argia.eus
INPRIMATU
DSBEren ‘humilladeroa’
Sonia González @sonetska 2024ko abenduaren 20a
PAULA ESTÉVEZ

Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen. Gauza jakina da abrahamdar erlijioetako jainkoarentzat, bere tankerara osatu arren, gainontzeko izakiok ez garela ezer, balio eta gaitasunen ordez, hoben eta bekatuak baino ez dauzkagula.

Urte mordoa pasatu da diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) martxan jarri zenetik. Norbera ere urteetan aurrera doanez, gomuta dezaket Gasteizko gobernuak paparra harrotzen zuen sasoia, Espainian baino hobeto leloa prentsaurrekoetako geletan zintzilik geratzen zelarik.

Baina eskubidea (bizitzeko eskubidea) limosna moduan ulertzen denean, herritarrak erromes bihurtzea bilatu ohi da. Eta laster hasi zen DSBE guruztoki berri bilakatzen. Horixe da DSBEren legeak, bere burokrazia, oztopo eta kontrol guztiarekin, sustatzen duena.

Behin ere ez dira DSBEz arituko, kontrol berba aipatu barik. Iruzurraz hitz egiten dute eta, lotsa barik, zaku berean sartzen dituzte hutsegite administratibo eta burokratikoak, administrazioak berak onartu arren txarto egindako ordainketa gehienak euren akatsagatik direla. Errealitatea da iruzurra ez dela %0,2ra heltzen. Baina kaltea eginda dago. Jende “zaurgarria” babestea modako asmo politikoa den sasoi honetan, Jaurlaritzaren jokabideak argi uzten du DSBEren jasotzaileak lapur, susmagarri eta arriskutsuak direla.

Barkamena gatozen tokitik etortzeagatik, hilabete amaierara ez heltzeagatik, gu izateagatik eta beste batzuek izan duten suertea ez edukitzeagatik. Barkamena existitzeagatik

Hori azken urteotan areagotzen ari da, jasotzailearen profila aldatzen joan den erritmoan. Hatz markekin identifikatzera behartu zen eta, ozen ez esan arren, aitzakien atzean, “beltz guztiak berdinak dira” topikoak durundi egin zuen. Legearen 2022ko azken moldaketaren ostean, kontrola maila beldurgarrietara zabaldu da. Beldurgarria diot, jendeari beldurra pasarazi diotelako, nahita. Imajinatu etxean zaudela, oraindik ondo ezagutzen ez duzun herrialde batean, eta polizia aldra bat barrura sartu dela, kaxoi, apalategi eta armairuetan arakatzeko.

Urteetan iritzi publikoaren aurrean delitugileak fabrikatu ostean, ez al zen sasoia iritzi publiko hori subjektu aktibo bihurtzeko? Orain, auzokideak auzokideen zelatari-salatari!

Ez dut uste umiliazioa baino sentipen suntsigarriagorik dagoenik izaki humanoarentzat. Balio eta gaitasunez erantzi eta hoben eta bekatuz janzten gaitu. Barkazioak kolpe egiten digu buruan. Barkamena gatozen tokitik etortzeagatik, barkamena hilabete amaierara ez heltzeagatik, barkamena gu izateagatik eta beste batzuek izan duten suertea ez edukitzeagatik. Hitz bitan, barkamena existitzeagatik.

Eta neure buruari galdetzen diot halako trataera jasotzen dutenek ea zer nolako jarrera izan behar duten instituzioekiko. Areago, zer nolako jarrera izan behar duten hori onartzen duen jendartearekiko.

Herritarrak umiliatzen dituzten instituzioek ez dute jendarte osasuntsurik nahi. Baina kolektiboak seinalatzea ondo probetxugarria da politikoki, gainetik daudela uste duten herritarrek frustrazio guztiak horien kontra jaurti ditzaten, ardura barik zeintzuk diren euren egoeraren benetako erantzuleak.

Munduan arrazakeria (eta aporofobia), nazionalismo zuri zikinena, zabaltzen ari den honetan, gure lurraldea ez dago salbu. Gero eta bustiago blaitzen gaitu. Eta hau ez da teoria. Hau, praktikan, denok ikusten eta entzuten dugu kaleetan, familietan, lagunarteetan, berdin solaskideak bere burua ezkertiartzat duen ala ez.