Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han giltzaperatutakoak. Eta zezen-plazakoa ez zen Nafarroako esparru bakarra izan. Carlos Hernández de Miguel kazetariak Los campos de concentración de Franco (Francoren kontzentrazio eremuak) ikerlanean jaso zuenez, beste hiru eraikin erabili zituzten helburu berberarekin: La Merced komentua, Iruñean bertan; Iratxeko monasterioa, Lizarran; eta Tafallako Akademia militarra. Guztira, 8.000 presorentzako tokia zegoen lau esparru horietan. Espainiako Estatuan horrelako ia 300 gune erabili zituzten eta 700.000-1.000.000 herritar sartu zituzten horietan. 1939aren amaieran esparru horiek guztiak pixkanaka ixten joan ziren.
Baina Iruñean halako espazioak frankismo osoan zehar erabili ziren, Nafarroako Oroimen Historikoaren Funtsak aurtengo maiatzean argitaratutako Cartografía e historia de la cautividad bajo el franquismo: Iruñea-Pamplona (1936-1978) txostenaren arabera.
Bigarren Mundu Gerrako potentzia faxisten porrotaren ondorioz, Frankismoak irudi errepresiboa leundu behar zuen. Baina, txostenak dioenez, “1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetan gatazka sozialek gora egin zutenez”, gune berriak erabili zituzten
Aipatutako La Merced komentuaz gain, Eliza Katolikoari lotutako beste hainbat gune erabili zituzten: Eskolapioen, Salesiarren eta Jesusen Urtsulatarren eskolak, Seminario Zaharra… Horiez gain, Falangeak indarrez hartutako etxebizitza pribatuak erabili zituzten, baita hainbat instalazio publiko ere: Ospitale Militarra, Euskal Jai frontoia, San Joan futbol zelaia… eta, jakina, zezen-plaza.
1936ko Gerra amaituta eta, bereziki, 1945etik aurrera, atxilotze eta giltzaperatze praktika horiek behera egin zuten. Bigarren Mundu Gerrako potentzia faxisten porrotaren ondorioz, Frankismoak irudi errepresiboa leundu behar zuen. Baina, txostenak dioenez, “1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetan gatazka sozialek gora egin zutenez”, gune berriak erabili zituzten. “Mobilizazio sozialek, lan esparrukoek eta erregimenaren aurkako agerraldi geroz eta ohikoagoek” eragiten zituzten atxiloketak. 1951n bertan, greba orokorrak atxiloketa andana eragin zuen, eta zezen-plazan 300 atxilotu sartu zituzten. Eta Frankismoaren azken urteetan egoerak okerrera egin zuen, gatazkek gora egin ahala. 1973an, adibidez, greba kopurua 1972an baino bost aldiz handiagoa izan zen.
Gaur egun, Ospitale Militar zaharra, esaterako, Nafarroako Museoaren egoitza da, eta zezen-plazan bestelako torturak egiten jarraitzen dute. Baina horrelako txostenak eta ikerlan berriak zabalduta, oroimen-gune ere bihurtzen dira herritarrentzat.