New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri zuen.
Wachukuri saio hartan atera zioten argazkiarekin kontraesanean, Time aldizkariak hari buruzko artikulua argitaratu zuen, “Nigeriako NBEko enbaxadore dinamikoa” zela esanez. Haren estilo diplomatiko bizi, ausart eta gogotsua nabarmentzen zuen eta, halako politikariei esker, “independentzia lortu eta bi hilabete eskasera, Nigeria Afrikako indar nagusietakoa izateko bidean” zela zioen.
Jaja Wachuku (1918-1996) Ngwa herriko printzea zen, “Nigeria ekialdeko Igbo herriaren 20 belaunalditako buruzagien oinordekoa”. Baina, zuzenbide ikasketak Dublineko Trinity Collegen egin eta Irlandako hiriburuan abokatu gisa jardun ondoren, 1947an Nigeriara itzuli zenean, behetik hasi zuen bere ibilbide politikoa. 1949an lortu zuen bere lehen kargua Ngwa herriko agintaritzaren kide gisa; 1953tik aurrera, aldiz, nazio mailako hainbat kargutarako aukeratuko zuten NIP alderdi independentistaren kide gisa.
Bilkuran ordezkarietako batek iruzkin arrazista egin omen zuen. Wachukuk iruzkin hark eragin zion atsekabea adierazi nahi izan zuen baina, hitza ukatuta, ez zioten horretarako aukerarik eman. Horregatik, mintzaldia entzuteari uko egin zion eta lo planta nabarmenak egin zituen –lekukoren baten arabera, zurrunga eta guzti–, protesta moduan
Independentziaren aldeko mugimenduan urtetan jardun ondoren, bera izan zen Nigeriaren Independentziaren zeremonian Askatasun Gutuna jaso zuena britainiar ordezkarien eskutik. Eta ez zuen denborarik galdu: handik sei egunera, urriaren 7an Nigeriako bandera jaso zuen NBEn, bere herrialdea erakundearen 99. kide gisa aldarrikatzen. Azaroaren 14an Nigeria UNESCOko 58. kidea izatea lortu zuen. Nazio Batuen Kontziliazio Batzordeko lehen kide afrikarra izateko ere aukeratu zuten, eta, besteak beste, Kongoko independentzia prozesuan bitartekari jardutea ekarri zion horrek. Nelson Mandelari eta Hegoafrikako beste ekintzaile batzuei ezarritako heriotza zigorra bertan behera uzteko negoziazio lanetan ere jardun zuen.
Hori guztia bat dator Time aldizkariak deskribatutako irudi dinamikoarekin, baina ez NBEko saio hartan egin zioten argazkiarekin. Izan ere, Jojo Wachuku ez zegoen lo; itxurak egiten ari zen.
Bilkuran ordezkarietako batek iruzkin arrazista egin omen zuen. Wachukuk iruzkin hark eragin zion atsekabea adierazi nahi izan zuen baina, hitza ukatuta, ez zioten horretarako aukerarik eman. Horregatik, mintzaldia entzuteari uko egin zion eta lo planta nabarmenak egin zituen –lekukoren baten arabera, zurrunga eta guzti–, protesta moduan.