X utzita, nora joko dugu orain?

  • “eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira jarri gara erreportajean, jatorri, izaera eta finantzaketaren inguruko elkarren arteko desberdintasunak nabarmenduta, besteak beste.

Ilustrazioa: ADUR LARREA

Ez dakigu Elon Musk handi-mandiari askorik axola dion jende andanak X sare sozialetik (lehengo Twitter) ihes egin eta beste plataforma batzuetan aterpe hartzeak. Ez dakigu berarentzat jostailu hutsa ote den, erreparo handirik gabe sakrifika daitekeena, ala proiektu estrategikotzat duen. Litekeena da AEBetako hauteskundeetan Donald Trump babestu duelako bizkarra eman dioten erabiltzaileen amorrualdiak grazia egitea, are gehiago ikusi ostean babes hori emateagatik ere, edo horri esker,  diru-sarrerak izugarri handitu zaizkiola denbora gutxian.

Erabiltzaile ugarik X-tik ihes egin du, ordea. Eta joan dira Mastodon edota Bluesky plataformetara. Deitu diote “eXodoa”. Bat-bateko haserrealdiak bultzatuta hartuko zuen erabakia hainbatek, denbora luzeagoan hausnartu eta eztabaidatu ostean besteek. Gure sektorean ere, bateko eta besteko hedabideek iragarri dute hura utzi dutela –jakitun izan arren irakurleen parte bat hantxe topatuko zutela–, sanoagoak diren lekuetan ostatu hartzeko.

EFJ Europako Kazetarien Federazioak berak oharra plazaratu du: 2025eko urtarrilaren 20an –egun horretan hartuko du AEBetako presidente kargua Donald Trumpek– utzi egingo dio X plataforman edukia publikatzeari. “Ezin dugu haren jabeak desinformazio eta propagandarako makina bihurtu duen sare sozialean parte hartzen jarraitu”, adierazi du 44 herrialdetako 295.000 kazetari ordezkatzen dituen elkarteak.

ARGIAn ere eztabaida prozesu betean gaude, ez soilik X, Mastodon edota Bluesky egitasmoen gainean, baizik eta, oro har, sare sozial guztietan eta komunikaziorako bestelako aplikazioetan jarraitu beharreko estrategiaren inguruan, argi izanda geure tresnak indartzea izan behar duela bidea, teknologia burujabetza helburu. Aurki emango du lantaldeak horren guztiaren gaineko erabakiaren berri.

Ez, sare soziala ez da zeurea

“Sare sozial hau nirea da eta nire sare sozialean nahi dudana publikatuko dut, eta ez zeuri ikustea gustatuko litzaizukeena”, irakurri diogu Beatriz Rico aktore espainiarrari X-n. Ziurrenik, bertan gabiltzan erabiltzaileetako askok pentsatuko genuen gauza bera, sare soziala “geurea” dela, alegia. Baina ez, Elon Musk-ek argi laga digu bera dela plataforma horretan erregistratutako kontu guztien jabea. Infowars ultraeskuineko agerkari digitalari zor diogu, zeharka bada ere, begiak ireki izana.

AEBetako hedabide horrek, 2012an publikatu zuen Sandy Hook-eko eskolako triskantza –gizon batek 27 lagun hil zituen, eta bere buruaz beste egin zuen gero– muntaia zela. Lehenago ere argitaratuak zituen albiste faltsuak; beste kasu batzuetan ez bezala, ordea, egindakoak izan zuen ondoriorik oraingoan. Hildakoen senideek epaitegira eraman zuten agerkariaren jabe Alex Jones, eta 1.500 milioi dolar ordaintzera kondenatu zuten. Hark, baina, ez zeukan isuna ordaintzeko nahikoa diru, eta Infowars salgai jarri behar izan zuen, sare sozialetako kontuak tartean. Agerkaria enkantean atera da eta nork eta The Onion agerkari satiriko ezkertiarrak egin du eskaintzarik handiena, Infowars-en ildoari ukitu are surrealistagoa emateko-edo.

ARGIAn ere eztabaida prozesu betean gaude, argi izanda geure tresnak indartzea izan behar duela bidea, teknologia burujabetza helburu.

