontzeko Nazioarteko Zentroa) izeneko auzitegian jarritakoa. Sei urte eman genituen mobilizatzen, eta CIADI zer zen ezinbestean ikasi genuen; Munduko Bankuaren instituzioa da, finean, enpresek beren interesak defendatzeko sortzen dituzten auzitegietako bat.
"Uste dugu agroekologia alternatiba egokia dela historikoki inposatua izan den nekazaritza tradizionalarekiko"
Bada, 2016an, auzitegi horrek El Salvadorreko Estatuaren aldeko epaia eman zuen. Enpresa kanadiarrak 250 milioi euro inguru eskatzen zizkion El Salvadorri, komunitateek uko egin ziotelako Cabañasen meategiak ustiatzeko proiektuari. Garaipena izan zen, baina mehatxuak, kriminalizazioa eta erailketak ekarri zituen, haurdunaldiaren zortzigarren hilabetean zegoen emakume batena barne. Baina, esan dezagun, borrokak arrakasta izan zuela nolabait, ezta? Estatuak ez baitzion eman enpresari eskatzen zuen dirua. Komunitateek antolatutako borroka izan zen. El Salvadorrek jarritako abokatu taldea oso arduratsua izan zen.
Bilbon emandako hitzaldian azaldu zenuenez, meatzaritza industria berrezartzen tematzen ari da Bukeleren gobernua, ezta?
2021etik aurrera, Bukeleren gobernuak bat egin zuen Meatzaritza, Mineral, Metal eta Garapen Jasangarriari buruzko Gobernuarteko Foroarekin, zeinak 77 herrialde biltzen dituen, mundu mailan meatzaritza metalikoa sustatzeko. 2022an meatzaritza metalikoa debekatzeko legearekiko beste lege paralelo bat sortu zuen: Hidrokarburoen eta Meategien Zuzendaritza Nagusia sortzeko legea. Lege horrek gure susmoak piztu zituen eta auzia publikoki salatzen hasi ginen. Urte berean meatzaritza metalikoa debekatzeko legea berrikusteko eta eguneratzeko 45 milioi dolarreko funtsa xahutu zuen gobernuak, eta mobilizatzen hasi ginen. Handik gutxira eta honen harira Santa Marta komunitateko eta gure antolakundeko kide batzuk atxilotu zituzten.
“Los cinco de Santa Marta” kasuaz ari zara?
Bai. Etengabe egin genuen borroka gure kideak aska zitzaten. Azkenean merezi izan zuen, oso korapilatsua den Bukeleren “Salbuespen Erregimenpean” askatu zituztelako. 2022ko martxotik Batzar Legegileak onartutako oinarrizko giza eskubideak urratzen dituen erregimen batean bizi gara.
2023ko urtarrilaren 11n zuzenean atxilotu zituzten inolako prozesu judizialik egin gabe, eta urte bereko irailean etxeko atxiloaldia ezarri zieten 2024ko urrira arte. Azken epaiketan askatu zituzten.
Esan beharra dago horren guztiaren harira El Salvadorren asko indartu direla lurraren, uraren eta bizitzaren aldeko mugimenduak. Komunitate, antolakunde eta elkarte asko batu ginen orduan, eta gure kideen askatasuna lortu genuen.
Bukeleren erregimenaz zer esango zenuke?
Militarizazioak izugarri egin du gora erregimen honetan. Gobernuak segurtasuna sendotzearen aldeko apustua egin du, diru asko inbertitu du horretan. Diru horretan zati handi bat 1992ko Bake Akordioen harira sortu zen Polizia Nazional Zibilak eramaten du, eta armadak ere kopuru nabarmena jasotzen du. Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere.
Giza eskubideen defentsan dihardugunok erregimenaren jazarpena jasaten dugu, kriminalizatzen gaituzte. Pertsona errugabe ugari dago espetxean. Ez dute beharrezkoa den prozesu judiziala izan, eskubide hori ukatu digute. “Los cinco de Santa Marta” kasuko kideekin horri aurre egin diogu, baina ez zaio mundu guztiari gauza bera gertatu.
"Kartzelako baldintzak oso-oso txarrak dira; jende pilaketa dago, gaixotasunak, garbitasun eza..."
