argia.eus
INPRIMATU
Ateratzeak, elkartasunaren zirkua eta alzheimer politikoa
Itziar Moreno Martínez 2024ko abenduaren 11

Zerk harritu zintuen gehien kartzelatik atera zinenean? Galdetu didate maiz azken urte eta erdian.

Bilboko kaleak turista eta bi hankadun txakurrez lepo daudela ikusteak, adibidez? Edo egoera politikoaren aldaketak? Lehenengoak akitu eta amorratu nau, badago zer borrokatzen jarraitu, jakina! Bigarrena, iritziak iritzi, ez da harridurako motibo izan bederen; barruan gaudenean, egoera jarraitu ez ezik, lanean dihardugulako gure herriaren alde.

Jendearen harridurak harritu nau ni. Zeinenak? Esaterako, Aste Nagusiko txosnak muntatzen ari garenean, badira lana galdegiteko hurbiltzen diren gazteak. Lan guztia (aldamioa igo, panelak egin eta margotu, barra txandak bete eta abar luzea) musu-truk egiten dugula jakitean, aho zabalik geratzen dira. Adigaitza suertatzen zaie, omen, diru truke (edo gimnasioan) ez den esfortzu bat egitea. Horrek zurtu nau ni, bolondreski eta bidezko zio bat dugulako egiten dugun auzolana ulertezina suertatzea egungo jendartearen sektore bati.

Bolondreski eta bidezko zio bat dugulako egiten dugun auzolana jendartearen sektore bati ulertezina suertatzeak zurtu nau

Zorionez, ez da gaitz orokortua! Gurean eta atzerrian, badira sobera adibide galant. Kanpoan izan naiz aurreko asteburuan, non eta Sevillako Tatto Circusean; dispertsioaren bidaia luzeak gogoan. Ekitaldi hori ezagutzen ez duenarentzat, argibiderako hitz bi. Europan, han eta hemen ospatzen den jaialdia da, oro har, kartzelaren aurkako mugimendu anarkistak antolatuta. Hiru egunez hitzaldiak, antzezlanak edota musika emanaldiak eskaintzen dira, denean, giro ederrean: irrigarria eta borrokalaria. Bestaren funtsa da presoentzat dirua ateratzea eta, horretarako, doanik lan egiten duten tatuatzaileak ekartzen dituzte. Bai, lana debalde! 72 orduz jo eta su aritzen dira larruaren marrazkilari profesionalak, sukaldariak, sortzaileak, azpiegituralariak eta abarrak. Lortzen den diru guztia kartzelako harresiak botatzen jarraitzeko da. Beste behin ere, nik neuk murru horiek atzean utzi nituenetik, edonongo militante xumeen emate mugagabe eskuzabalak harritu eta hunkitu egiten nau. Asteburuaren ginga, barruko kideen deia jasotzea! Aupa zuek! Jakin ezazue zuek etxera ekartzeko borrokan jarraitzen dugula!

Nire ateratzean harira, amaitzeko, bihurriki maite dudan egoera bat. Sarritan gertatu zait aspaldiko ezagunekin gurutzatu eta “ez zara nirekin gogoratuko...” gisako esaldiak entzutea. Barregarria suertatzen zait erantzutea kartzelan egon naizela, baina ez daukadala alzheimerrik! Noski aspaldiko ezagunekin gogoratzen naizela eta, bide batez esanda, ez dute ere alzheimer politikorik. Borrokara lotu gintuzten zio eta bideak ez ditugula, nehola ere, ahaztu. Kartzelak apurtu!