Kontua da, Joxe Rojasek azaldu duen moduan Teknopata.eus webgunean plazaratutako artikuluan (Mitologia berria: “Nire X-ko kontua”), salerosketaren xehetasunak itxi bitartean, X Corp-ek, behinola Twitter gisa ezagutu genuen sarearen jabeak, errekurtsoa jarri duela prozesuaren aurka, zergatik eta “X-ko kontuen jabetza ez delako erabiltzaileena, X-rena baizik”. Elon Musk-en enpresak dioenez, bera da Infowars-en X kontuaren jabea, eta ez Infowars bera. Alegia, erabiltzaileok baimena dugu geure izena daraman kontua erabiltzeko, baina egiaz X-rena da. Zeure izen eta irudia izateak ez du esan nahi zeurea denik, ez, zerbitzua ematen dizun enpresarena da, Instagrameko profilaren edota Youtubeko kanalaren kasuan bezalaxe. Gauzak horretan direla, gainera, ezagutu berri dugu epaile batek geldiarazi egin duela Infowars eskualdatzeko prozesua, enkantean jarri eta The Onion-ek eskaintzarik handiena egin bitarteko prozesuan “akatsak” izan direlako.

Bestelako martxa daramate X-ren alternatiba bihurtu diren Mastodon eta Bluesky plataformek. Agian irudituko zaigu, behin X alboratuta, berdintsua dela bataren edo bestearen aldeko hautua egitea, bietan dagoelako atmosfera sanoagoa, baina parez pare jarrita konturatuko gara desberdintasun nabarmenak daudela haien artean, proiektu bakoitzaren atzean dagoen jendeari/filosofiari edota finantzaketari dagokienez, besteren artean.

Mastodon, inbertsore handirik gabe bideragarri

Eugen Rochko software garatzaile alemaniarrak zortzi urte zeramatzan Twitter erabiltzen, harik eta 2016an hedatu ziren arte Peter Thiel aberats estatubatuarrak sare soziala erosiko zuenaren zurrumurruak. Arriskutsua iruditzen zitzaion komunikazio globalerako tresna bat enpresa bakarraren kontrolpean egotea, eta software libreko Mastodon sare sozial deszentralizatua hasi zen garatzen, artean informatikako ikaslea zela.

Ezagutza teknikoak dituen edonork instalatu dezakeenez, 2017rako 1.000 Mastodon komunitate baino gehiago zeuden elkarren artean konektatuta. Horietako asko ohiko sareetan baztertuak eta jazarriak ziren pertsonek sortu zituzten, auto-kudeatutako espazio seguruak eratzea helburu. Lehen erabiltzaile horien dohaintzei esker, proiektuari lanaldi osoa eskaintzea lortu zuen Rochkok. Gainera, hainbat lagunek boluntario gisa laguntzen zioten garapenean.

2021ean irabazi asmorik gabeko sozietate gisa erregistratu zuen Mastodon proiektua Alemanian, eta urtebete geroago, Elon Muskek Twitter erosi ostean, Silicon Valley-ko arrisku-kapitaleko hainbat enpresak ehunka mila dolarreko inbertsioak eskaini zizkioten. Rochkok, baina, uko egin zion dirutzari, Mastodon irabazi asmorik gabeko proiektua izatea “ukiezina” dela argudiatuta, Financial Times egunkarian kontatu zuenez. Proiektuaren independentzia babestu nahi zuen Rochkok: “Mastodonek (eta Fedibertsoak) frogatu dute bizirauteko arrisku-kapitalik behar ez duten komunikazio plataforma eraginkorrak eta fidagarriak direla”. Bere hitzetan, inbertsoreek “ez dute negozio jasangarri bat bilatzen, irabazi handiak pilatzea baizik”.

Mastodonen erabilera hazi ahala dohaintzek ere gora egin dute, eta azken urteetan software librea bultzatzen duten fundazioen diru-laguntzak jaso dituzte. Une honetan Mastodonek bost langile ditu lanaldi osoan, eta beste bi erdian. Pertsonal gastuez gain, mantentzen dituzten zerbitzarien (mastodon.social eta mastodon.online) ostatatzeak hartzen du aurrekontuaren parterik handiena.