Salbuespen erregimenak abiatutako “gaizkile-taldeen aurkako gerran” atxilotu zituzten 72.000 pertsonetatik 7.000 askatu dituzte duela gutxi, errugabe direlako, baina ziur naiz errugabe gehiago dagoela. El Salvadorreko Laguntza Juridiko Humanitarioa erakundeak azaleratu duenez, dagoeneko 300 pertsona inguru hil dira Bukeleren espetxeetan.
Zein leku dute giza eskubideek salbuespen-erregimenean?
Eskubideak etengabe urratzen dira; esan bezala, pertsona bat atxilotzen dute, ez du ez epaiketarik ez deus jasotzen eta espetxera sartzen dute. Kartzelan baldintzak oso-oso txarrak dira; jende pilaketa dago, gaixotasunak, garbitasun eza...
Gure kideak askatu zituztenean oso gaixorik irten ziren bertatik; pisu gutxirekin, desnutrizioak jota, eta diabetes edota asma bezalako gaixotasunak tratatzeko ez zuten sendagairik hartu. Hesien artean dagoen ororen errealitatea da hori.
El Salvador da bitcoina estatuko moneta gisa onartzen duen munduko lehen herrialdea, Bukeleren Gobernuak erabakita. Hura eta AEBetako dolarra dira moneta ofizialak...
Bitcoina moneta nazional bilakatzeko gobernuaren proiektuak porrot egin du. Legeak dio txanpon hori erabili dezakezula El Salvadorren, zirkulazioan dago, baina ez du ongi funtzionatzen, sekula ez delako erabili. Birtuala den zerbaiten modukoa da, eta altxor publikoko dirutza xahutu da horretan.
Ingurumen-mugimendutik uko egin diogu huts egin duen proiektu horri. Izan ere, badakigu horrelako proiektu bati eusteko maila goreneko teknologia eduki behar dela, eta El Salvadorrek ez du aukera hori. Gainera, salvadortarrok ez dugu halako proiekturik galdegin, ez dugu sekula halako eskakizunik egin.
Uste duzu bitcoinaren monetizazioak megaproiektuak susta ditzakeela?
Bitcoinaren proiektua indartzeko meatzaritza industriaren aldeko apustua egingo zutela uste genuen, lehen aipatu dudan Hidrokarburoen Legea onartu zenean bitcoina monetizatu zutelako. Gobernuak oso argi zuen nazioartean horren ongi saldu zuen moneta birtualaren proiektua indartzeko meatze-ustiapena indartu beharko zuela, geroago geotermikoak edota termoelektrikoak sortzeko. Momentuz hala izan ez bada ere, megaproiekturen bat edo beste berreskuratu du gobernuak horri tiraka.
Megaproiektuak garatzeko asmo handia duen gobernariak ditugu gureak, gure herrialdea korporazio eta enpresa handien esku uzten ari dira. Portuak, aireportuak eta halakoak eraikitzen ari dira etengabe. Beste azpiegitura turistiko batzuk ere eraikitzen ari dira, eta jendetza etxegabetu dute proiektuak aurrera eramateko. Megakartzela egiteko, halaber, pertsona asko bota zituzten beren etxeetatik.
Herrialde “pobrea” garen arren, oso aberatsak gara baliabide naturaletan, eta orain gobernua gure lurra eskaintzen ari zaie transnazionalei, uranioa ustiatu dezaten. El Salvadorreko kostaldean petrolioa dagoela diote zurrumurruek, baina oraindik ez da ziurtatu. Une honetan gobernua petrolioa ustiatzeko proiektuak diseinatzen ari da.
Eta ez hori bakarrik, aurkitu berri duten torio izeneko mineral bat ustiatzeko negoziotan ari da AEBetako enpresa batekin, eta litekeena da aurrerago energia nuklearreko instalazio bat jartzeko aukera izatea. Gobernu honek proiektu handiak abiatzen ditu, populazioaren eta gure ingurugiroaren kaltetarako.
Zer dakizue torioaren egitasmo horri buruz?
Nahiko gauza berria da, eta ez dago informazio askorik. Dena dela, gobernua AEBtako Thorium enpresarekin negozioak egiten hasia dela ezagutzera eman dute hainbat ingurumen-sarek.
