argia.eus
INPRIMATU
Jendetasun zolatik, Kittof gogoan
Katixa Dolhare-Zaldunbide 2024ko abenduaren 18a
DOM CAMPISTRON

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian jokatu beharko dugun! Zer koreografia miserablean!

Zoin dira dantza horiek
Kadentzian daramazkigunak?
Mintzatu aitzin ere
Prestatzen dut ene burua bortizkerien
gehiegikeriendako

Beste gisarako dantza du aipagai ahapaldi horrek: Beskoitzeko Biarritzenia etxeko egoiliarrek 2019an ondu disko batetik hartua da. Biarritzenian dauden jendeak ahalmen biziki urrikoak dira, desgaitasun larriz sufritzen dute. Bizitzaren dantzan ez dezakete normalitatean dihardutenekin parte hartu. Baina izan da jende horren baitako sorkuntza gaitasunean sinesten duen zororik, hitzen bidez neurria jarraitzen laguntzen dituenik. Kittof Prud’homme, Ipar Euskal Herrian, horrelako zorakerian ibili den artista, hogei urtez.

Gaztetan, Kittofek antzerkigintza, musika eta argazkigintza ikasi zituen. Haren ingurumen burgesetik ihes egin nahiz, ideia anarkistak gogoan eta Baionako Patxa mugimenduak erakarririk, jin zen hona. Euskara ikasi eta militante abertzale suhar gisa ekin zuen.

Adin handiko jendeari, ez zion galdegiten haurtzaroko oroitzapenak kontatzea, baina nehoiz nehori erran ez zuena adieraztea, muga moral guztiak gaindituta

Bere hoberena, haatik, ondotik eman zuen. Parisen bi urtez segiturik goi-mailako ikasketak autismoaren alorrean, erabaki zuen osoki dedikatzea nahasmendu mentalaz pairatzen zuen jendeari, horien kultura eskubideak biziarazita. Heletan Traboules elkartea sortu zuen eta, horren barruan, Poteo Atipikoa deitu festibala. Hori zen antzerki festibala, ahalmen urriko jendeak soilik eskainia. Izugarriko arrakasta izan zuen ekitaldiak, eta zonbait urtez antolatu zen.

Azken hamar urteetan, Sur un Fil elkartearekin, Kittof ibili zen hainbat eta hainbat sorkuntza proiektu eramaten jendarteak baztertu presunekin: ospitaleko eriekin, autista heldu eta haurrekin, ijito haurrekin, Baionako etorkin auzoko familiekin, zahar etxeetako bizitzaileekin, familiengandik urrunduak diren gazteen egoitza berezituekin, burasorik gabe etorritako adin ttipiko migratzaileekin. Haren jite eta jakitate zorrotzei esker, bihotz urragarri gertatu ziren antzerki, erakusketa, disko eta olerki bilduma eginarazi dizkie, Jules Ferran adiskidearekin.

Adin handiko jendeari, ez zion galdegiten haurtzaroko oroitzapenak kontatzea, baina nehoiz nehori erran ez zuena adieraztea, muga moral guztiak gaindituta. Xaharrek eskertzen zuten horrendako, ez zituelako xahartzat hartzen, baizik eta mundu honetan oraino zerbait erratekoa daukaten presunatzat. Horrela entzun eta irakurri izan ditu, publiko “tipikoak”, 90 urtekoek diotena sexuaz, maitasunaz, denboraren iragankortasunaz, bizitzaren edertasunaz, heriotzaren beldurrak eragiten duen biluztasun intimotik.

Nahi nizuke erran orainaldian erran izan nahiko nizukeena… / Baina, garaiz gabiltza ote? Ene entzutea prest zara ote? / […] Entzuten duzu urteen zolatik heldu den hizkuntza honen soinua/ Ene adin, ene desio, ene memoria zolatik?”.

Uste dut Kittof Prud’homme bakarra zela, Ipar Euskal Herrian, pasio handiz publiko “atipikoarekin” sorkuntzan aritzeko, azken urteetan. Urriaren 24an zendu da, 54 urtetan. Ea kaos orokorraren garaian Kittof bezalako humanista kuraiosak agertuko garen, eta gai izanen garen elkartasunez aurre egiteko halabeharrari, sorkuntzaren alor askeak gozatuz “tipiko” zein “atipikoen” artean, jendetasun soilez.