Askotariko sareen elkargune

Fedibertsoa, “federazio” eta “unibertso” hitzen baturatik sortua, webgune multzo bat da, edukiak partekatzen dituztenak modu federatu eta irekian. Webguneok independenteak dira, baina bateko erabiltzaileek bestekoekin zenbait eragiketa burutu ditzakete: jarraitu, mezua bidali, iruzkindu... Fedibertsoan askotariko sareek egiten dute bat; horietakoa da, hain justu, Mastodon plataforma soziala.

Ez dago Mastodon bakarra, elkarren artean federatutako/konektatutako milaka komunitate baizik. Horietako bi Mastodon.eus eta Mastodon.jalgi.eus dira, euskara nagusi den arnasgune digitalak.

Mikroblogintza plaza da Mastodon, baina haren ezaugarriak ez dira ohikoak. Ikuspuntu humanoago batetik sortu da, beste sareen akatsetatik ikasita; "pertsona zara han, ez produktua", sustatzaileek diotenez. Ez dago ordaindutako iragarkirik eta norberaren datuekin ez da negoziorik egiten. Sare sozial zabalduenak zentralizatuak eta jabedunak dira: Facebook, Instagram, X… Mastodon, aldiz, deszentralizatua eta librea da. Ez dago Mastodon bakarra, elkarren artean federatu/konektatutako milaka komunitate baizik. Horietako bi Mastodon.eus eta Mastodon.jalgi.eus irabazi asmorik gabeko ekimenak dira.

Euskal komunitateek sei urte

2018an sortu ziren bi komunitateak. Mastodon.jalgi.eus sortu eta mantentzen du Izarkom telekomunikazio kooperatibak. Mastodon.eus, bestalde, hainbat erakundek eta pertsonak abiatu zuten elkarlanean: Azkue Fundazioa, Iametza, Laborategia.eus, PuntuEUS eta Talaios Koop. Sei urte hauetan Dinahosting-ek doan utzitako zerbitzaria erabili dute, ostatatze enpresa galiziarrak PuntuEUS-ekin duen akordioa medio.

Mastodon.eus-en, eguneraketak, zerbitzariaren mantenu teknikoa eta babeskopiak Iametza enpresak egiten ditu –proiektu sozial bezala–, eta moderazio lana komunitateko kideek, musu-truk, hurbileko sarea izanik lan hori egitea ez baita amesgaiztoa, plataforma komertzial erraldoietan gertatzen den moduan. Bestetik, softwarea euskaratzeaz Librezale taldeko boluntarioak arduratzen dira.

Azaroaren 21ean sei urte bete zituen Mastodon.eus-ek, eta urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak atxikimendu kanpaina abiatu dute. “Fedibertsoak lehenesten ditu gardentasuna, komunitatearen balioa eta erabiltzaileekiko errespetua, sare pribatibo eta zentralizatuek ez bezala”, nabarmendu dute proiektuaren sustatzaileek. Eta gaineratu: “Sare libreak funtsezkoak dira, gure hizkuntza eremu digitalean garatu, hazi eta presentzia duina izateko aukera bermatzen dutelako, kanpoko erabakien zain egon gabe”. Euskara nagusi den arnasgune digitalak dira bi komunitateak.

ARGIAko lantaldeak bat egin du atxikimendu kanpainarekin. “Autogestioa oinarri, euskaratik, euskaraz eta libre sortutako komunitateak sustatu eta biderkatu behar dira”, aldarrikatu dugu. 2018ko apirilean sortu genuen lehen kontua Mastodon-en, euskal komunitateak oraindik existitzen ez zirenean. Hilabete batzuk geroago, hainbat eragile euskara eta euskal kulturaren Mastodon komunitatea sortzeko lanari ekin zioten, eta ARGIAk ere hasieratik hartu zuen parte. Geroztik, sare libreen alde egiten jarraitu du, "gure kontraesan guztiekin", lantaldeak azpimarratu duenez.

Emandako urratsen artean, 2023ko irailaren 16an, software askearen nazioarteko egunarekin bat, ARGIAren euskarrietatik (aldizkarian, webgunean, iragarkietan, gehigarrietan, karteletan…) multinazionalen menpeko sare sozialen erreferentzia oro kentzea erabaki zuen lantaldeak.

