Maritxu eta Katalina: Artxiboetan galdutako sexu eta genero disidenteen istorioak Historiaren parte direlako

  • XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean Belauntzako Katalina atxilotu, preso sartu, torturatu, guziaz desjabetu eta erbesteratu egin zuten, Oiartzungo Maritxurekin “haragizko harremanak” ukateagatik. 500 urtez isilean eta artxiboetan galdurik egondako gertakizun horren berri dugu historiografia tradizional androzentrikoa miatzen dabiltzan historialariei esker. Hain zuzen, guti aipatu arren, iraganean ere bazirelako sexu eta genero disidenteak eta “bekatoros” horiek desagerrarazteko bideraturiko balore- eta zigor-sistemak. Isilduriko istorio horiei aitortza egitera eta Historia hori argira ekartzera datoz Dardarak artxiboan erakusketa eta Dardarak liburu ilustratua.

Katalina eta Maritxu, Dardarak liburuko pertsonai nagusiak. Gaur egungo istorioa da Dardarak, Historiarekin zubiak dituena.

Gertakizun batzuk komunitatearen memorian kokatu eta beste batzuk isildu egiten ditu Historiak, beti ere boteretsuen ikuspegiari eta nahiari segi. Iraganeko zenbat gertakari, begirada, ekarpen eta bizipen ditugu ahazturaren erreinuan metaturik? Hor genuen, errautspean, demagun, Belauntzako (Gipuzkoa) Katalinaren kasua, Oiartzungo (Gipuzkoa) Maritxurekin harreman sexu-afektibo bat bizitzeagatik, atxilotu, preso sartu, torturatu, bere ondasun guztietatik desjabetu eta erbesteratu zutena.

XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean gara, eta Angel Solorzano historialariak 1503ko uztailaren 21eko Gaztelako Entzutegi Gorenaren epaia argira ekarri izanari esker dugu horren berri. "Gizon eta emakume bezala erabiltzen zuten elkar, bata bestearen gainean biluzik jarrita, elkar ukituz, musukatuz, sabel biluzien gainean zamalkatuz... gizon batek emakume batekin bakarrik egin behar dituen haragizko ekintzak egiten zituzten", irakurri daiteke epaiak dakarzkien lekukotasunetan. Herritar batek salatu zituen, eta Donostiako auzapez Miguel de Ochoa Olazabalek agindu zuen epaiketa. Katalinaren eta Maritxuren arteko haragizko harreman horiek "fama publikoa" omen zuten, hau da, bien arteko harreman sexu-afektiboaren berri bazekiten donostiarrek. Bekatuan, eta gainera ausardiaz! Ezin zuen horrelakorik onartu Donostiako auzapezak. Leporaturikoa gezurra zela berretsi eta "fama onekoa" zela argi utzirik, biziari gogorki lotu zitzaion Katalina –baita torturapean ere–. Baina, errudun jo eta ondasun guztiak kendu, auzi gastuak ordainarazi eta erbesteratu egin zuten, mehatxupean: Donostiara itzuliz gero, "plazan soka batetik buruz behera zintzilikatuko zuten, hil arte".

Ez zen kikildu, eta helegitea jarri zuen Valladolideko Kantzileriako Auzitegian. Dei egin, baita irabazi ere: absolbitu egin zuen epaileak, eta "fama oso-osoa" itzultzea behartu Donostiako auzapeza. Bizilekura, edo behintzat inguruetara itzuli zela badakigu, Donostiako Elizabarrutiko Artxibo Historikoan aurkituriko agiri bati esker: Belauntzako Katalina 1546an hil zen Tolosan. Oiartzungo Maritxuri buruz, haatik, ez dugu –oraingoz– informaziorik.

