argia.eus
INPRIMATU
Amore eman, ala ez
Amaia Alvarez Uria 2024ko abenduaren 15

Hetero
Uxue Alberdi
Susa, 2024

----------------------------------------------------

Negazionismoaren, manosferaren eta trollen aroan ezinbestekoa da literaturaren ekarpena, errealitatearen tolesei begira jartzeko tresna paregabea delako: inguruan ditugun zapalkuntza egoerak –sarri, zenbait pribilegioren ondorioz, igartzen ez ditugunak– begien parean jartzen dizkigu. Eta hori da, besteak beste, Uxue Alberdiren azken ipuin bildumak eskaintzen diguna: heteropatriarkatuak egunerokoan naturalizatu dituen zenbait mekanismo agerian jartzea.

Hetero berba grezieratik dator eta bestea, ezberdina eta diferentea esan nahi du. Heterosexual hitzaren laburdura da, baina, desira normatiboarekin batera, identitate ‘normala’ ere auzitan jartzen da; gizon eta emakume izatea zer den eta gizon-emakumeen arteko harremanen dinamikak planteatzen dira angelu ugaritatik (bikotekideak, lehen esperientzia sexu-afektiboak, gurasotasuna eta familia, militantzian, lan munduan, galeran…).

Zortzi ipuinetatik, aitortuko dut, nigan gehien eragin duena hirugarrena izan da. Buruan Pablo Milanesen Amo esta isla kantua izan dut, eta bularraldean zurrunbilo txiki bat eragin dit ipuinak irakurri nuenetik. Ezagunegia egin zait deskribatutako egora eta ipuin honen bidez egindako salaketa publikoak harritu egin nau –eta gustatu–. Zapaldu-zapaltzaileen afera, ostera.   

Jorratutako gaiekin eta ikuspegiekin batera, hizkuntzaren malgutasuna eta bizitasuna, egiturarekin esperimentatzea, eta bizpahiru esalditako girotzeak dira lan honetako indarguneak (euskalkiak, erdarakadak, metaforak, elkarrizketak, atzekoz aurrerakoak, akotazioak, 1990eko hamarkada, haurren mundua, ibilbide luzeko bikote harremanak…).

Idazteak eta irakurtzeak elkar elikatzen dute beti eta horrekin jolastea posible da orriotan. Adibidez, niri, irakurle gisa, lehen ipuina irakurtzean Amelie Nothomb-en Katilinarenak etorri zait burura, eta bi lanak elkarrizketan ipini ditut; edo, Alberdi, idazle gisa, bosgarren ipuinean idazlea den protagonistak bere irakurketa batzuk aletzen ditu, inspirazio iturriak aitortzeko.

Finean, gaira bueltatuta, zer da hetero-amodioa?. “Furia denak batera esnatzen zaizkio eta inguratu egiten dute”, edo zer bestela?. Ala “urrundu egin zen irribarre behartuaren erruz ezpain gaina oraindik hortzoian trabatuta”?. Batzuentzat batzuetan, amore ematea ere bada. Edo ez.