Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean, bizarzuriz mozorrotutakoak barrutik ateratzea. Baina hainbat eragozpen tekniko medio, eskuz egindako hegazti erraldoia arrastaka eramatea erabaki zuten.
Langabezia krisi larriak hartua zuen herrialdea, eta Santa Klaus armada bitxia herritar goibelak pizten ahalegindu zen hurrengo egunetan, goxokiak banatzen, haurrei ipuinak kontatzen, zahar-etxeetan gabon kantak abesten…
Abenduaren 22an General Motors fabrika itxi berriaren hesiak gainditu eta sinbolikoki lantegia eta lanpostuak “berezko jabeei itzuli” zizkieten. Biharamunean, gabon bezperan, Magasin saltoki handian sartu ziren. Liburuak, jostailuak eta bestelako salgaiak apaletatik hartu eta bezeroei oparitzen hasi ziren, “Eguberri on guztioi! Gaur inork ez du ezer ordaindu behar!” oihuka. Segurtasun guardiak jendeari opariak indarrez kentzen hasi ziren eta arduradunek Poliziari deitu zioten. Poliziek hainbat Santa Klaus jipoitu eta atxilotu zituzten, haurren negar eta heldu askoren protesta artean.
Langabeziak astindutako herritarren artean Eguberrietako kontsumismo basatia bultzatzen zuen sistema salatu nahi zuten eta, besterik gabe, “langileei beraiek egindako jostailu eta opariak itzuli”
Santa Klaus batzuek ihes egitea lortu zuten eta gertuen zegoen bankuan sartu ziren. 50 milioi koroa eskatu zituzten, baina haien asmoa ez zen dirua lapurtzea, interesik gabeko mailegua lortzea baizik, gero dirua gehien behar zutenen artean banatzeko. Haiek ere berehala atxilotu zituzten.
1969an Christiania komunitatean sortutako Solvognen (“Eguzkiaren gurdia” danieraz) antzerki taldeko kideak ziren.
Hurrengo asteetan daniar komunikabideetan eztabaida piztu zen antzerkiaren mugei buruz, oholtzaz gaindiko halako ekintzen zilegitasunari buruz, adierazpen askatasunak demokrazian eragin zitzakeen arriskuei buruz…
Baina ekintzaileek zabaldu nahi izan zuten mezua itzalita geratu zen. Langabeziak astindutako herritarren artean Eguberrietako kontsumismo basatia bultzatzen zuen sistema salatu nahi zuten eta, besterik gabe, “langileei beraiek egindako jostailu eta opariak itzuli”.