Bluesky eta arrisku-kapitaleko sozietateak

Azken asteetan zeresan handia ematen ari den Bluesky sare soziala beste upeleko sagardoa da. 2019an Twitter deszentralizatzeko ikerketa proiektu bezala hasi zen, haren sortzaileetako bat izan zen Jack Dorsey-ren eskutik. 2021ean, orain enpresaren buru den Jay Graber kontratatu zuten Bluesky zuzentzeko, eta Twitterrek hamahiru milioi dolar jarri zituen garapena abiarazteko. Hilabete gutxira, X-rekiko loturak hautsita, Bluesky enpresa independente bihurtu zuen Graber-ek. Paradisu fiskal batean, Delaware estatuan, du egoitza konpainiak, AEBetako enpresa handi askok bezala.

2023ko ekainean, Blueskyk zortzi milioi dolar jaso zituen Neo inbertsore taldearen eskutik. Eta 2024ko urrian Blockchain Capital arrisku-kapitaleko konpainiak hamabost milioi inbertitu zituen enpresa horretan. Marta G. Franco hacktibista eta kazetari madrildarrak El Salto agerkarian azaldu duenez, Blockchain Capital-en sortzaileetako bik, Bart eta Brad Stephens anaiek, Trumpen kanpainarako dirua bildu zuten, aurki AEBetako presidente kargua hartuko duenak agindu zuelako kriptomoneten merkatua desarautuko duela. Enpresako beste bazkide bat Brock Pierce da, zeinak bitcoin-a El Salvadorren txanpon ofizial bihurtzeko aholkua eman zion Nayib Bukele presidenteari. Netanyahu familiaren laguna da, eta urteetan Steve Bannonekin kolaboratu zuen, Trumpen lehen kanpainako ideologo estrategikoarekin.

Bitcoin txanponak, paradisu fiskalak, Blockchain Capital, Brock Pierce enpresaria... Urre kolorekoa da zeru urdina. Disdiratsuegia ez ote den beldur dira erabiltzaile batzuk. / MICHAEL WUENSCH - PIXABAY

Twitter, Facebook eta enparauek “Gorrotoaren internazionala” antolatu dutela azaldu zigun Francok berak ARGIAn, Axier Lopezek egindako elkarrizketan. “Taktikak, baliabideak eta diru asko partekatzen dituzten gizon batzuk dira. Zertarako? Bannonek horrela laburbildu zuen estrategia batean inbertitzeko: ‘Espazio osoa kakaz betetzea’. Hau da, eduki toxiko askorekin espazio digitala  okupatzea, lehen hein batean jendeak elkarrizketa garrantzitsuak izateko, elkar ezagutzeko, politikoki antolatzeko edo, besterik gabe, dibertitzeko balio zuen espazioa okupatzea, alegia”.

“Kakaztea”

Bluesky sare sozialak inbertsio handiak jaso ditu, baina ez dago batere argi nola sortuko dituen inbertsoreei banatzeko irabaziak. Plataforman kriptotxanponik ez dutela integratuko eta iragarkirik ez dela bistaratuko hitz eman dute. Aitzitik, orain arteko diru-sarrera bakarra domeinu pertsonalizatuak saltzea zen, hau da, ordaintzen dutenek @erabiltzailea.bsky.social izena izan ordez, edozein domeinu erabili ahal izatea, esaterako, @erabiltzailea.adibidea.eus. Nobedade moduan, iragarri dute harpidetza-eredu bat garatzen ari direla, amu gisa eskainita kalitate handiko bideoak ikusi edo profileko kolore eta abatarren ertzak pertsonalizatzeko aukera.

Zaila da, ordea, horrekin bakarrik enpresaren jardunari eutsi eta inbertsoreek eskatuko dituzten irabaziak sortzea. Cory Doctorow kazetari, egile eskubide libreen aldeko ekintzaile eta zientzia fikziozko idazleak "kakaztea" bezala definitutako prozesuan sartu direla dirudi. Alegia, lehenik inbertsoreek jarritako diruarekin produktu erakargarri bat garatzen dute, ahalik eta erabiltzaile gehien pilatzeko. Ondoren, produktua bezero komertzialentzat bihurtzen dute erakargarri, erabiltzaileen kaltetan, iragarkiak sartuta, adibidez. Eta, azkenik, jabeentzako irabaziak bilatzen amaitzen dute, erabiltzaileen eta bezero komertzialen kaltetan. Edo ultra-aberats baten jostailu bilakatzen dira, Twitter bezala.