Erreparazio sinbolikoa

Azaroaren 22an oroitu eta omendu dute herriko Katalina, Belauntzan bertan. Multzoñoa elkartu eta herriko arima hori oroitzen "oso gustura" egon izana azpimarratu du antolatzaileen artean egondako Joana Aurrekoetxeak. Nolabaiteko aitorpena eta eskertza egin nahi izan diete, "herri honetako Historiaren zatitxo bat berreskuratu, eta Katalinari zein Maritxuri –baita beste sexu eta genero disidenteei– aitortza eta erreparazio sinboliko bat egiteko".

Guztien artean osaturiko erreparazio ariketa bideratu ondoren, Belauntzako lurretan errotuko den limoiondo bat eskaini zitzaien Katalina eta Maritxuri. Herriko plazari "Katalina eta Maritxuren plaza" izena jartzearen ideia ere atera zen omenaldiaren ondoko solasaldi informaletik, karriken izendegia aztertzeko eta osatzeko prozesu parte-hartzaile bat abiaturik duelako, hain justu, Belauntzako Herriko Etxeak. Ederra litzateke: XV. mende bukaerako Donostiako auzapez hark zigorturikoaren eta heriotza mehatxupean haizatutakoaren izena herriaren bihotzean jarriko luke 500 urte berantago Belauntzakoak.

Katalina eta Maritxuri omenaldia egin diote azaroaren 22an, Belauntzan, hau da, Katalinaren herrian.

Historia hegemoniko androzentrikoak gordetakoak azaleratzen dabiltzanei esker ezagun egin da Maritxu eta Katalinaren kasua. Baina ez dira bakarrak: genero adierazpen, sexualitate, gorputz eta harreman eredu ez normatiboak izan dira iraganean ere, sexu-moralaren aurkakoak izateagatik zigortu dituztenak. "Ugariak" zirela dio Solorzano historialariak: Valladolideko Kantzilerian eta Errege-Audientziaren 500 dokumentuz gora dira horri lotuak, delituen %9a. Jakin behar da, gainera, kasu anitz ez zirela auzitegietan epaitu, baizik eta karrikan, sodomiaren kontra "ganibeta batez mendekatzeko" bidea ematen ziolako legeak komunitateari.

"Informazio eta literatura guti daukagu emakumeen eta sexu/genero disidenteen historiari dagokionez, eta are gutiago beraien plazerari dagokionez. Jesusek [Solorzanok] dio artxiboetan direla, baina interesik ez dagoenez ez direla oraindik jakinak", Aurrekoetxearen hitzetan. Azkenean, epai judizialetan ditugu errealitate horiei buruzko informazio gehienak. Balore-sistema androzentrikotik idatzitako dokumentuak badira ere, inportantzia handikoak dira orduko sexu eta genero disidenteen errealitatea berreskuratzeko.

Berreskuratze ariketa hori egin nahi izan dute Aurrekoetxeak eta Karmele Mitxelenak, Dardarak artxiboan erakusketarekin. Erdi Aroaren eta Errenazimentuaren arteko Mendebaldeko Europari begira jarri eta ikusezin bihurtu nahi izan zituzten horiei begira jarri dira.

"Dardarak artxiboan" ikusgai:
- Urtarrilaren 15etik aitzina hilabetez Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan
- Martxoaren 6tik 30era
Donostiako Aieteko Kultur Etxean
- Etortzeke: Orereta, Durango...
Sodomiaren delitua

Garai horretan eman ziren aldaketa handiak sexualitateari buruzko begiradan: emakumeek gizonen desira sexualei erantzun behar zieten, batez ere ugalketaren funtzioa betetzeko –eta bistan denez, erlijioak gidaturik, Jainkoaren mandatuari segika–. Funtzio horretan ez zen beste guztia "sodomia" terminoaren baitan bildurik zuten, guztiak zirela "naturaren aurkako bisio", "bekatu" eta "delitu". Emakumeen sodomia gero eta delitu larriagotzat jo zuten XI. eta XIII. mendeen artean, eta matxinak –garaiko dildoak– erabiltzea bekatu izugarri gisa kontsideratu zuten. Espainiako Errege-Erregina Katolikoek sodomia gogorrago zigortzeko legea ezarri zuten 1497an, "naturaren kontrakoa" zela argudiatuta.

