Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri Iritzia sailean, baina azalen bat baino gehiago ere egin du, eta erreportajeei loturiko lanak ere bai. Bere gisako autonomoek enkargu dezentez gehiago ere egiten dituzte. Durangoko Azokan egon da bi lan berrirekin: Linbo planeta komiki-liburua, Elkar argitaletxearekin kaleratua, inoiz egin duen gisa honetako lanik luzeena; eta Tupust! kolektiboaren izenean, Gu.
Linbo planeta hartuko dugu eskuetan eta gero joko dugu beste kontuetara. Liburua zabaldu bezain pronto, dedikazio-esaldi hau: “Inoiz amesten uzten ez dion haurrari”. Ez da, baina, soilik haurrei bideratutako liburua.
Irakurtzeko erraza da, eta berez, uste dut, zortzi urtetik gorakoentzat katalogatuta dagoela. Baina gaiak merezi du bestelako irakurketa bat, eta adinean aurrera egin ahala horretan gehiago sakontzen da.
Craig Thompson komikigile estatubatuar ezagunari egindako elkarrizketa argitaratu genuen duela gutxi ARGIAn. Berak zera aipatzen zuen, komikigilearen zeregina dela haurtzaroko grina mantentzea. Bai egile gisa, berarentzat; baina uste dut gehiago ari zela irakurleari begira. Nola bizi duzu zuk?
Esango nuke ni naizela horrelakoa, gauza txiki-txikiekin ere ilusioa mantentzen duen horietakoa, tartean horrelako [komikia seinalatu du] esperimentuekin. Izaeran daramat, uste dut. Baina bai, eta gustatzen zait, heldu moduan, haur esentzia mantentzen duen jendea. Neu ere saiatzen naiz horri eusten.
Komikiek mantentzen dute hori, ezta? Esan nahi dut, gainontzeko liburuak, nobela, poesia eta abarrak, gehiago dira, a grosso modo esanda, “gauza serioak” eta helduei begirakoak. Aldiz, “gaizki ikusita” dago, edo beldurra eragiten digu heldu bat komiki bat irakurtzen ikusteak.
Hori gure gizartean dagoen zerbait da. Kulturarekin du zerikusia. Japoniara joan eta metroan helduak ikusten dituzu komikiak irakurtzen. Han komikiena ez da haurren kontua soilik. Gurean, esango nuke, irudia gutxietsia egon dela beti. Azkenean, Euskal Herrian, hizkuntzari ematen zaio pisua, hitzari, galtzeko beldurra egon izan delako beti. Eta beraz, irudia beti gelditu da pixka bat alboratuta.
Hala eta guztiz ere, galderara itzulita, esango nuke komikiak badaukala norbera bere haurtzarora lotzeko modu bat. Hortik zeozer badauka, oso interesgarria dena.
Linbo planeta argitaratu berritan heldu zara Durangoko Azokara. Zer kontatzen du istorioak? Zein izan zen zuri iritsi zitzaizun gidoia?
Dejabu konpainiaren antzezlan bat da, 2017an oholtzara eramandako istorioa. Beraien eskutik heldu da proposamena. Nahi zuten gerra, gai gisa, haurrei gerturatzea. Istorioa horretarako sortu zuten, haur ikuspegitik kontatzeko gerraren nolakotasun batzuk, modu jostagarri batean. Baina beste buelta bat dauka istorioak: irudimena asko lantzea eskatzen du. Ez da gerra gordina azaltzen duen istorioa.
Bada protagonista bat, Numa izeneko neskatoa, zerutik erortzen diren lehergailuetatik ihes egiteko hozkailuan ezkutatzen dena.
Egoera gogor batean bizi da, egoera oso bortitzean, bere hiria zenaren etxe-hondarretan, gerrak suntsitu zuelako erabat ingurune osoa. Berak sortu du bere bizimodua, egotea suertatu zaion lekuan. Bere inguruan, bere panpinekin. Bakar-bakarrik dago, eta babeslekua du hozkailua, bai. Egoera horretatik ihes egin nahi du, horrekin amesten du, eta irudimena erabiltzen horretarako.
Arabiarra da istorioa.
Bai, antzerkira ere horrela eraman zen.
Arabiarrez idatzitako esaldi batzuekin hasten da komikia.
Arabiar hizkuntza entzuten zen, baita ere, antzerkian. Hala heldu zitzaidan niri.
Ez da esplizituki aipatzen, baina Palestinaz ari da. Ari zarete.