“Denbora batez sare sozial komertzial horiek baliagarriak izan zitzaizkigun, baina egunetik egunera gero eta gutxiago”, uste du Marta Francok. “Horregatik, hortik irteteari buruz pentsatu behar dugu, gero eta lehiakorragoak diren espazio horietan zokoan geratzen ari garelako. Oso arreta txikia eskuratzeko, guk baino baliabide gehiago eta eskrupulu gutxiago dituzten erraldoi teknologikoekin ari gara lehiatzen”. Internetek, bere arazo guztiekin, inoiz asmatu den komunikazio-tresnarik globalena, unibertsalena eta demokratikoena izaten jarraitzen duela dio. “Sare sozialak luzaroan erabilgarriak izan dira, eta oraindik ere balio digute; gertatzen dena da lekua galtzen ari garela”. Plaza batzuetan geroz eta leku gutxiago dugu geure kontuetarako, eta erabiltzaile geroz eta gehiago dira kontziente horretaz. Aldaketarako oinarriak badira.

Etxepare Lizeoak sare sozial libreak sortu ditu

Gero eta ohikoagoa da Mastodon edo Pixelfed bezalako sare sozial libre eta federatuetan kontuak izatea. Baionako Etxepare Lizeoak pauso bat harago eman du, ikasle eta irakasleentzat bere komunitate propioak sortuta.

Helburu pedagogikoarekin sortu dituzte, Eder Etxebarria irakaslearen hitzetan, Mastodon bat mikroblogintzarako eta Pixelfed bat argazkientzat. Hasteko, sare sozial alternatiboak ezagutu eta euskaraz erabiltzeko aukera eskaini nahi diete ikasleei. Horrez gain, plaza publiko horien erabilera, antolaketa eta kudeaketaz eztabaidatuko dute, “erabiltzaileen zaintza bermatuko duen sistema demokratikoa" plantan eman nahi dutelako.

Lizeoko bigarren mailako ikasle eta irakasleek soilik sortuko dituzte kontuak, argitalpen guztiek euskaraz izan beharko dute, eta errespetuz eta gizalegez jokatzea eskatuko zaie.

Independenteak izateak ez du esan nahi mundutik aparte egongo direnik. Esaterako, euskal Fedibertsoko gainerako komunitateetako kideak jarrai ditzakete eta haiekin mezuak trukatu, besteak beste.

 

Nazien taberna ez bihurtzeko babes-neurriak

Mastodon.jalgi.eus eta Mastodon.eus-ek argi adierazi dute ez dituztela onartzen pertsonen aurkako jazarpena eta eduki arrazistak, sexistak, xenofoboak, transfoboak… Bluesky-ren gidalerroetan ere irakur daiteke haien helburua "espazio seguru eta lagunkoia" sortzea dela, "non erabiltzaileak babestuta sentituko diren eta parte hartzeaz gozatuko duten".

Hala ere, "zeru urdinean" erraz aurki daitezke gidalerro horiek urratzen dituzten kontuak: heriotza mehatxuak egiten ari dira, frankismoaren eta nazismoaren apologia, eta mota guztietako gorroto diskurtsoak zabaltzen. Egunak igarota ere Bluesky-k ez du neurririk hartzen, eta erabiltzaileen esku geratzen da beren burua babesteko mezu horiek blokeatzea.

Mastodon.eus-eko Admin kontutik aldiz adierazi dute ez dutela "faxistarik" onartuko, eta komunitatea babesteko neurriak hartzen dituztela: "Kontu horiek kaleratu egingo genituzke Mastodon.eus-etik, edo Fedibertsoko beste instantzia batekoak balira, gure komunitate osoarentzat blokeatu". Inon irakurri dugun bezala, taberna bateko nagusia bazara, eta zurera nazi bat sartzean ez baduzu kanporatzen, denbora kontua da nazien taberna bihurtzea.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sare sozialak
2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


Elon Musk gaiXtoa eta egiaren zaintzaileak

Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe Zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den botereaz eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken asteetan The... [+]


2024-12-19 | Julene Flamarique
TikToken karbono-aztarna Greziako urteko emisioa baino handiagoa da, ikerketa baten arabera

Sare sozialik opakoena da TikTok: ez du bere isurketei buruzko daturik argitaratzen. Gainontzeko sare sozialek baino gehiago kutsatzen du. 2030erako "karbono neutral" bilakatzeko konpromisoa hartu duela esana du.


