argia.eus
INPRIMATU
Opari
Itxaro Borda 2024ko abenduaren 11

Segur aski, gutariko gehienek jada erosiak dituzte, han eta hemen, Eguberrikari banatzeko opariak. Olentzeroren bisita gautar hori hitzordu handia baita, bereziki haurrentzat. Denak prestatzen dira urteko garai emankor horretarako: Bilbo sutan agertzen da, Gasteiz, Iruña eta Baiona bezainbeste, Donostiako errota erraldoia ahantzi gabe. Komertzioak aitzina joan behar duelako, karriketako eskaleak, jende plantakoek eta umeek ikusiko ez dituzten auzo urrunetara haizatzen dira frankotan, manu militari!

Ez da opari bat, mundu laurden opulente honetan, pobreziaren ondorioak pairatzea, bizidunen gorputzak eta gogoeta hariak hausten edo apurtzen dituelako. Nola esplikatu egoera hau, eskutik daramazkigun bilobei, adibidez? Pobreak pobre al dira, gobernuek dioten bezala, alferrak eta laguntza egiturez baliatzea baino ez dutelako gogoan? Ala egitura neoliberalaren barruko parametro sistemikoa da pobrezia?

Negua eta abenduko azken egunak hurbiltzen direnean, egundainokoan, Andersenen Supizteko saltzaile txikiaren ipuina dabilkit buru zokoan biribilketan eta begiak bustitzen zaizkit.