Ematen dira pista batzuk ulertzeko. Numa bakarrik dago, txakur bat topatu eta bere laguna egiten den arte, eta hari kontatzen dio nola horma ikaragarri handi bat dagoen harantz joanda, itsasoa dagoela hemendik, basamortua handik... Ezin dutela alde egin, alegia. Eta erasoak jasaten ditu istorio osoan zehar. Une oro dago pentsatzen nola alde egin egoera horretatik, eta izarrak eta planetak asko gustatzen zaizkionez, horretara jartzen da: hegan egin ahal izateko tramankulu bila, ihes egiteko.
Istorioan aurrerago, kontatzen du Numak nola iritsi diren errealitate horretara.
Haur bezala dituen oroitzapenak kontatzen ditu. Ez da oso kontziente zer gertatu zen, baina badaki gizon batzuk etorri zitzaizkiela beraien lurraldera, bat-batean ezin zutela ez gauza bat egin, ez bestea egin... Eta egun batetik bestera lehergailuak erortzen hasi ziren zerutik. Jende askok alde egin zuela ere oroitzen du, baina bere familiak erabaki zuen bertan geratzea, beraien etxea zaintzen. Halako bonbardaketa gau batean, babesteko, Numa hozkailuan sartzen da, eta hortik ateratzen denerako ez dago inor hiri osoan. Militarrak baino ez.
Soldaduek argi diote: “Lur hauek gureak dira. Horixe dio gure liburuak”.
Argi eta garbi, hor badago okupazioaren gaia, bai.
Oso bizia iruditu zait kontakizuna, erraz jarraitzen da haria, eta diseinu eta ilustrazio aldetik ere aurki daitezke oso orri diferenteak. Eta bi orriko formatuan asko pentsatua. Traza hori hartu diot.
Bai... Zaila izan da, azkenean antzezlan bat zelako. Antzezlana oso potentea iruditu zitzaidan, aktoreen aldetik-eta ondo landua zegoelako, asko betetzen zutelako oholtza, eta ikuslea adi-adi mantentzea lortzen zutelako. Baina jakina, antzezlana oholtzara mugatuta zegoen; dena hortxe bertan gertatzen zen. Komikiak eskatzen du beste lanketa bat.
[Liburua zabaldu eta orriak pasatu ahala seinalatu ditu hatzaz hainbat biñeta] Lehenengo planoak marraztu daitezke, edo izan daitezke plano orokorragoak, pertsonaiak mugitzea behar du... Oholtzan, azkenean, ia-ia beti hozkailuan sartuta zegoen Numa, eta oso momentu gutxitan ateratzen zen bertatik. Hori, huts-hutsean komikira pasatzea, oso aspergarria litzateke; neu aspertuko nintzen.
Eta zein erabaki hartu dituzu?
Dinamismoa emateko istorioari, bilatu dut pixka bat biñetatik kanpo kokatzea elementu batzuk. Batzuetan itxiago, besteetan zabalago... Hau [komikiko zati jakin bat seinalatu du, zeinetan hari baten bitartez ibilbide interaktibo bat marrazten den] asko gustatu zait egitea, jolastea pixka bat Numa inguratzen zuen lekuarekin, gehiago azaltzeko, dinamismoa emateko, jendeak hobeto ulertzeko zein egoeratan bizi den... Jolas moduan ere funtzionatzen du.
Gero, Numa amesten eta irudikatzen hasten denean nola egingo duen ihes bertatik, kasu horretan, zer den errealitatea eta zer irudimena, narrazioaren ohiko formatuarekin hautsi nahi izan dut. Horrekin ere jolastu dut.
Linbo planeta albo batera utzita, Tupust! kolektiboko kide ere bazarenez, elkarrizketa hau egin baino bizpahiru ordu lehenago aurkeztu duzue Gu komiki-liburua, hemen, Durangoko Azokan. Duela zortzi-bat urte hasi zineten juntatzen Euskal Herriko hainbat emakume komikilari, feminismoa eta komikigintza uztartzeko, euskaraz egiteko [ARGIAn, 2.756 alean, sakonago jorratu genuen Tupust!]. Amaiera iragarri duzue, ziklo itxiera. Etenaldia, gutxienez.
Hasi ginen unean planteatu genuen trilogia bat egitea: Ni izan zen lehenbizikoa, Zu bigarrena eta Gu hirugarrena. Beraz, zentzu horretan, iragarria zen amaiera. Dena den, taldean lan egitea, ez dakit nola esan... Azkenenean energia asko kentzen duen zerbait da. Lotu gaituena komikia da, baina berez oso pertsona diferenteak gara, hainbat lekutakoak, elkarrekin lan egiteak lanketa bat behar izan du... Erabaki dugu, hirugarren liburua eskuetan, ibilbidea oraingoz amaitzea.
