argia.eus
INPRIMATU
Euskara mailu bat da
Zigor Etxeburua Urbizu @ZEtxeburua 2024ko abenduaren 04a

Neronek esan nezake, baina Macronek esan zuen. Frantses nazioa zatitzeko tresnak omen dira frantsesa estatu hizkuntza bilakatu baino lehenagotik ere exagonoan baziren hizkuntza horiek. Aitortu ordez Frantziak hizkuntza horietako hiztunak azpiratu, uniformizatu eta asimilatu egin zituela, horiei leporatu die kontrakoa egin nahi izatea. Otsoa ardi narruz jantzia, Goebbelsen eran.

Hego Euskal Herrian ere antzera ari zaizkigu CCOO, UGT eta PSOE. Oztopoak jartzeaz gain berezko hizkuntzan hitz egin nahi eta hori lortzeko neurriak hartzen dituenari, haren aurka diskurtso manipulatzaile eta erasotzailea darabilte; ez da neohizkuntzaren mailara iristen, baina apropiazioaren eta supremazismoaren osagarriak ditu.

Batetik, erabat antieuskalduna da. Euskarafoboa idatzi behar nuen, baina zehatzagoa iruditzen zait euskaldunon aurkakoa dela adieraztea. Euskara eskakizunak langile batzuek baztertzeko arma direla adierazi dute, nahita ahantzita hemen baztertu bakarrak bi hizkuntza ofizialak dakizkigun herritarrok garela. Gutxieneko demokratikoa beharko luke euskaraz elkar ulertzea; hizkuntz eskubideen berdintasuna lortzeko, eskaera zilegia eta neurrikoa da euskal herritarron zerbitzura aritu behar duenak, gutxienez, elkar ulertzeko adina euskara jakitea. Gainerakoa españolaren nagusikeria linguistikoa eta euskaldunekiko bazterkeria da. Legez ezarria, gainera.

Nahita ahanzten dute 500dik gora lege, arau eta jarraibide dituztela gaztelania inposatzeko, eta aldi berean oldarraldi judizialik dagoenik ere ukatzen dute

Bestalde, diskurtso klasista da, euskara gutxiengoaren hizkuntzatzat dutelako. Toleratu egiten dute, baina (beraiek erabakitzen dituzten) “behar errealetara” egokitu behar dela diote. Euskaraz bizi nahi dugunoi oztopoak jartzen dizkigute beren ezjakintasunari eta pribilegioei eusteko. Herritar xumeak behartuta daude española jakitera, baina VIP kastakoek, herrikideei ulertu gabe, haiengan agintzeko pribilegioa dute. Legez, inposatuta; ez gomendio, ez erregu.

Eta, azkenik, diskurtso españolista da. Beraientzat normala da euskaldunok legez behartuta egotea gaztelania ezagutzera, Espainiako Konstituzioak horrela ezartzen duelako. Beren itsukeria rojigualdaren erakusle da nahita ahanztea 500dik gora lege, arau eta jarraibide, eta estatuaren errepresio tresnak dituztela gaztelania inposatzeko, eta, batera, ukatzea oldarraldi judizialik dagoenik.

Horien guztien aurrean jarrai dezagun euskaraz, eta euskaldunak ugaritzen, bi nazio zapaltzaile horiek zatitu eta gurea askatu arte.