argia.eus
INPRIMATU
Alerta laranjak
Arantza Gutierrez Paz @arantzatxu 2024ko abenduaren 18a

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat bidetatik heldu ziren babesteko oharrak, administrazio batek ere ez baitzuen arduragabe agertu nahi. Eta horren aurrean, batek baino gehiagok pentsatu zuen etxea babestokirik onena –eta beroena– zela.

Tamalez, badira kanpin denda etxe dutenak. Babesleku eskasa, oihaleko aterpea. Ehunka dira kale gorrian, basoetan, bizitzera behartuta dauden gazte migratzaileak. Haiengana ere helduko ziren oharrak, baina ez zuten nora joan. Bitartean, neguko aterpe batzuk itxita zeuden, eta ireki ziren horietan ia ez zegoen oherik beharrei erantzuteko.

Beste behin, herritarren elkartasunari esker batu ziren mantak, ireki ziren lokalak eta eskaini ziren edari eta janari beroak. Berriz, administrazioek, komunikabide konplizeen bidez, benetako harrera-politikak ezarri ordez, kutxu arrazista duten beste alarma batzuk pizten dituzte, segurtasunean gero eta gehiago inbertitzea justifikatzen dutenak.