Gu-rekin amaitzea ez da kasualitatea. Aldarrikatu izan duzue kolektibotasunean lan egitearen garrantzia.
Bestelako euskal komikigintza bati ateak irekitzea zen, nolabait, gure helburua. Ikusten baikenuen euskarazko komikigintza itxia zela estilo aldetik, gaiei zegokienean; eta oso egile gutxi ziren, eta dira oraindik, ezagunak. Nahi genuen hori zabaldu, eta horretarako hasi ginen Tupust!-ekin.
Ikusi dugu eman diegula egile askori plaza bat, beraien lana azaltzeko, eta ikusi dugu aldaketa ematen ari dela komikigintzaren esparruan ere bai. Bestelako lan batzuk ikusten ari gara azken urteetan.
Zer zentzutako aldaketa? Eta zein lani buruz ari zara?
Komikilari gehienak gizonezkoak izaten dira ia beti, eta komiki gehienak ia beti daude zuzenduta gizon gazteei. Publikoa hori izaten da. Lantzen diren gaiak oso zehatzak izaten dira: abenturazko komikiak, historiako istorio bat kontatzen dutenak... Bestelako gai asko albo batera utzi izan dira.
Baina azken urteotan badira Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza batzuk komikiak sortzeko, eta horrek bestelako komiki batzuk egitea ekarri du. Adibidez, Maitaneren [Gartziandia] Ño! komikia (ARGIA, 2023). Garai batean, seguruenik, ez zuen inork argitaratuko Euskal Herrian halakorik. Aldaketa bat ematen ari da, eta pozgarria da.
Gizonengandik aldendu eta emakumeen taldea osatu zenuten, aipatzen ari zaren helburu argiekin.
Asmo handiak dauzkazunean, kolektibotasunera jo besterik ez daukazu. Pertsona bakar batek ezin du egoera guztiz aldatu. Indarrak batzeko balio izan du Tupust! sortzeak, plaza hartzeko.
Lehenbiziko liburua atera zenuten 2019an, argitaletxe batekin, baina hautsi zenuten harremana bigarren libururako bidean, ika-mikaren bat tarteko. Hala kontatu duzue liburu-aurkezpenean.
Gauza asko gertatu ziren. Proiektuarekin hasi ginenean argitaletxeko editorea beste pertsona bat zen, eta hark apustua egin zuen oso ongi jakin gabe zer aterako zen. Justuki, liburua argitaratu baino denbora gutxi lehenago aldatu zen editorea. Eta ondo. Egia da lehen liburu horretan egileak ezagunagoak zirela, bigarren liburuan baino. Bigarrenean, egile abangoardistagoak sartzeko nahia genuen guk, berritzaileagoa izateko. Baina hori ez zen ongi ikusia izan. Hasieran bai, argitaratuko zutela esan ziguten, baina lana ikusterakoan atzera bota ziren.
Guk gure egile ziren kolaboratzaileekin adostuta geneukan argitaratuko genuela, eta gutako batzuk ohitu samar gaudenez autoedizioan aritzera, guk ateratzea erabaki genuen.
Pentsatzen dut, argitaletxeen ikuspegitik, ez zaiela errentagarritasun ekonomikorik ikusten gisa honetako liburuei.
Irudiak dauzkaten liburuek, noski, askoz errentagarritasun txikiagoa dute. Inprentaren gastuak handiagoak dira, paperarenak, hortik hasita. Egia da ere publikoa txikiagoa dela, ez bada haurrentzat sortutako zerbait. Haurren literaturan badago salmenta aurreikuspen batzuk betetzeko aukera.
"Eman diegu egile askori plaza bat; ari da aldaketa ematen komikigintzaren esparruan"
Komikiak irakurtzen dituzten helduak gutxi dira, eta horregatik errentagarritasuna, pentsatzen dut, txikiagoa dela. Agian horrelako lan bat argitaratzeak nolabaiteko konpromisoa eskatzen dio argitaletxeari. Alegia, ez hainbeste diruari begirako zerbait, baizik eta “honek existitu behar du” esatea. Batzuk badaukate konpromiso hori eta beste batzuek ez dute hartu nahi.
Liburuaren aurkezpenean zeuk aipatzen zenuen, Paula, komikigintza ezkutuan dagoela, eta horri ahotsa emateko helburua duela kolektiboak. Ikustarazteko bidean, argitaletxerik gabe, erraza al da?
