argia.eus
INPRIMATU
Jack Danielen izena, Nathan Greenen izana
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko abenduaren 20a
Ezkerrean, George Green, Nathan Nearest Green whiski destilatzaile eta esklabo ohiaren semea. Eskuinean, Jack Daniel, Greenek sortutako whiski ezagunari izena jarri ziona. Argazkia: Jack Daniel's Distillery
Ezkerrean, George Green, Nathan Nearest Green whiski destilatzaile eta esklabo ohiaren semea. Eskuinean, Jack Daniel, Greenek sortutako whiski ezagunari izena jarri ziona. Argazkia: Jack Daniel's Distillery

Tennessee (AEB), 1820. Nathan Green esklaboa jaio zen, Uncle Nearest edo Osaba Nearest ezizenez ezaguna. Ez dakigu zehazki zein egunetan jaio zen eta, oro har, hari buruzko oso datu gutxi dauzkagu 1863. urtea arte, orduan lortu baitzuen emantzipazioa. Dakiguna da 1850eko hamarkadaren amaieran Dan Call predikari eta destilatzailearen whiski destilategian lanean ari zela, eta Jack Daniel mutikoa bertan hasi zela aprendiz moduan, zazpi urte zituela. Danielek ez zuen destilatzen ikasi jabearen eskutik; Nathan Green esklaboak erakutsi zion whiskia egiten.

Jack Daniel's whiski fabrika 1866an sortu zen, whiski ezagunaren etiketari jaramon egiten badiogu. Hala ere, zenbait adituk uste dute Jack Daniel gazteegia zela –16 urte inguru zituen–eta enpresaren sortze urtea 1875 inguruan izan zela. Datak data, Danielek Calli lantegia erosi zion eta ordurako gizon askea zen Nathan Green maisu destilatzaile izendatu zuen; titulu hori lortzen zuen lehen beltza izan zen.

Afrika mendebaldean ura iragazteko eta jakiak garbitzeko erabiltzen zen egur-ikatz hura, eta ziurrenik esklabo ohiak arbasoen elementu hura destilazioan aplikatu zuen. Teknika horrek zapore leun eta berezia ematen dio whiskiari

Greenek teknika berezia garatu omen zuen whiskia egiteko prozesuan: astigar egurrez egindako ikatza erabiltzen zuen edabea iragazteko. Afrika mendebaldean ura iragazteko eta jakiak garbitzeko erabiltzen zen egur-ikatz hura, eta ziurrenik esklabo ohiak arbasoen elementu hura destilazioan aplikatu zuen. Teknika horrek zapore leun eta berezia ematen dio whiskiari.

Osaba Nearesten ekarpenaren berri ez dugu izan duela gutxi arte. 2016an Fawn Weaver idazle eta enpresaburuak Greeni buruzko ikerketa luzea abiatu zuen, 20tik gora historialari, artxibozain, arkeologo eta genealogisten laguntzarekin. Besteak beste, deskubritu zuen Green familiako zazpi belaunaldi aritu direla Jack Daniel's destilategian lanean eta oraindik ere Osaba Nearesten oinordekoak badirela fabrikan. Baina ikerlanaren ondorio nagusia izan da Nathan Green izan zela Jack Daniel's whiskiaren formula asmatu zuena.

Orduz geroztik, Greenek luzaroan ukatutako aitortza jaso du, eta bere izena daukan whiski marka ere sortu dute. Baina ziurrenik munduko whiski ezagunena denak gizon txuri baten izena dauka, eta ez benetako sortzailearena.