Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako esparrutan lan egiten dute batez ere: eskubide digitalen babesa (informaziora sarrera, pribatutasuna, adierazpen askatasuna), eta bortizkeria digitalen aurkako borroka. Bide horretan, subiranotasun digitalaren beharra ulertu eta software librean aurkitu dute mundu ikuskera hori sustatzeko eredu teknologikoa.
Aurtengo Durangoko Azokako leloa entzun nuen lehen momentutik, “hartzea ematea da”, software librearen iruditegi guztia etorri zitzaidan burura. Software librearen mundu ikuskerak berdin funtzionatzen baitu: hartzen duzuna partekatuz, denontzako ezagutza handitzea lortzen da eta ezagutza jario hori biderkatzen doa, dugun digitalizazio eredu zapaltzailea ordezkatzeko alternatibak sortuz.
Eragite horretan, mastodon.eus sareak aurten sei urte bete ditu. Bertan, euskal eremu digitala berrasmatzen dabiltzan eragile ugari aurkitzen dira, bizitza modu ezberdin ugaritan bizi daitekeen gisan, eremu digitala modu ugaritan ere ulertu daitekeela erakusten dabiltzanak. Ez dute azpiegitura handirik, eta askok eremu digitalean egiten duten lana lanalditik kanpo egiten dute. Txoko honetatik, nire esker ona eman nahi diet, egiten ari diren lan onagatik. Euretako batzuk, zeren asko dira, ezagutu nahi badituzu, Durangoko Azokako Kabi@ Digitaleko aurtengo programan parte hartzera gonbidatzen zaitut.