Saiakera egin dugu guk Euskal Herrian dauden egile ugari horiei lekua emateko. Baina egia da, argitaletxeren baten babesa ez edukitzeak ez du horrenbesteko ikusgarritasunik ematen, ikusi dugu hori horrela dela. Baina beno, lehen liburu hura irakurri zuena, espero dut, hirugarren honetara ere iritsiko dela, eta ez dela bidean geldituko.
Komikiak, ilustrazio liburuak oro har, bigarren plano batean pasatzen direla komentatzen zenidan elkarrizketa hasi aurretik.
Pena da. Azkenean, izen handi batzuek, gutxi diren arren, dena hartzen dute, eta beste guztiok izkinatan geratzen gara.
Durangoko Azokan bertan ere bai. Ez dira apenas aurkeztu.
Bakarrik izen handienak dira aurrera egiten dutenak, eta gaiarekin asmatzen badute, are gehiago.
Lan oso on eta oso polit batzuk alboratuta geratzen dira, hori horrela da. Eta denok Durangoko Azokara begira jartzen garela, itsu-itsuan, hori ere horrela da. Eta hala baldin bagabiltza, bazterrean geratuko dira asko. Ez baitu ematen honek mila liburu ganoraz erakusteko.
Craig Thompson kultuzko eleberri grafikoen egile estatubatuarra Europan izan da bere azken lana aurkezten, Raíces de ginseng (Astiberri, 2024). Bilbon bi aurkezpen egin ditu eta artista atsegina, hurbila eta azkarra dela erakutsi du –euskaraz “mila... [+]
Bildumako azken alea izango dela jakinarazi dute: lehenbizikoa Ni-ari buruzkoa izan zen, eta bigarrena Zu. Bigarren hura bezala, autoedizioan kaleratu du honakoa ere.
Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.
Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan
Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023
------------------------------------------------------
Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]
Maitane Gartziandia, Eli Pagola eta Miren Artetxe egileek komikiaren lan prozesua eta mamia azalduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan irailaren 28an, komikiaren marrazki originalez lagunduta. Urriaren 5ean Iruñeko Laban aurkeztuko dute beren lana egileek.
Tiza elkarteak antolatuta, Nafarroako Komiki Azokaren XVI. edizioa egingo da gaur hasita hilaren 24ra arte, Iruñea eta Lizarrako hainbat lekutan. Mahai-inguruak, tailerrak, bisita gidatuak, erakusketak, topaketak artistekin, auto-edizio eta bigarren eskuko azoka... [+]
Biga (5 liburu)
Gidoia: Romain Pujol
Ilustrazioak: Vincent Caut
Astiberri
----------------------------------------------------
Hamaika ipuin irakurri dizkiegu etxean zazpi eta bederatzi urteko seme-alabei, eta esango nuke sekula ez ditudala hain engantxaturik... [+]
Anker
Gidoia: Gregorio muro harriet
Ilustrazioak: Alex Macho
Kolorea: Garluk Aguirre
Harriet, 2023
2019ko urtarrilean dago kokatuta Anker komikia. Errusiako lurraldeetan, Txina eta Ipar Koreako mugetatik gertu. Bertan, Siberiako basoak soiltzen ari diren mafiak... [+]
Hector German Oesterheld (1919 -1978) gidoilari eta Francisco Solano López (1928 –2011) marrazkilari argentinarrek sortu zuten El Eternauta komiki klasikoa 1957etik 1959ra bitartean, telebistaren eragina txikia zenean, eta komikiaren ospea eta harrera, aldiz,... [+]
Emakume bertsolarien esperientziak erdigunean jarrita, bertso saio baten bueltan gerta daitezkeen hamar eszena jaso dituzte Ño! komikian (ARGIA, 2023) Maitane Gartziandia ilustratzaileak eta testuen egile Miren Artetxek eta Eli Pagolak. Mamuak, trabak, heldulekuak eta... [+]
1929ko krakaren aurrean herritarren aldartea altxatzeko asmoz sortu ziren lehenengo komiki liburuak AEBetan. Gidoilariek eta marrazkilariek ez zeukaten beren lan eskubideak defendatuko zituen superheroirik ordea.
Ziburu da Durango berria. Txikian. Baina hori da maite dugun formatua ere. Abendu hasierarako hamaika idazle eta musikari izan ohi dira lan berriak kaleratzen dituztenak, baina bada ekainaren lehen asteburua ere kontutan hartzen hasi denik. Ño! komikia aurkeztuko dute... [+]