argia.eus
INPRIMATU
No Nerbioi
Xalba Ramirez @xalbaram 2024ko abenduaren 06a

Ciudad de Polvo
Sal del Coche
Humo Internacional, 2022

-----------------------------------------------

Tira, jada bukatu denez Gramsci zitatzeko moda, ekarri dezakegu lerro hauetara oportunismo akusaziorik gabe. Are gehiago Sal del Cochekoek ere hala ekartzen badute: “Badirudi garai zaharrak ez direla hiltzen, badirudi garai berriak ez direla jaiotzen ”. Bitarte horretan, munstroak jaio daitezke, edo Sarrik esaten zuen moduan, itxarongela aspertu bat izango da gure Euskal Herria. Ostiko batekin dator Ciudad de Polvo bonba sonikoa (Humo Internacional, 2024).

“Entzun ezazu musika berria”, eta “irensteko zaila den pilula bat da hau” dira diskoaren hasieran egiten zaizkigun jakinarazpenak, jazz piano baten ostean. Lehergailu atomiko bat da Año 2000 eta, ostean, berriz, lasaitasuna Hernani 3-n. Baxua akordeak egiten, eta saxo jole birtuosoa melodika sinple bat jotzen —tentsioekin, noski, falta zena—.  A zer hirukoa batu dena! Vulketik datozen Jangitz eta Alberto bateria-baxuan, eta jazzetikk datorren Lizardi Ceballos saxoan eta sintetan.

Eta horixe, halako reggae batera goazela, gero sample entsalada batera, ondoren djdj-rekin indarra dator bueltan, eta Ciudad de Polvo-n oihu ta garraxiak, eta Maquina de humo-n Kamaal Williamsen estiloko akordeekin ireki eta kontzertu batean gaudela sentituko dugu BRAVArekin batera abestuz.

Gaietan tematika indartsurik ez dagoen arren, estetika berri bat proposatzen digute. Euskal Herrian The shape of the punk to come-n ildoan egin den lanik antzekoena, akaso? Intentzio aldetik nabil, noski.

New Yorken 1970-1980an sortu zen post-punkaren ildoan No Wave mugimendua. New Wave delakoaren kontrako abangoardia mugimendua izan zen, eta, akaso ildo bakarra garatzea lortu ez zuten arren, etorkizuneko rockaren oinarri asko jarri ziren, No New York bilduman kristalizatu ziren. Muturreraino eraman behar da zarata, ondoren, gauza normal eta salgarriak egiteko.

Sal del Cochek akaso indarra dauka bidea irekitzeko, baina garai berri bat irekitzeko gehiago izan beharko dira kotxera igotzen direnak, komunitaterik gabe ez dagoelako eszenan eragiterik. No Bilbao, No Bizkaia, No Nerbioi? Ez dakit zeren kontra, eta zeren alde, baina ni gurdi honetara igotzeko oso prest: “Dakidana emango nuke, argitasun une batengatik”.