Desagerrarazteraino zigortu behar ziren –kartzela zigor luzeak, erbesteratzeak zein hiltzeak bideraturik horretarako–, ordena sozialarentzako arrisku eta hondamendi naturalen ekarle zirela pentsatzen zelako. Plaza publikoaren erdian erreak izan ziren anitz, harreman debekatuak ukateagatik. Dardarak artxiboan-en batzuk ekartzen dizkigute argitara: 1489 urtean, Sevillako San Francisco plazaren erdian, Marina Avilakoa eta Katalina Baenakoa urkatu zituzten "gizonak balira bezala emakumeekin haragiz lo egiteagatik"; 1477an, Katherina Hetzeldorfer Nurembergekoa Rhin ibaian itota exekutatu zuten, rol maskulinoak gorpuzteagatik; eta Céspedesen kasua ere argira ekartzen digute, 1545ean Granadako herri batean esklabu jaio zena, eta sodomia, heresia, ezkontza sakramentuarekiko mespretxua, eta sorginkeriagatik gogorki zigorturikoa, tartean, ehunka azote publikoki jasota. Historia hegemonikoak aipatzen ez baditu ere, nahi edo ez, izugarrikeria horiek hor dira, Historiaren parte.

Anakronismoa saihesteko ardura

Ariketa ez dute baitezpada erraza izan Aurrekoetxeak eta Mitxelenak; eta ez da baitezpada ez direlako historialari: balore-sistema androzentrikoak osaturiko historiak dituen hutsuneak argitzeko zailtasunez gain, irakurketa anakronikorik ez egiteko ardura ere bazuten. "Errespetuz landu ditugu gaiak, alteritate historikoa kontuan harturik, anakronismoak saihesteko. Horrek eskatzen du lesbianismoaren, genero identitateen egungo kontzeptuen ideiak, baita gaur egun gorputzak eta afektuak ulertzeko modua ere alde batera uztea".

Ardura horri tiraka ondokoa irakurri daiteke erakusketan: "Garaiko adierazpen afektibo eta erotikoen nolakotasuna ez dugunez ezagutzen, zaila egiten da homoerotismoaren [lesbianismoa izendatzeko historialarien termino ohikoa] azterketa zorrotza egitea. Ondorioz, kasu askotan, isildu eta baztertu egin dira izaera lesbikoa zuten harremanak, eta beste batzuetan, desitxuratu edo asmatu". Ohar bera egin daiteke generoari eta sexuari dagokionez. Izen-abizenak eta sexua ikusi eta "bi emakume" identifikatu eta lesbiana gisa ikusi ohi dira. Alta, ez dakigu bi horiek nola esperimentatzen zuten generoa, zein neurritan eta zergatik hartzen zituzten identitate maskulinoari loturiko jarrerak. Ondoko oharra luzatu dute erakusketan: "Ezinezkoa da kasu zehatz bakoitzean emakume gisa irakurritako gorputz bat maskulinitatearen apropiazioa egitera zerk bultzatzen zuen jakitea, baina Erdi Arotik aurrera trabestismo femeninoa edo genero trantsizioak garrantziazko fenomeno historikotzat jotzen dira, interpretazio irekia duten inplikazio askorekin: biziraupen hutsa derrigorrezko ezkontzatik libratzeko, gizonen munduari zegozkion jarduerak egin ahal izateko (ikasketak, lanbidea, espazio publikoan izatea), genero arau zurrunak transgreditzeko, sexualitatea beste era batera bizi ahal izateko, edo nork daki".

Garai horietako giroa dakarren ilustrazio bat.
Epaiketa anitz epaitegietatik kanpo egin ziren, sodomiaren kontra "ganibeta batez mendekatzeko"
bidea ematen ziolako legeak komunitateari

Garai ezberdinek irakurketa ezberdinak dituztela jakitun, lesbian-like kontzeptua proposatu zuen Judith M. Bennett historialariak 1998an: lesbiana hitza erabiltzen ez den garai batean, gizonekilako dominazio harremanetatik –tartean, ezkontza– aparte bideraturiko jarrera eta esperientzia sozialak dituena lesbian-like –"lesbiana bezala"– definitzen da, bizitza modu independentean eta genero eta sexu roletatik aparte eramateagatik.