Modu berean jakin dugu Cabañas aldean, nire jatorrizko departamenduan, meatzaritza ustiapena egin nahi duela enpresa batek. Gobernuak gure baliabide mineralak saltzeko eta erauzteko interesa du, interes zekena, eta hori ere salatzen ari gara egun. Meatzaritza-industria berrezarri nahi dute kosta ahala kosta, hura debekatzen duen lege bat dagoen arren.
Aurrera begira, zein erronka dauzka garapen jasangarri eta sozialaren alde egiten duen komunitateak?
Oso garbi dugu ez dugula meatzaritza industriarik nahi El Salvadorren. Agroekologia eta elikadura-burujabetza bezalako prozesuen alde egingo dugu beti, gure herrialdea Monsanto bezalako transnazionalek inbaditu dutelako. Gure lurrak lantzeko esentzia izorratu du horrek, hemengo lurrak eta ibaiak ere kutsatu ditu.
Beste era batera nahi dugu bizi, eta horixe da gure erronka. Halaber, gure gaitasunak eta beste komunitate batzuekin harremanak sendotu ditugu, transnazionalen interesen aurrean gure lurrak defendatzen ditugu, gure herrialde “txiroak”. Hemen bizi gara, eta hemen jarraitu nahi dugu bizitzen, agroekologia eta elikadura-burujabetzaren alde eginez, orain arte jardun dugun modu berean.
Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]
Hauteskundeen emaitzak ez du inor sorpresaz hartu El Salvadorren: azken bost urteetan presidente izan dutenak horretan jarraituko du gainontzeko bostetan ere. Berrautaketa lortu duen herrialdeko lehen presidentea da; besteak beste, konstituzioak debekatzen duelako. Baina, botere... [+]
"Gizarteari eragindako kaltea konpontzeko", egunean 3.000 preso ingururi ezartzen dizkiete era guztietako lan behartuak, ordaindu gabe. Gero eta lanordu gehiago bete, orduan eta lehenago aterako dituzte espetxetik.
“Amerikako kartzelarik handiena” sortu du Bukele presidenteak, bandakideak sartzeko. Banda guztietakoak egongo dira nahastuta, 2020tik egin moduan. Giza eskubideen aldeko taldeek kartzeletako egoera salatu dute, eta ohartarazi bandak nahasteak hilketak eta matxinadak... [+]
Sabino Arana saria jaso zuen urtarrilean Amaiurko Gaztelu Elkarteak. Herriko zinpeko alkate eta elkarteko kide Isabel Alemanek jaso zuen garaikurra. 1982an, gazteluak ageri duen monumentua jaso zutenean, hantxe zen Isabel, jakile eta lekuko zuzen.
Herritarren nahiaren kontra eginez eta nazioarteko finantza instituzioen aholkuei bizkarra erakutsiz, bere nahia gauzatu du Nayib Bukele presidenteak: El Salvadorreko moneta ofiziala bihurtu da bitcoin izeneko diru birtuala. Estatuek kontrolatuko ez zuten moneta zuten amets... [+]
Herritarren nahiaren kontra eginez eta nazioarteko finantza instituzioen aholkuei bizkarra erakutsiz, bere nahia gauzatu du Nayib Bukele presidenteak: El Salvadorreko moneta ofiziala bihurtu da bitcoin izeneko diru birtuala. Estatuek kontrolatuko ez zuten moneta zuten amets... [+]
El Salvadorreko 2019ko hauteskunde presidentzialak Nayib Bukele-k irabazi zituen lehenengo itzulian botoen %53,1arekin. Presidente berriak 37 urte zituen enpresaria zen, bere publizitate agentzia hamabi urtez aritu zen FMLNren komunikazio eta propaganda kudeatzen eta alderdi... [+]
Etorkizun beltza iragarriko lioke askok Erdialdeko Amerikako herrialde txikienari. Azken ehun urtean apenas ezagutu dute bakerik El Salvadorren, armak hartu eta azala tatuatzea da gazte askoren irtenbide bakarra. Bide horrek, ordea, kartzelara edo lurrera bueltan eramaten du... [+]