Fedibertsoko edukiak euskarara itzultzeko zerbitzu librea gehitu dute Mastodon.eus-en

Mastodon.eusen euskara da hizkuntza nagusia, baina Fedibertsoa ehunka hizkuntza hitz egiten dituen komunitate global eta bizia da. Horregatik, itzulpenak egiteko Libretranslate tresna librea erabiltzen hasi dira. Horri esker, nazioarteko eragile eta norbanakoek argitaratukoak... [+]


Teknologia
Hartzea ematea delako

Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]


X-tik irten nahi? Nor dago Mastodonen eta Blueskyren atzean? Nola finantzatzen da bakoitza?

Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]


Mastodon.eus-en “Gure aukera, sare libreak” kanpainarekin bat egin du ARGIAk

ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak  atxikimendu kanpainarekin.


2024-11-21 | Sustatu
Sei urte bete ditu gaur Mastodon.eus-ek

Mastodon.eus euskal fedibertsoko instantzia agian nagusiak sei urte bete ditu gaur. Urteurrena ospatzeko "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Efemeridea une interesgarri batean dator: Elon Musk-ek, X/Twitterren jabeak,... [+]


2024-11-15 | Sustatu
The Guardian eta La Vanguardia egunkariek X/Twitter utzi dute

The Guardian egunkari britainiarrak lehenbizi eta La Vanguardia katalanak (espainolez argitaratzen du edizio zabalduago bat, baina katalanezko bertsioa ere badu) erabakia jakinarazi zuten atzo X/Twitter sare soziala uzten dutela, desinformazioaren ukuilua bihurtu delakoan.


Australian 16 urtez azpikoei sare sozialak debekatu izanaz hainbat gogoeta

16 urtez azpikoek laster ezingo dute sare sozialik erabili Australian, eta antzeko neurriak ezarri nahi dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek ere. Neurriaren eraginkortasunaz, sare sozialetako eduki eta dinamikez, pribatutasunaz eta plataforma handiek honetan guztian duten... [+]


Kontzientzia kritikoa existitzen al da egungo gizartean?

 Wikipedia.org-en arabera, Gish gallop (Gish-en lauhazka) edo falazien metrailadorea "eztabaida teknika bat da, aurkariari ahalik eta argudio gehienekin eraso egiten diona, argumentu horien zehaztasuna edo sendotasuna kontuan hartu gabe", eta albo-ondorio gisa... [+]


2024-10-30 | Axier Lopez
Marta G. Franco
“Sare sozial komertzialetan inertziaz jarraitzen dugu, baina ez gara emaitza onak lortzen ari”

Gorrotoa sustatzen duten algoritmoak, mendekotasuna sortzeko diseinatutako aplikazioak, pertsonak beharrean publizitate-hartzaileak ikusten dituzten plataformak, merkantzia gisa tratatzen gaituzten sare sozialak... Badirudi azken aldian Internetetik toxikotasuna baino ez dugula... [+]


Eskuin muturra eta sare sozialak
Kirolari lotuta ere bai...

[Azpi-testu hau LARRUN honetako gai nagusitik dator, Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka, eta badago beste azpi-testu bat ere: tradwives-i buruzkoa, Elena Francis itzuli da?...]


Eskuin muturra eta sare sozialak
Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka

Sare sozialek permititzen dituzte horrelako edukiak, eta haiek ere izan beharko lukete ardurarik auzi honetan. Baina ez dirudi inork neurririk hartzeko asmoa duenik. Zigortu izan dituzte sare sozialak, baina sekula ez ildo horretan, ez baita interesatzen. Izan ere, emozioak... [+]


Eskuin muturra eta sare sozialak
Elena Francis itzuli da?

[Azpi-testu hau LARRUN honetako gai nagusitik dator, Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka, eta badago beste azpi-testu bat ere: Kirolari lotuta ere bai...]


Eguneraketa berriak daude