Limoia: Belauntzan, erakusketan eta Dardarak liburuan

Limoiondoa kausituko du ikusleak Dardarak artxiboan espazioan, eta ez da kasualitatea. Hain zuzen, Katalina eta Maritxuren historiaren oroimen eta aitortza ariketaren parte delako erakusketa. Horrez gain, helburu horri tiraka Dardarak (Txalaparta) umeentzako album ilustratua ere hor dute Aurrekoetxeak eta Mitxelenak, Irene Iruretak ilustraturikoa eta hiruen artean osaturikoa. Maritxu eta Katalina ditu protagonistak, XXI. mendeko bi emakume adindun, elkarrekin bizi direnak, elkar maite dutenak eta bata bestearentzat etxe direnak. Sexu eta genero disidentziak islatzen dituen haur eta gazteentzako literaturaren inguruan Oiartzunen antolaturiko Ku-ku egunaren baitan sortu zuten Dardarak. Behin eta berriz, izen bereko Oiartzungoari eta Belauntzakoari begi-kliska egiten die liburuak. "Gaur egungo istorioa da Dardarak, iraganarekin, historiarekin zubiak dituena. Fikzioa, historia eta gaur egungo errealitatea, hiruen arteko nahasketa bat da", dio Aurrekoetxeak. Proiektu horretan ere limoiak jarri dituzte azalean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Jaja Wachukuk ez zuen lo hartu

New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri... [+]


1974ko Supergreba

Gaurko egunez, duela 50 urte, Euskal Herriko langile mugimenduak bere historiako kapitulu garrantzitsua idatzi zuen. Hegoaldean 200.000 langilek greba orokorra egin zuten erregimen frankistaren aurka. Mobilizazio hark argi utzi zuen Euskal Herriko mugimendu antifrankista... [+]


Idazketa alfabetiko zaharrena?

Egungo Siriako Tell Umm-el Marra aztarnategian idazkunak dituzten hainbat zilindro aurkitu dituzte Johns Hopkins Unibertsitateko ikerlariek. Adituen ustez buztinezko pieza hauetan idatzitako zeinuak alfabetikoak izan litezke.

K.a. 2400 urtean datatu dituzte zilindroak eta... [+]


Iruñeko atxilotze-aldi luzea

Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han... [+]


Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro

Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Kolono europarrek Afrikan lapurturiko 500.000 artelanak itzultzeko ariketa nekeza

Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]


Francis Williamsen bikaintasunaren froga

Londres, 1928. Victoria and Albert Museum-era koadro berezi bat iritsi zen dohaintzan: margolanean gizon beltz bat ageri da, ileordea eta lebita jantzita, liburuz eta tresna zientifikoz inguratua. Museoan horrela katalogatu zuten: “Erretratu satiriko bitxia, beltzen... [+]


2024-11-27 | Cira Crespo
Sorginen lurra

Esaten da Simone de Beauvoir-ek idatzi zuela zapaltzailea ez litzatekeela hain indartsua izango zapalduaren lerroetan konplizerik ez balu. Niri oso normala iruditzen zait... zer nahi duzue, ba? Zapalduta zaudenean, ulergarria ere bada zure kondizio hori hobetu nahi izatea, eta... [+]


Nikolai Txernyxevski
‘Zer egin?’: galdera handiak eta ametsak

Literaturako klasikoei buruz pentsatzeak ezinbestean gaur egundik pentsatzea esan nahi du. Hain justu, klasiko izendapenak horixe du baldintza: gaurdaino iritsi diren obrak dira eta, beraz, haiei buruz pentsatzea obra horiek guganaino nola eta zergatik iritsi diren pentsatzea... [+]


Eguneraketa berriak daude